Sanprudentzioak Lazkaon

Mende erdiz, oinak arin

50 urte beteko ditu aurten Lazkaoko Oin Arin dantza taldeak. Hori ospatzeko, hainbat jarduera egingo dituzte urte osoan, eta San Prudentzio festetan ere parte hartuko dute taldeko dantzariek: soka dantza, erromeria eta beste egingo dituzte. Gaur hasi eta maiatzaren 1era bitartean ospatuko dituzte herriko jaiak.

Oin Arin dantza taldeak joan den larunbatean Lazkaon egindako urteko ekitaldiko irudi bat. OIN ARIN.
Ihintza Elustondo
Donostia
2016ko apirilaren 22a
00:00
Entzun
Garrantzitsua da herriko festetan dantza sartzea. Bai dantza, bai musika, bai bertsoak... Hemengo kultura da, eta bultzatu egin behar da. Denon artean herriarentzako gauzak antola ditzakegu, eta herrian bertan zer daukagun erakutsi. Ez dago urrutira joan beharrik herrian zer egiten den ikusteko». Sara Sanchez Lazkaoko Oin Arin dantza taldeko dantzari ohi eta batzarkidearen hitzak dira. Aurten, 50 urte beteko ditu taldeak, eta, hori ospatzeko, urte osorako egitaraua prestatu dute. San Prudentzio festetan ere parte hartuko dute dantzariek.

Festa luzeak dituzte aurretik lazkaotarrek. Gaur hasi, eta maiatzaren 1era bitartean izango dira, eta, tarte horretan, hainbat jarduera prestatu ditu Oin Arin dantza taldeak. San Prudentzio egunean, apirilaren 28an, goizeko prozesioan parte hartuko dute, eta, 13:00ean, soka dantza egingo dute txistulariekin eta udal ordezkariekin. Arratsaldean, berriz, 18:30ean, triki dantza egingo dute. «Ordubeteko saioa da, eta nahi duenak parte har dezake, gure dantzariekin batera. Euskal musika, erromeria, plazako dantzak eta beste egingo dituzte», azaldu du Sanchezek. Maiatzaren 1ean, Dantza Suelto Txapelketaren 36. aldia egingo dute, eta, maiatzaren 8an, Lazkaomendiko festetan, erromeria Lazkao Txiki musika eskolako trikitilariekin.

Urte berezia dute aurtengoa, eta Sanchezek uste du funtsezkoa dela behar bezala ospatzea mende erdiko ibilbidea. «Ni dantzari ohia naiz, eta hau ospatzea oso garrantzitsua da niretzat. Dantza taldeak 50 urte hauetan gorabeherak izan ditu: orain dela 30-35 urte, dantzariak egon arren, agian, maisurik gabe gelditzen ginen; bat-batean desagertu egiten zen taldea, eta gero berriro sortu. Eta, orain, 50 urte iraun duela ospatzea oso garrantzitsua da».

Urteko ekitaldia

Umeen taldea eta helduena ditu Oin Arin konpainiak. 5 urtetik 14-15 urtera arteko dantzariak daude haurren taldean; orotara, ia berrehun lagun dira, eta gehienak Lazkaokoak diren arren, badira Ataungo eta Olaberriko kideak ere. Talde handia da, baina mutilen falta dute: «Lehen, mutil pila bat ibiltzen zen, eta, orain, faltan gaude. Futbolak indar gehiago dauka. Lehen, mutilek pilotan jokatu eta dantza egiten zuten, eta utzi beharra izaten zuten soldaduskara joaten zirenean. Baina gaur egun mutilen talde indartsu bat izatea oso-oso zaila da. Orain eusten ari gara». Helduen taldea, berriz, txikiagoa da: hamalau lagun ingurukoa. Sanchez bietan ibilia da, eta pozik dago taldeak izan duen garapenarekin. «Zorionez, oso harro esan dezakegu sekulako dantza taldea daukagula».

San Prudentzio jaietako jarduerez gain, bestelako ekintzak ere prestatu dituzte. Besteak beste, joan den larunbatean egin zuten Oin Arin dantza taldearen urteko ekitaldia. Urtero gai baten inguruan istorio bat asmatzen dute, eta aurten 50. urteurrenaren ingurukoa izan da. Ekitaldian, dantzariek ez ezik, hainbat musikarik ere parte hartu zuten: herriko koruak, musika eskolak, Ataungo txalapartariek, txistulariek... Sanchezek azaldu duenez, gustura gelditu ziren emaitzarekin. «Larunbateko erantzuna ikaragarria izan zen. Jende pila bat etorri zen, eta jende gehiena oso gustura gelditu zen. Oso-oso polita izan zen».

Gainera, «festa erraldoi bat» egin nahi dute irail edo urri aldera. «Dantzan jarri nahi dugu Oin Arin dantza taldetik 50 urte hauetan pasatu den jende guztia».5 urte dituzten haurretatik hasi, eta 70etik gora dituztenak ere bildu nahi dituzte. «Entseguak egingo dituzte taldeka antolatuta. Batzuek dantza batzuk ikasi edo berrikasi egin beharko dituzte». Dantzari ohiak boluntario moduan ari dira festa hori antolatzen, «emozio handiarekin», Sanchezen arabera.

Urtean zehar, bestelako jarduerak ere egingo dituzte: jantzien erakusketak, argazki erakusketak, hitzaldiak...
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.