UDAKO SERIEA Ekonomia atzerako ispilutik (III)

Zutik lurrean kondenatu

Bekokiko izerdiz ogia jatera derrigortu zuen jainkoak gizakia, Bibliaren arabera. Baina lan egitea madarikazioa izanik ere, langileek antzinatik izan dute euren egoera hobetzeko grina, protestaren bidea hartuta.

Jon Fernandez - Ivan Santamaria
2014ko abuztuaren 22a
00:00
Entzun
K.a. 1166

Lehen grebaren papiroa

Ramses III.a faraoiaren garaikoa da historiako lehen greba dokumentatua. Egipton izan zen, K.a. 1166. urtean. Ramses III.aren hilobi tenplua eraikitzen ari ziren beharginek, lan baldintza geroz eta txarragoak salatzeko, planto egin eta greba egin zuten. Kontrako ustea dagoen arren, Egiptoko piramideak eta eraikuntza handiak ez zituzten zartailuaren mehatxupeko esklaboek eraiki. Gizako nekropoliak aztertzen zebiltzan arkeologoek egin zuten aurkikuntza hori 2010ean. Soldatapeko beharginek eraiki zituzten tenpluok, eta, soldata jasotzeari uzten bazioten, protesta egiten zuten, gaur bezala. Turingo Museoan ikus daitekeen Grebaren Papiroak jaso zuen gertatutakoaren lekukotasuna. Honela dio papiroak: «Beharginek nekropoliaren hesiak saltatu zituzten, greba egin zuten, eta hau esan: 'Gose gaude, hilabete honetako hamazortzi egun pasatu dira... goseak eta egarriak ekarri gaituzte hona. Ez daukagu arroparik, ez gantzik, ez arrainik, ez lekarik. Idatz iezaiozue gure jaun on faraoiari eta gure buruzagi bisirrari eman diezagutela gure mantenua'». Hamar ogi biribil eta garagardo pixka bat ziren eguneroko soldata, baina sarri atzeratzen ziren ordainketak, inoiz goseteak ere eraginez. Ez da alferrik esaten sabel hutsarekin egiten direla iraultzarik handienak.

 

K.a. 494

Plebeioen greba orokorrak

Antzinako Erroman monarkia desegin eta errepublika sortu zutenean bi bloketan banatu zen gizartea —esklaboak alde batera lagata—. Batetik, patrizioak zeuden, Erromako aristokraziako familiak, kargu publikoetarako eta senatari izateko eskubidea zuten bakarrak, eta diru gehiena pilatzen zutenak. Bestetik, plebeioak zeuden: gehiengoa ziren, baina ez zeukaten boterean eragiteko modurik, eskubide zibil oso gutxi zituzten. Gainera, zorpetuta zeuden asko, eta, horregatik, patrizioen esklabo bihurtzeko arriskuan. Egoera errotik aldatzeko tresna ezin hobea topatu zuten: euren egitekoak egiteari utzi zioten, eta hiritik inguruetarako mendietara alde egin zuten. Muturreko greba orokor bat zen. K.a 494. urtetik 287ra bitartean behin baino gehiagotan erabili zuten teknika hori, eta lortu zuten patrizioek kasu egitea. Botererako eta egoera ekonomikoa hobetzeko balio izan zieten plebeioei. Lehen secessio plebis -ean (plebeioen matxinada) patrizioek Menenius Agripa senataria bidali zuten grebalariak bilduta zeuden muino sakratura, eta berba hauekin eta hainbat kontseziorekin konbentzitu zituen greba uztera: «Antzina batean, eskuek sabelaren kontra egin zuten. 'Zergatik egin behar dugu guk lan alfer honek onura guztiak gozatzeko?' Eskuek greba egin zuten, eta sabela elikatzeari utzi zioten. Ondorioz, gorputz guztiak pasatu zuen gosea, eskuek barne». Baina, agian, plebeioen grebarik garrantzitsuena K.a. 287koa izan zen. Erromako Aventino muinora igo ziren plebeio grebalariak, eta, azkenean, patrizioek onartu behar izan zuten plebeioek ere erabakitzeko eskubidea bazutela. Orduan sortu ziren plebis scitum -ak, plebeioen dekretuak, lege maila lortu zutenak. Hor du jatorria egungo 'plebiszitu' berbak.

 

1811

Teknologiari beldurra

Iraultza digitalaren ondorioz, ez dira gutxi aurrerapen teknologikoari beldurra dioten langileak, uste zabaldua delako aurrerapenak lanbide batzuk deuseztatuko dituela. Beldur hori ez da berria, ordea. Orain dela 200 urte, antzeko kezka zuten Ingalaterrako oihalgileek. Ehungailuen sorrerarekin, industriaren iraultzaren hastapenetan, milaka langilek bazterrean geratzeko arriskua ikusi zuten. Batzuk ez ziren kezka hutsean geratu. 1811. urte inguruan langileetako batzuek matxinatzea erabaki zuten, eta makinak suntsitzen hasi. Bereziki, Nottinghamshire konderrian lortu zuten arrakasta; non, eta Robin Hood kondairazko arkulariaren sorterrian. Mugimendu horri Ludismoa deitu zitzaion. Izenaren jatorria ez dago argi, baina basoetan bizi zen kondairazko Ludd jeneral baten historia zabaldu zen, Robin Hooden erreferentzia urruna. Gobernuak azkar erreakzionatu zuen, eta tresneria suntsitzea heriotzarekin zigortu zuen 1812. urtean. Urtebete geroago, hamazazpi lagun exekutatu zituzten, delitu hori egotzita.

 

1832

Lanuzte orokorren sustraia

Sozialismoaren eta komunismoaren garapenarekin, langile klaseak botere politikoa eta kontrol ekonomikoa lortzeko bitarteko tresna gisa agertu zen greba orokorra. Baina nondik zetorren ideia hori? Jatorri teorikoa, behintzat, XIX. mendeko Ingalaterran bilatu behar da, eta William Benbowri zor zaio. Langile militante erradikala zen Benbow. Ziur aski, Manchesterren eta Nottinghammen egondako erreboltetan inspiratuta, 1832. urtean Benbowk panfleto bat idatzi zuen: Grand National Holiday and The Congress of The Productive Classes (Jai nazional handia eta klase produktiboen kongresua). Horretan, langileek hilabeteko oporraldia hartzea —opor hitzak, ingelesez, holy hitza barnean du, sakratua den zerbaiten pare—. Hasieran, langileen aurrezkiak erabili ziren, baina, gero, ondasun gehien zituztenei ekarpenak eskatu zitzaizkien. Oporraldiaren helburua, berriz, langileek euren ordezkariak aukeratu eta nazioaren geroa erabakiko zuten batzar batera bidaltzea litzateke. Hitzak hitz, formula iraultzaile klasikoa izango zenaren mamia dago hor: greba orokorra, ondasun eta produkzio bitartekoen konfiskatzea, eta, azkenik, boterea ordezkatu proletariotzaren gobernu batekin. Urte batzuk geroago chartism izeneko langile mugimenduak bere egin zuen «hilabeteko oporraldi sakratuaren» ideia. Benbow, atxilotu, eta kartzelan hil zela uste da.

 

1886

Maiatzaren Lehena

Aldarrikapen egun seinalatua da, oraindik ere, egutegian. Maiatzaren Lehena 1889an ezarri zuen Parisen Bigarren Internazionalak, Chicagoko (AEB) martiriak omentzeko asmoz. 1886ko maiatzaren 1ean grebara deitu zuten behargin anarkista batzuek Chicagon, zortzi orduko lanaldia eskatzeko. Herrialde osoan 12.000 fabrika geldiaraztea lortu zuten, eta Detroiten 11.000 lagunek egin zuen manifestazioa zortzi orduak eskatzeko. Egun berean, 11.000 langile atera ziren kalera New Yorken, eta hirian 40.000 beharginek egin zuten greba. Chicago izan zen hiri gogorrena: ia osorik gerarazi zuten hiria, 80.000 lagun inguru batu ziren grebara eta Poliziak inon baino gogorrago erantzun zien grebalariei. Egunetik egunera giroa berotuz joan zen Chicagon, eta maiatzaren 4an Haymarketeko matxinada gertatu zen. Poliziak indarrez disolbatu nahi izan zuen manifestazio baketsu bat, eta norbaitek lehergailu bat bota zien. Matxinadako zortzi anarkista atxilotu zituzten, erasoarekin zerikusirik ez zutenak, eta itxurakeriazko epaiketa baten ostean bosti heriotza zigorra ezarri zieten eta hiru kartzelara bidali zituzten. Haiek omentzeko erabaki zen Maiatzaren Lehena sortzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.