Beroak hiria urtzen duenean

Alerta laranja ezarri dute Euskal Herriko zenbait hiritan. Gasteizen bero egin du goizean, eta ekaitza sartu da arratsaldean. Jendeak ahal duena egin du beroari aurre egiteko.

Bero handia egin zuen atzo Euskal Herri osoan. Irudian, gazte batzuk izozkia jaten, Gasteizen. RAUL BOGAJO / FOKU.
jone arruabarrena
Gasteiz
2020ko uztailaren 31
00:00
Entzun
Gorbeiako artzainak uda hasieran iragarri zuen hurrengo hilabeteak nahasiak izango zirela; ekaitzak, tenperatura baxuak eta eguraldi aldaketak; uda girorik ez, beraz. Gorbeiatik ez dago, ordea, Gasteizera ikuspegi handirik, eta termometroak 36 graduak markatu zituen atzo. Euskal Herri osora hedatu zen beroa.

Sentitu ez ezik, usaindu ere egin daiteke asfaltoaren beroa Arabako hiriburuan, gorputza azkar izerditzen den bitartean. Plazako terrazak itzaletan geratzen dira, eta eguzkitan daudenen gainean eguzkitakoak zabaldu dituzte jada. Alaitz Tresserras terraza horietako batean dago 11:30ean, lasai eserita, itzaletan kafea hartzen. Bero itogarririk ez duela sumatzen dio: «Oraindik ez gara sartu eguerdiko orduetan; beraz, oraingoz ondo egoten da hemen, itzaletan». Denek ez daukate zorte bera, ordea; gizon bat Andre Maria Zuriaren plaza ondoko erakusleiho bat garbitzen dabil. Beira urtzen dabilela dirudi, xaboiaz nahastutako tantak kristalean behera labaintzen direla. Gizona ere, antzeko samar; izerdi patsetan, kamiseta jada bustita lepoaldean.

Florida parkean ere lanean dabiltza; 200 urte bete ditu parkeak, eta ekitaldi bat prestatu dute. Ekitaldiko langileak, ordea, parkeko arbolen itzalaren bila dabiltza etengabe. Roberto Larreina da langile horietako bat, eta kanpoaldeko lanak egiten dabil. Bero honekin «oso txarto» pasatzen duela dio. Berdez janzten dute arbolek parkea, eta kolore biziz zipriztintzen dute lorategietan loretan dauden landareek. Txoriak ere arbola artean sartu dira, berotik ihesi.

Herritar batzuek aisialdiaz gozatzen dute Floridan, bertako arbolek eskaintzen duten freskotasuna aprobetxatuz. Freskatzeko beste modu bat izozkiak dira, eta ikusi daitezke bat edo beste parkean; Breda izozkitegia parketik hurbil dago. Hala ere, gehiegizko beroarekin, askok ez dute izozkia jateko gogorik izaten, izozki dendaren jabe Ramon Bredaren hitzetan: «Beroa bi ahoko ezpata da; 24-26 gradu egonez gero, gehiago saltzen dugu, baina gehiegizko bero honekin salmenta pausatuagoa da». Florida parkera pasieran etortzen dira gasteiztar gehienak, txakurrek uhaletik tiratzen dietelarik. Nadia Rodriguez, ordea, orgatxoa bultzatu beharrean da, umeekin etorri baita parkera goiza freskatzeko asmoz: «Umeekin, bero hau akigarria da. Egin daitekeen onena hondartzara edo urtegietara joatea da; eta, bestela, igerilekura».

Rodriguezek bezala, beste askok ere igerilekura jotzen dute freskotasun bila. Lourdes Lopez de Munainek, adibidez, sarritan egiten du osteratxoa Mendizorrotzeko igerilekuetatik. Hori bai, tarte batez igeri egin eta gero kanpora ateratzen da. Batzuetan, gehienez ere, ordu erdiz egoten da eguzki izpiek «gorputza lehortu» diezaioten zain, «ordu erdi, ez gehiago». Bada, ordea, eguzkia baino itogarriagoa den zerbait azkenaldian. Koronabirusak sortutako krisia dela eta, maskara derrigorrezkoa da orain, eta hori udako tenperaturei gehitzen bazaie, aire falta eragin dezake. «Bero honekin, batzuetan pixka bat laxatzeko beharra izaten dut, arnasa hartu ahal izateko», dio Lopez de Munainek.

Gazteak ere igerilekura joan ohi dira beroari aurre egiteko; hiru-lau kuadrilla daude sartzeko zain. Goizeko orduotan ez dabil jende askorik, baina lepo betetzea espero da arratsalderako. «Horrelako beroa dagoen egunetan, barrukoa bete egiten da, eta kanpoan ere itzelezko ilarak sortzen dira; ehun bat pertsona egon daitezke barrura sartzeko itxaroten», dio igerilekuko langile Marcelo Perutxenak.

Arratsaldean Mendizorrotzeko igerilekuetara sartzeko ilara egin dutenek, ordea, ez dute igeri egiteko aukera askorik izan. Bazkalosteko orduetan ekaitza sartu da Gasteizen; haizea bero, baina zakar. Badirudi Gorbeiako artzainak begi zorrotza daukala.

Alerta laranja aktibatuta egon da, eta 40 graduko langa erraz gainditu da Euskal Herri osoan. Gasteizen, arratsalderako aurreikuspenekin ez dute asmatu, ordea, ekaitza sartu baita, beroak bere horretan jarraitu arren.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.