Juan Señor. Innovation Media, Consulting enpresako presidentea

«Paperak etorkizun ona izango du asteburuetan»

Munduko egunkari askoren aholkulari da Señor. Haren ustez, kobratu egin behar da kazetaritzagatik. Esan du papera «hilezkorra» dela: «Zubi bat da etorkizunerantz».

JON URBE / @FOKU.
urtzi urkizu
Andoain
2021eko ekainaren 12a
00:00
Entzun
Zenbait gatazka armatutan berriemaile lanetan aritu zen Juan Señor (Bartzelona, 1967). Azkenurteetan, munduko egunkari eta hedabide garrantzitsuenen aholkulari lanetan ari da. BERRIAn izan da aste honetan, Andoaingo erredakzioan (Gipuzkoa).

Esaldi hau esan izan duzu: «Soilik kazetaritzak salbatuko du kazetaritza». Baliagarria da gaur egunerako?

Bai, erabat. Kazetaritza Interneten dohainik eskaintzen hasi zen, fenomenoak 25 urte iraun ditu, eta kontzeptua izan da audientzia eta bolumen handia sortu behar direla. Audientzia bazenuen, diru sarrerak iritsiko zirela pentsatzen zen, baina ez dira iritsi. Facebook, Google eta Twitterrentzat iritsi dira diru sarrerak, baina ez egunkarientzat. Herrialde gehienetan, auzi pertsonalen ostean gehien zabaltzen dena Facebooken albisteak dira. Pastela kendu diete egunkariei. Doakoa oso-oso garesti atera zaigu. Herrialde bakoitzean soilik marka bat edo bi bizi daitezke publizitateaz. Gainerakoek kobratu egin behar dute kazetaritzagatik, eta hortik sarreren %40 iritsi behar da, gutxienez.

Ordainpeko hesia al da salbaziorako modu bakarra?

Ez. Eredu asko daude. The Guardian-ek, adibidez, ez du kobratzen albisteak irakurtzeagatik, baina irakurleei eskatzen die diruz laguntzeko, kazetaritza egin ahal izateko. Irakurleei esan ahal zaie dirua behar dela kazetaritza eskaintzen jarraitzeko. Zenbait ordainpeko eduki jar daitezke: The New York Times-en webgunean, ordainpekoak dira denbora-pasak, gastronomiaren atala eta aldizkariak. Eta pagatzen dira.

Pandemiak bizkortu egin du prozesua: paperezko salmentek behera egin dute, eta Interneteko irakurleak, ugaritu. Zer eragin izaten ari da kazetaritza enpresetan?

Sekulako eragina. Zenbait joera hamarkada batean gertatuko zirela uste genuen, eta bost hilabetean gertatu dira. Paperetik digitalerako trantsizioa da horietako bat. Modu erlijiosoan paperezko egunkaria irakurtzen zuten adineko herritar askok produktu digitala probatu dute lehen aldiz, gustatu zaie, ez dagoela gaizki ikusi dute. Horietako askorentzat zaila izango da paperezko kontsumoaren ohiturara itzultzea. Hala ere, guk uste dugu papera hilezkorra dela.

Paperak jarraitu egingo du orduan?

Bai. Plataforma teknologiko batzuk desagertu dira: telexa, faxa... Baina papera zubi bat da etorkizunerantz. Mantendu egin behar da, nahiz eta lehentasuna ez izan. Paperak etorkizun on, egonkor eta interesgarria izango du asteburuetan. The Financial Times-ek asteburuko paperezko eskaintzarekin diru gehiago irabazten du orain, astegunetako eskaintzarekin inoiz irabazi duena baino. The New York Times-ek ere sekulako eskaintza egiten du paperean asteburuetan.

Kazetaritza generoak aldatu egingo al dira ordainpeko eskaintzan?

Azken orduko albisteetan ez dago negoziorik, edonork egin dezake. Egunkariek bat-bateko analisiak eskaini behar dituzte, iragarpeneko kazetaritza eta iritzi informatuak. Breaking views formatua ere oso interesgarria da hartzaileentzat: esadazu horrek zer esan nahi duen, gertatu dena esan beharrean.

Brasilen egunkari batzuen bisiten ehunekorik handiena Facebooketik zetorren. Pandemian aldatu egin da hori. Zergatik?

Jendea konturatu da Facebook toxikoa dela. Gezur asko zabaltzen ditu, egiaztatu gabeko albisteak. Pandemiaren hasieran argi geratu zen hori. Jendea konturatu da gezur horiek irentsi dituela. Eta pandemia gaizki kudeatu duten herrialdeetan, Brasilen esate baterako, herritarren joera aldatu da, eta orain zuzenean doaz hedabideen webgunera. Facebookeko gezurrei buelta ematea ere garrantzitsua da kazetaritzan.

Euskara bezalako hizkuntza gutxituetan, zein da hedabideen etorkizuna?

Audientzia horien jabe egitea. 635.000 euskaldun daudela ikusi dugu, baina horietako askok ez dute euskaraz irakurtzen. Edukiak entzun ditzakete, ordea. Trikimailu psikologiko batek dio hizkuntza gutxitu batean ezin dela urrutira jo. Baina zergatik ez? Kontua ez da jende asko egotea, baizik eta hiztun horiek oso fidelak izatea eta hedabideak harreman intimoa izatea haiekin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.