Pantxika Maitia. Kanaldudeko kazetaria

«Herritarrek egunero bizi dituzten gaiei heltzen diegu»

Kanaldudeko 'Hurbiletik' erreportaje saioak jaso du Rikardo Arregi kazetaritza saria. Maitia da programaren zuzendaria. Nabarmendu du saria ez dela berea, lantalde zabal batena baizik.

urtzi urkizu
2019ko azaroaren 30a
00:00
Entzun
Nafarroa Behereko Aldudarrak Bideo kooperatiban laguntzaile gisa 1997an hasi zen Pantxika Maitia (Landibarre, Nafarroa Beherea, 1964), hastapenetan. 2010. urtetik da Kanaldudeko langilea.

Zer sentimendu izan zenituen ostegunean sarituak zinetela jakin zenuenean?

Ezusteko handia, emozioa eta harrotasuna. Deitu gintuzten esanez egun berean jakingo zela irabazlea, baina guretzat finalisten artean egotea sari nahikoa zen. Kazetaritza beste molde batez egiten dugu guk, eta onarpen bat izan zen finalisten artean izatea. Sariak indar ikaragarria ematen digu gure egunerokoan segitzeko.

Zer esan dizute lankideek?

Nabarmendu nahi dut hau ez dela Pantxika Maitiaren saria. Hurbiletik saioan murgildua naiz, baina talde lana da. Kanalduden ohituak gaude lankideen artean eta laguntzaileekin lan egiten. Beraz, ni agertzen naiz, baina adierazi nahi dut Kanalduderen 25 urteetako lana saritu dela.

Komunikazioko saria Ttap aldizkariak jaso du. Ezagutzen duzu?

Bai, iaz Durangon egin genuen saio batean izan nuen haien berri. Andoaingo ekitaldian jabetu ginen Hegoaldeko askok ez zutela Kanalduderen berri. Espero dut egunotan askoz jende gehiago ibiliko dela gure webgunean egiten duguna ikusten.

Hurbiletik saioan askotariko gaiak lantzen dituzue erreportajeetan. Zein da abiapuntua gai bati heltzeko?

Saioan, jendarteko edozein gai sartzen dugu. Herritarrek egunero bizi dituzten gaiei heltzen diegu. Azken hiru asteetako gaiak hauek dira: aste honetan, Bankako [Nafarroa Beherea] herriko eskolari Marijane Minaberri izena jarri diotela jaso dugu. Aurreko astean, Ainarak webdoka aurkeztu behar zuten Izaban [Nafarroa], eta bertan izan nintzen. Aste bat lehenago, Armendaritzeko [Nafarroa Beherea] Elgarrekin antzerki taldeari buruzko erreportajea egin genuen. Azken kasu horretan, bi laguntzaile joan ziren elkarrizketak egitera, eta gero guk egin genuen edizioa.

Kasu batzuetan erreportajeak luzeagoak dira, eta besteetan askoz laburragoak. Zergatik?

Gaiaren arabera. Askatasun osoa daukagu denbora bat edo bestea emateko. Berdin zaigu saio batek hiru minutu irautea, eta besteak, hamabi.

Edonola ere, albistegi bateko bideoetan baino gehiago sakontzen duzue beti gaietan.

Bai, gehiago dira dokumental txikiak. Egunerokoan ez ditugu albistegiak egiten; gure edukiak ez dira unean unekoak, baina bizi bat izan dezakete gerora sarean. Gurekin batera gaia lantzen dituztenek garrantzia ematen diote erreportajeari, eta haiek ere zabaltzen dute. Nahiago dute eduki sakonago bat izan baina geroago, berehalako minutu bateko bideo bat egitea baino.

Kanalduderen eduki batzuk zabaltzen dira Hego Euskal Herriko tokiko kateetan. Sariari esker, Hurbiletik kate horietan emango dutela iruditzen zaizu?

Astero ordubeteko bilduma bat egiten dugu, eta hori Hamaikak eta Xaloa telebistak ematen dute, baita Goienak tarteka ere. Ondo legoke Hurbiletik zabaltzea, noski. Guretzat garrantzitsua da Hegoaldearekin dugun harremana.

Nolako pausoa izan zen 2017an Frantziako Ikus-entzunezko Kontseiluak telebista kate izateko titulua ematea?

Frantziako lurraldeko ikus-entzunezko erakunde gorenak Kanaldude telebista gisa onartzeak esan nahi du onartu dutela Frantzian lehen euskarazko telebista. Horrek alimaleko pausoa eman digu. Eman digu segurtasun bat, eta ireki dizkigu ateak Akitania Berriarekin hitzarmen bat ixteko. Ahalak eman dizkigu. Eta lantaldea ere handitu egin dugu.

Nahiz eta Kanaldude Nafarroa Behereko kate bat izan, Euskal Herri osora begira dagoen zerbitzua al da zuena?

Bai, dudarik gabe. Gure ekoizpen batzuk Hego Euskal Herrian ere egiten ditugu. Zuzenean zure esku saioa ez da itzuli, baina magazin berri bat prestatzen ari gara urtarrilerako. Bertan, Hegoaldean egindako erreportaje batzuk tartekatuko ditugu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.