Noiz sortua: 2020-02-14 00:30:00

Josetxo Lizartza. Kazetaria

«Kaleratzean eman zizkidaten arrazoiak okerrak dira»

Bainet taldeak kaleratze gutuna eman zion Lizartzari urtarrilean, eta kazetariak auzitara eraman du ekoiztetxea. «Haserre» dago gertatu denarekin, «baina lanerako gogoz».
JUAN CARLOS RUIZ / FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Urtzi Urkizu -

2020ko otsailak 14

Herri Irratian gaztetan hasi zenetik, makina bat hedabiderentzat egin du lan Josetxo Lizartzak (Leitza, Nafarroa, 1956).

Urtarrilean BERRIAn esan zenuen «bat-batekoa» eta «ustekabekoa» izan zela Bainet taldearekin lan harremana bukatu izana. Zer gertatu da, zehatz-mehatz?

Pentsatu dutela ni gabe jarrai dezaketela. Niretzat mingarria izan da, Bainetekin inplikazio handia izan dut azken 27 urte hauetan.

Urtarrilaren 4ko pilota jaialdira ez joateko esan zizuten, ezta?

Bai, urtarrilaren 4an normal lan egin behar nuen. Egunkari batzuetan ere azaldu zen iragarkia nik egingo nuela emankizuna, Labrit pilotalekutik. Baina 3an, dei bat jaso nuen, eta gero mezu elektroniko bat, esanez ez agertzeko eta 7an Bilboko egoitzara joateko. Han eman zidaten kaleratze gutuna. Arrazoiak eman zizkidaten han, nire ustez okerrak, eta horren aurka egin nahian nabil orain. Enpresak esaten zuen ETBk bere narratzaileak jarri nahi zituela, baina hori gezurra da. ETBn pozik zeuden nire lanarekin, hori esana zidaten lehendik. Kaleratzea ezustekoa izan da, eta itsusia.

Zer sentimendu sorrarazten dizu horrela bukatu izanak?

Minduta nago, haserre. Baina horrek ez du ezkutatzen 26 urte hauek gustukoak izan direla. Baineteko nire lana ez da soilik larunbateko emankizunena izan; gauza asko egin ditut komunikazio arloan, publizitate sailekoekin, txapelketak diseinatzen, baita araudi alorrean ere, eta hainbat saiotan ekoizlea izan naiz. Ez naiz damutzen inplikazioarekin. Baina oso Baineteko aurpegia izan naiz, eta horrek beste ate batzuk itxiko zizkidan.

Lehendik beste nonbaitetik kaleratu al zaituzte?

Soilik Aranzazutik, asko haserretu nintzen. Oraingo kaleratzea ere oso bidegabea iruditzen zait. Ez dakit noiz izango dugun epaiketa. Nire abokatuen kontua da.

Zer egiteko asmoa duzu orain?

Edozer gauza. Lanerako nago. Egia da Asegarcek, lehen, eta Bainetek, gero, etsaiak sortu izan dituela; Vocento taldea eta EITB ez ditugu oso lagun izan urte hauetan. Lan asko egingo nituzke, eta ez derrigor kirol arlokoak. Beharbada, Bainetetik deitu egin beharko naute itzultzeko eskatuz.

Pilotako emankizunez zer balantze egiten duzu?

Balantze ona. Eman diogu pilota emanaldiei nahi genuen kolorea, gauza asko aldatu dira. Aldendu egin gara emankizun etnografikoetatik eta kirol moderno eta gazte batera hurbildu dugu ikuslea. Dena den, esango nuke duela bost urte emankizun hobeak egiten genituela gaur egun baino. Konpetentziarik ezak erlaxazioa ekartzen du; nabaritu egiten da ez dagoela beste telebistarik pilota profesionala ematen. Bestalde, ardura eta eginbehar asko izan ditut Baineten, eta ez dut deusen damurik. Une zoragarriak kontaezinak izan dira. Gustuko lana izan dut eta horrek asko balio du.

Urte askoan gaztelaniaz aritu zinen. Nola hartu zenuen berriro euskaraz aritzea, ETBren eta Baineten akordioa zela medio?

Oso gogoz. Pilota mundua zabaltzeko helburua pixka bat txikiagotu zitekeen ETBri esklusibotasuna ematearekin. Baina ETBk ere egin ditzake akordioak beste telebista batzuekin. Nik asko estimatu dut larunbateko emankizunak euskaraz egiteko aukera. Horrek birziklatzea ekarri zidan. Lagunak izan ditut horretan, oso serio hartzen bainuen nire lana. ETBko azken lau urteak gozoak izan dira.

Egongo dira herritarrak galdetuko dutenak ea ez ote dagoen pilota gehiegi ETBn, ezta?

ETB1en ikusle datuak legebiltzarrean aurkezten direnean, faltsuak izan daitezke, ehuneko handi bat pilotarenak baitira. Baina zer egiten dugu kirola gogoko ez duten euskaldunekin? Ongi dago pilota ematea, baina hainbeste orduz? Esango nizuke ezetz, batez ere kate horrek beste gauza asko egin beharko lituzkeelako. ETBk azterketa sakon bat behar du. Euskal politikariei ahaztu egin zaie ETB zertarako sortu zen.

Herri Irratian hasi zinenetik, nolako bilakaera ikusi duzu euskarazko komunikabideetan?

Hedabideetan profesionalen aldetik, bilakaera zoragarria. Euskarazko kazetariak erdarazkoak baino askoz hobeak dira. Laguntza publikoak eta gizartearen parte hartzea hedabide horiek aurrera ateratzeko, aldiz, eskasak dira, zerbait egin dugu gaizki. Boto abertzale asko dago, euskararen alde itxuraz, baina ez gara gauza euskarazko egunkari bat bere irmotasunean eusteko. Euskarazko prentsako kazetariek irabazi beharko lukete EITBkoek edo Vocentokoek baino gehiago, eta ez da horrela.

Goizeko buletina

BERRIAren papereko edizioaren gai nagusiak biltzen ditu egunero (astelehenetan salbu). Goizean goiz iristen da zure posta elektronikora.

Albiste gehiago

Maiatzaren 27an eguneratua, 18:00etan. ©BERRIA

Koronabirusaren azken datuak

Berria

Azkeneko 24 orduetan zazpi pertsona hil dira COVID-19 gaitzaren eraginez, hemeretzi positibo atzeman dituzte PCR probekin, eta bederatzi gaixo ospitaleratu dituzte. Euskal Herrian 28.812 gaixok eman dute positibo guztira, koronabirusa atzemateko probaren bat eginda. Horietatik 2.034 hil dira. Grafikoak, albiste barruan.

Lanbideren Gasteizko bulego bat, itxita ©Luis Jauregialtzo, Foku

Munduko bortz gaztetatik batek lana galdu du pandemia hasi zenetik

Berria

Lanaren Nazioarteko Erakundearen arabera, koronabirusak eragindako krisiak bereziki eragiten die gazteei. Lana duten gazteen %23ri lan orduak murriztuko dizkiete. Erakundearen arabera, emakumeak ari dira bereziki pairatzen krisiaren ondorioak. 

Ursula von der Leyen, artxiboko irudian, ©OLIVIER HOSLET / efe

Bruselak 750.000 milioi euroko funtsa proposatu du

Iker Aranburu

500.000 milioi laguntza zuzenak izango lirateke, eta beste 250.000 milioi, maileguak. Zerga berriekin ordaindu nahi du hartuko duen zorra. Harrera beroa izan du hegoaldean, baina hotza iparraldean.

Manuel Castells Espainiako Unibertsitate ministroa, joan den astean, Diputatuen Kongresuan. ©Kiko Huesca / Efe

Unibertsitate tasak jaitsi beharko dituzte Hego Euskal Herriko administrazioek

Andoni Imaz

Castells Espainiako Unibertsitate ministroak adierazi du unibertsitateek finantziazio gehiago behar dutela, baina hori ezin dela egon «baliabide gutxien dituzten familien eta ikasleen bizkar».

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

BERRIAlagunei esker eskaintzen dugu balioz osatutako informazioa. Egizu ekarpena gure eginkizunarekin segi dezagun.

Izan zaitez BERRIAlaguna