Jon Lamarka. EITBLab-eko zuzendaria

«Zeharkako plataformetan pentsatzen dugu gehiago»

Bederatzi hilabete dira EITBLab laborategia martxan jarri zutela. Lamarkak azaldu du ez dituztela egitasmoak telebistarako pentsatzen, eta begia sakelako telefonoan jarria dutela.

JON URBE / @FOKU.
urtzi urkizu
Donostia
2022ko urtarrilaren 11
00:00
Entzun
Hamahiru urtez Gaztea-ko koordinatzailea izan zen Jon Lamarka (Donostia, 1963), iazko apirilean EITBLab laborategi berriko zuzendari izendatu zuten arte.

Nola joan dira EITBLab laborategiko lehen proiektuak?

Ondo. Gu zuzendaritza berriak eskatuta sortu gara. Lehen proiektua audioliburuena izan zen; euskarak gabezia asko ditu, eta, beste hizkuntzetan dauden moduan, audioliburuak euskaraz jartzen ere ahalegindu gara. Go!azen-en lehen lau liburuxkek ondo funtzionatu dute. Badago gosea euskaraz kontsumitzeko. Uxue Alberdiren Janisjoplin-ek ere primeran funtzionatu du.

EITBn martxan diren beste egitasmo batzuekin aritzen zarete.

Bai, hala da. Adibidez, Ekin Klima proiektuaren barruan, sare sozialen kontakizun berezi bat egin genuen. Beste horrenbeste egin genuen Natura bizia dokumental saioarekin. Beste plataforma batzuetan zabaltzen ditugu halako proiektuak, publiko berriak bilatzeko xedez.

EH!rasmus ere zuen bidez garatu da. Nola doa?

Guretzat oso garrantzitsua da elkarlana. Baina kalitate minimo bat eman behar da beti; EH!rasmus-en kasuan, ekoiztetxe baten eskutik joan gara, eta tutoretzabat eskaini dugu. 20 urteko gazteen narrazio formak ikasten ari gara, eta unibertsitateekin harremana sakondu nahiko genuke. Kontziente gara esperimentu guztiekin ez dugula asmatuko, baina eskuak libre ditugu.

Egunean Behin jokoaren bi final sinkronizatuek ondo funtzionatu dute, behintzat.

Bai, bi finalek oso ondo. Gure laborategian ez ditugu gauzak pentsatzen telebistarako, oso kontziente gara begia sakelako telefonoan jarri behar dugula. Egia da zerbaitek ondo funtzionatuz gero, telebistara jauzi egingo duela. Hala ere, zeharkako plataformetan pentsatzen dugu gehiago. Egunean Behin jokoak aurretik izen eta produktu ona zuen euskal komunitatean. Code Syntaxekoekin lan egitea zoragarria izan zen. 26.000 euskaldun baino gehiago aritu ginen batera jolasten, eta hori zoragarria da: talde baten parte zarela ere sentitzen duzu. Pentsatzen gabiltza ea horren bigarren fase bat egon daitekeen.

Gaztearekin ere, erraz?

Bai, erraz. EITB osoan harrera ona izan dugu, baina aintzat hartu behar da laborategian hiru langile bakarrik garela. Euskadi Irratiarekin proiektu pare bat garatuko dugu. EITB Podkast atariarekin ere elkarlanean gabiltza. Gaur fikziozko podcast bat aurkeztuko dugu: Zaldi urdina [izen bereko antzezlanean oinarritutakoa]. Iruditzen zait gaur egun badagoela gogoa eta harrotasuna euskaraz gauzak egiteko.

Andoni Aldekoa EITBko zuzendari nagusiak estrategia plana aurkezterakoan aipatu izan du Miramon Faktoria jarriko dela martxan. Laborategia ere Miramonen dago. Itxaropenerako arrazoiak badaudela uste duzu?

Uste dut baietz. Badakigu streaming plataformek jaten dutela entretenimenduaren esparrua. EITB albistegietan oso sendo dago, baina egia da zaila dela entretenimenduan burua ateratzea. Euskarak jarraipena izango badu, entretenimenduaren eskutik izango da. Zaila da, beste azpiegitura batzuk behar direlako, bestelako kultura bat eta industria bat. Gu euskaldunok beti hastapenean gaude. Fikzioa egitea ikaragarri garesti da, eta lehiatu behar duzu Netflix, HBO Max eta halakoekin. Oso zaila da hor euskarak bere tokia egitea. Hala ere, hizkuntza txikiek aukerak izan ditzakete, Islandiako eta Norvegiako zinemak duten bezala.

Garazi Goiaren esaldia da: «Guk ez badugu egiten, jan egingo gaituzte».

Erabat ados nago. Gure ardura da, eta erratu behar bagara erratuko gara, baina ezin dugu zain egon ea zer gertatzen den. Askotan teknologiak ekar dakigukeen urduritasunak ez digu uzten pentsatzen benetan funtsezkoena zer den. Gidoigintza eta sorkuntza funtsezkoak dira. Proiektu batean gidoia ona baldin bada, horrek iraungo du. Istorioak garatzen jarri beharko genuke ahalegina. Zenbaitetan, hor dugu gabezia.

Zer egin daiteke gazteek euskara erakargarritzat jo dezaten?

Bati entzun nion euskaraz sortzen diren gauzak ilargiaren alde ezkutuan sortzen direla. Oso zaila da nabarmentzea. Askotan, nahiz eta euskarazko produktu onak izan, ez da erraza mugak pasatzea. Errealitate bat da gazteek ez dutela euskaraz hitz egiten, zaila dela gazteek euskararen aldeko hautua egitea. Entretenimendua euskaraz egin nahiko bagenu, ondo legoke saltoka eman ez baizik eta jarraipena emango bagenio, baina ez da batere erraza.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.