Loreto Mauleon. Aktorea

«Lanbide hau poliki-poliki eta pausoz pauso egiteko da»

Mauleon bahiketei aurre egiteko lantalde pribatu bateko drone aditua da 'Express' telesailean. Starzplay ordainpeko plataformak igandean estreinatuko du Euskal Herrian.

VICTOR LERENA / EFE.
urtzi urkizu
2022ko urtarrilaren 14a
00:00
Entzun
Loreto Mauleon donostiarrak (Burgos, Espainia, 1988) hamar urte daramatza Madrilen. Iaz, Platino eta Feroz sariak jaso zituen, Patria telesailean egindako lanagatik. Una historia de amor antzezlanean ari da, eta hilaren bukaeran ekingo dio berriz.

Bahiketak konpontzeko talde baten kidea zara Express telesailean. Pozik zaude Dulce pertsonaiarekin?

Desberdina da orain arte egin ditudan lanen aldean. Egokitzen zaigun pertsonaia bakoitza desberdina da aurrekoarekin alderatuta. Interesgarria iruditu zait pertsonaia hori jokatzea.

Maggie Civantosek jokatzen du rol protagonista. Kiti Manver beteranoa ere taldean da. Zer moduz haiekin?

Oso talde polita sortu zen. Civantosen pertsonaiak darama pisua, haren inguruan gertatzen da dena. Denbora asko pasatu genuen setean elkarrekin, eta Kiti Manver ere handik gertu zegoen.

Euskal Herrian, Espainian, Frantzian, Italian eta Latinoamerikan estreinatuko da telesaila igandean. Baditu osagaiak herrialde gehiagotara iristeko?

Bai, osagai guztiak ditu ondo funtzionatzeko. Dinamikoa da, eta sentimenduei ere ondo heltzen die. Irudi indartsuak ditu, gainera. Herrialde gehiagotara iristen baldin bada, are hobeto. Plataformek hori eskaintzen dute, baina aipatu dituzun herrialde horiek ez dira gutxi.

Gizartean dena bizkor edo dena express izate horri ere egiten dio erreferentzia telesailak.

Nahiz eta pandemiarekin hasieran iruditu zitzaigun gauzak gelditu egin zirela, mundua ez da gelditzen. Gauzek bizkor gertatzen jarraitzen dute, denak aurrera egiten du abiadura oso bizkorrean. Alde horretatik, Express telesailak pentsarazi egiten digu: zer bizitza daramagun, zer erritmotan gabiltzan eta nola pasatzen garen arazo askoren gainetik korronteak eramango bagintu bezala.

Trametan badago makina bat gizarte gai, ezta?

Gai nagusia bahiketak izan arren, beste gai asko ukitzen dira, ikus-entzuleengandik gertuago egon daitezkeenak: bikote harremanak, psikologoak, nerabeak...

Express Starzplay plataformak Madrilen ekoitzi duen lehen telesaila da. Madrilen hautaproba asko al daude azkenaldian plataformen ekoizpenen ugaritzearen eraginez?

Denetarik dago. Casting zuzendari asko daude hirian, eta plataformetarako zein telebista kateetarako hautaprobak antolatzen dituzte. Esango nuke konfinamenduarekin telebista eta zinema asko kontsumitu dela, eta publikoak asko eskatzen duela. Ohitu gara eduki asko estreinatzera. Aktoreontzat ona da ekoizpen asko egiten ari direlako, baina, hala ere, ez da erraza beti lana lortzea: zaila izaten jarraitzen du. Ni pribilegiatua sentitzen naiz lanean ari naizelako.

Irutxuloko Hitza-n esan zenuen aurreiritziak bazter batean utzi behar direla pertsonaia bat interpretatzerako orduan. Funtsezkoa da hori?

Niretzat, bai. Pertsonaia bat iristen zaizu, eta askotan ez du inolako antzik zurekin, ez zara harengan islatua ikusten. Pertsonaia ulertzen saiatu behar zara, hori da lan egiteko nire modua.

Ba al zenekien zerbait droneei buruz?

Ez nuen ideiarik ere. Informazioa bilatzen aritu nintzen, bideoak ikusten jakiteko droneak zertarako erabiltzen diren. Drone bat pilotatzeko aukera ere izan nuen, Madrilen kanpoaldean. Telesailean editaia dago, baina jakin nahi nuen benetan nola erabiltzen den drone bat. Beti ikasten da zerbait.

Patria telesaileko lanagatik jasotako sariek ate asko zabaldu al dizkizute?

Sariak beti dira aitortza bat. Ikusgarritasunak ateak zabal ditzake, eta hautaproba batzuetara errazago irits naiteke. Baina lanbide hau poliki-poliki eta pausoz pauso egiteko da. Ez dut aldaketa izugarririk nabaritu. Oinak lurrean ditudanetakoa naiz, gauza onak zein txarrak erlatibizatu ohi ditut.

Zer sentitu duzu jakitean Zurriolako antzerki eskolak Donostiako Hiritar Merezimenduaren domina jasoko duela?

Asko poztu nau. Urte askoan aritu nintzen bertan; oroitzapen ederrak ditut. Zurriolako ikastolan gaitzat daukate antzerkia, eta oso beharrezkoa da haurrentzat.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.