Espainiako inbestidura saioa. Euskal ordezkariak

Ezezkoa eman arren, eskua luzatu dio EAJk Sanchezi hizketan segitzeko

«Euskal agenda» alboratu izana leporatu dio Estebanek PSOEri.Atea ez du guztiz itxi: «Dena ez da hemen amaitzen; gu zain gaude»

EAJko Aitor Esteban, atzo, hitzaldian. J.J. GUILLEN/ EFE.
gotzon hermosilla
2016ko martxoaren 3a
00:00
Entzun
Pedro Sanchezen inbestidurari ezezkoa eman dio EAJk. Aitor Esteban diputatu jeltzaleak esan duenez, PSOEk eta Ciudadanosek egindako akordioaren edukiak ez dituzte gogoko, «euskal agenda» alboratzen duelako, eta ez dielako «konfiantzarik» sortzen. Baina atea zabalik utzi dute negoziatzen jarraitzeko: «Dena ez da hemen amaitzen; zure zain gaude», esan du.

Euskaraz hasi du Estebanek hitzaldia, eta 1976ko martxoaren 3an Gasteizen hildakoak gogoratuz. Ulergarri iritzi dio egoera politiko berriaren aurrean «zorabioa» sentitzeari, baina horrek «aukerak» ere eskaintzen dituela gogoratu du. PSOEk Ciudadanosekin akordioa lortzeko modua kritikatu du, bai eta akordio horren zehaztasun maila ere, «horrek zailtzen duelako beste indar batzuek horrekin bat egitea».

Eta Euskal Herriko gaiei dagokienez, «euskal agenda» ez dela agertzen salatu du Estebanek: «Gurekin, behintzat, hitz onak bai, baina gauza zehatzik ez da egon negoziazioetan». Itunak sortzen dizkien zalantzak aletu ditu diputatu jeltzaleak: Eusko Legebiltzarraren eta Nafarroako Parlamentuen legeei jarritako helegiteekin zer gertatuko den, Udal Legea, Ertzaintzaren eta Espainiako segurtasun indarren agente kopuruak, Trebiñuren auzia eta abar.

Espainiako konstituzioaren erreformaz ere mintzatu da, eta gogoratu du EAJk ez ziola baiezkorik eman horri: «Konstituzio itunaren kanpo egon gara denbora honetan guztian. Itun horretatik kanpo jarrai dezagun nahi al duzue?», galdetu du.

EAJ eta PSEren arteko ituna

Estebani erantzunez, EAJ eta PSE-EEren arteko adostasuna, iraganekoa zein gaurkoa, goraipatu du Sanchezek, eta galdetu dio zergatik estatuan ezin den horrelakorik egin. Eskaintza zehatzik ez du egin Sanchezek, baina azaldu du oraindik emateko dauden eskumenen inguruan «hitz egiteko» prest dagoela.

Luzatutako eskua onartu egin du Estebanek: «Datorren astean beste ziklo bat zabalduko da, eta ikusiko dugu zer gertatzen den». Baina gogoratu dio akordioaren ardatzak beste batzuk izan behar dutela. «Hala bada, beharbada, norabait irits gaitezke», esan du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.