Nagore Aranburu. Aktorea

«Generoak aukera ematen du jolas gehiago egiteko»

Harrera beroa izan dute ETBko 'Hondar ahoak' telesailaren lehen bi atalek. Aranburuk esan du aurrekontu txikia duela: «Egiten jarraitu nahi bada, ikusi behar da zer baldintza behar diren».

JON URBE / @FOKU.
urtzi urkizu
Donostia
2020ko azaroaren 14a
00:00
Entzun
Competencia oficial umorezko filmean parte hartu du aurten Nagore Aranburuk (Azpeitia, Gipuzkoa, 1976), zinema barneko istorio batean. Hondar ahoak-en, rol protagonista du.

Nerea Garcia ertzaina zara Hondar ahoak telesailean. Zer sorrarazi zizun pertsonaiak gidoia irakurri zenuenean?

Gorpuzteko gogoa. Halako pertsonaia bat iristen zaizunean, gidoitik hainbeste ñabardurekin... tramez gainera, pertsonaiek hainbeste geruza dituztenean, barne eta kanpoko gatazkekin, iruditu zitzaidan sekulako aukera izan nezakeela lana egiteko.

Nolakoa izan da genero beltzean edo Koldo Almandoz zuzendariak izendatutako Basque noir-ean murgiltzea?

Genero horrek aukeraematen dujolas gehiago egiteko. Zenbaitetan pasatu egiten bazara ere, lengoaia desberdina da. Egon daitezke esaldi batzuk generoak berak markatzen dituenak, ez hain naturalak, baina aktore gisa sentitu nuen benetan ari ginela jolasten. Horregatik komentatu dugu oso ondo pasatu dugula. Nire pertsonaia ikertzailea da, eta galderekin hitz egiten du. Zailtasuna zen hori errepikakorra ez egitea.

Nerea ez da lagun bila joaten diren pertsona abegikor horietako bat.

Ez, ez, gidoitik oso markatuta zegoen hori. Ikertzaile lanean oso ona den emakume bat da. Giza harremanetan arazoak edo bere eramateko moduak ditu. Eta ez da besteak zer pentsatuko duten horretan gelditzen direnetakoa.

Hala ere, komunikazio berezia du Senegalgo jatorria duen arrantzale batekin.

Genero honetan tramek aurrera egiteko, bestelakoak behar dira, eta Almandozek sartu duen hori asko gustatzen zait. Haien inkomunikazio horretan [hizkuntza desberdinetan ari dira biak], Nerea komunikatzen den pertsonaia bakarra da. Grabaketetan, zaila egiten zitzaidan irribarre ez egitea. Lasaitasun sentipen handia sorrarazten zidan hark.

Zenbait telesail zalek aipatu dute antzekotasunak daudela Eneko Sagardoiren eta zure pertsonaiaren eta Eskandinaviako telesail batzuetakoen artean. Ikusi al dituzu halako telesailak?

Ez, eta ez nago batere jakitun telesailen azken joerez. Inguruko jendeak telesail askoren izenak eman zizkidan, baina ez dut bat bera ere ikusi. Eta lantaldean ere ez dute telesail bat hartu eta hortik tira egin. Gero, batek esaten didanean Hondar ahoak-ek beste telesail bat gogorarazi diola, loretzat hartzen dut; ba, ze ondo.

Nola joan ziren abuztuko grabaketak, Ondarroan (Bizkaia)?

Ondarroa zen gure platoa, eta herria beste pertsonaia bat da. Oso intentsoa izan zen, lau aste jo eta su. Lantaldeko zenbait lagunek herrian bertan egiten genuen lo. Egun osoan han izateak plus bat ematen dizu. Bero ikaragarria pasatu genuen: oroitzen dut komisarian makina bat sekuentzia jarraian grabatzean izerdia kentzeko gelditu behar genuela. Laneko tentsioa genuen, planak oso estuak zirelako, baina disfrutatu izana ere oroitzen dut.

Almandozek aipatu du 22 egunean 200 minutuko fikzio bat grabatu zenutela, eta Patria telesailaren atal baten erdia kostatzen denarekin zuek lau atal egin dituzuela.

Bai, Hondar ahoak oso aurrekontu txikiarekin egina dago. Baina jendeak ez du hori hartu behar kontuan. Ez bagara iristen, eta telesaila ez bada biribila, hausnarketa egon behar du, eta ondorioak ikusi. Kontua da egin dela telesaila, eta aurrerapausoak ematen ari direla. Eta egiten jarraitu nahi baldin bada, ikusi behar da zer baldintza behar diren.

Oraingoz, oso kritika onak ari da izaten sare sozialetan. Zer iritzi iritsi zaizkizu?

Ni ez naiz sare horietan ibiltzen, ez naiz iritziak eman zalea. Komentario onak jaso ditut ingurutik. Gehienbat gustatu zait lantaldea goraipatzen dutela, baita Txintxua ekoizpen etxea ere. Poz handia hartzen dut, haien apustua handia izan delako.

Senegalgo jatorria duten antzezleak ez dira profesionalak. Baina oso natural daude, ezta?

Bai. Ezusteko ona hartu genuen haiekin. Ez da batere erraza testua ondo esatea markan zauden bitartean, kamera ondo-ondoan duzula. Omar Diopen pertsonaiak pisu handia du, eta oso ondo dago sekuentzia askotan.

Uste duzu telesailak atzerrira bidaiatu dezakeela?

Ez dakit, zergatik ez. Badut gogoa jakiteko ea kanpokoek zer dioten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.