Maider Segurola Dorronsoro. 'Faktoria magazina' saioko aurkezlea

«Entzuleria ez da masa bat, eta pertsona bat irudikatzen dut»

Euskadi Irratiko goizeko magazina gidatzen du Segurolak, 10:00etatik 13:00etara. Ezinbestekotzat jo du lantaldea askotarikoa izatea, «magazin batek behar dituen ertz guztietara iristeko».

EITB.
urtzi urkizu
Donostia
2022ko azaroaren 8a
00:00
Entzun
Euskadi Irratia sortu zen urte berekoa da Maider Segurola Dorronsoro (Lasarte-Oria, Gipuzkoa, 1982). Bost urtez, Gaztean aritu zen, eta, 2009. urtetik, Euskadi Irratian ari da lanean.

Manu Etxezortuk Faktoria magazina-ren gidaritza utzi, eta zuk hartu duzu aurten. Zer moduz joan dira lehen asteak?

Hasiera guztiak bezala, ilusioz beteriko garaia izan da, baina baita urduritasun eta lan handikoa ere. Programa diseinatu genuenean buruan genuenaren eta egunerokoan egiten dugunaren arteko aldea fintzen ari gara poliki-poliki. Taldekideok elkarri eta saioari neurria hartzen ari gara oraindik, baina egunetik egunera osatuago gaudela sentitzen dugu. Joan nahi dugun norabidean goaz.

10:00etatik 13:00etara, astean bost egunez. Ordu asko dira zuzenean, mikrofonoaren aurrean. Estresa edo urduritasuna piztu dizu horrek?

Niretzat, egunero zuzenean hiru orduz aritzen naizen lehen aldia da, eta sumatu dut jauzi bat. Horregatik, taldearen lana eta babesa ezinbestekoak dira, ahotsa nik jarri arren, erredakzioan etengabe ari dira lanean makineriak martxan segi dezan.

Lehendik ere, saio horretan zinen. Gustuko al duzu goizeko magazinaren formatua?

Goizak agenda bati jarraitzea eskatzen du, zenbait gai lantzea eta lehen lerroan dauden pertsonak gonbidatzea. Hiri gorrian aritu nintzenean, arratsaldez, ertzetan ibiltzen ginen. Hala ere, azken bi irrati urteetan Faktoria-ko lantaldean aritu izanak lagundu dit erronkari heldu aurretik goizeko martxaren berri izaten.

Nolako lantaldea duzue gai eta kontu guztiei heldu ahal izateko?

Dagoenik eta onena. Elkarrengandik ezberdinak gara. Adin diferentea dugu; bakoitzak bere interesak eta ibilbidea ditu, eta aniztasun hori ezinbestekoa da magazin bat osatzen duzunean. Bai besteengandik ikasteko, bai lan egiteko modu berriak sortzeko, baita halako magazin batek izan behar dituen ertz guztietara iristeko ere.

Nahiz eta magazin bat izan, tarteka saiatzen zarete gizarte gai batzuk sakontasunez jorratzen, ezta?

Hiru orduko magazin batek denerako tartea izan behar du: eguneko gaiari jarraipena egiteko, Albiste faktoria-n landu duten zerbaiti magazinaren bueltarekin segida emateko, sormenerako, jolaserako... eta noski, baita gaiak sakontasunez lantzeko ere. Bigarren ordua baliatzen dugu horretarako normalean.

Zuzeneko kantak entzuten dira tarteka. Aurreko ostiralean, Klara Mendizabal sopranoak zur eta lur utzi zituen entzule asko. Halakoek zer ematen diote saioari?

Irratia hedabide bizia da, eta halakoak oso gustura hartzen ditugu. Teknikarien lana nabarmendu nahi nuke. Haien prestutasunari eta konplizitateari esker egin ditzakegu zuzeneko musika emanaldiak, toki aldrebesenetako konexioak eta gonbidatua lanean ari dela egindako elkarrizketak.

Maddalen Arzallusek Albiste faktoria-n kantatutako 32 bertsoek, berriz, zeresana eman zuten, EITBk saretik kendu eta gero. Langile batzordeek EITBko zuzendaritzaren zentsura salatu zuten. Zer iritzi duzu?

Batzuek eta besteek esan dutenari ezer gutxi gehitu diezaioket. Bakoitzak bere funtzioak eta ardurak ditu, eta gurea eguneroko irratsaio bat egitea da. Halere, nik ez nituzke bertsoak kenduko.

Euskadi Irratiak entzule datu onak lortu ditu azkeneko urteetan. Gipuzkoan liderra izan da, neurketa batzuen arabera. Nola bizi duzu erantzukizun hori?

Mikrofono aurrean jarri izan naizen aldiro sentitu dut gauzak ondo egin beharra. Badakigu irratia gehiago entzuten dela goizetan, baina, saioa egitean, entzulea, zu, hura, bestea, izaten dugu buruan. Entzuleria ez da masa bat, eta pertsona bat irudikatzen dut. Horregatik saiatzen gara saio ahalik eta pluralena egiten.

Duela urte batzuk, ETBrako saio batzuk aurkeztu zenituen. Telebistaren aldean, zer du irratiak zuretzat?

Telebistan, gauza oso puntualak eta txikiak egin ditut, besterik ez. Nire ibilbide profesional guztia irratian egin dut, eta zorteduna sentitzen naiz horregatik, tokirik naturalena iruditzen baitzait istorioak eta bizitza kontatzeko, entzuteko eta ezagutzeko. Atrezzorik batere ez du irratiak: entzuten duzuna gara.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.