UDAKO SERIEA. Ekonomia atzerako ispilutik (eta V)

Jatorri historikoen peskisan

Gaur egungo kontzeptu asko ulertzeko iturri ezin hobea da ekonomiaren historia. Bitxikeriaz betetako eremu horretan aurki daitezke burtsaren sorrera xumea edo antzinako zergen trikimailuak, besteak beste.

Jon Fernandez - Ivan Santamaria
2014ko abuztuaren 24a
00:00
Entzun
K. a. V. mendea

Zer egin du Erromak gure alde?

Zer ekarri digute erromatarrek?, Monty Pythonen 1979ko Life of Brian (Brianen bizitza) filmeko Judeako Herri Frontearen bilera klandestinoko galderari egindako erantzunen zerrenda luzean erretiroa gehi daiteke. Gaur egungo erretiroarekin zerikusi txikia badu ere, historiako lehen erretiro sistematzat jo daiteke Erromako eErepublikaren eta Inperioaren garaiko soldaduena. Herritar boluntarioek zeukaten armadan sartzeko aukera —gerra garaian derrigorrezkoa zen—, eta, 25 urteren ostean, erretiroa hartzeko eskubidea lortzen zuten trukean: pentsio gisa, lursail txiki bat eta diru kopuru jakin bat jasotzen zuten hil artean.

XIII. mendea

Burtsaren sorlekua

Brujasko herritarren abizenean du sorrera burtsak. Flandriako kanalen hiria Europako merkataritza hiririk garrantzitsuenetakoa bihurtu zen Erdi Aroan. Itsasoari lotuta, Mediterraneoko eta Ipar itsasoko merkataritza joeren erdigune eta trukerako merkatua zen. Hiriko ostatuetan egiten zituzten negozio, salerosketa eta trukeak merkatariek. Ostatuetan dirua ere trukatzen zen, maileguak ematen ziren, gordailuak... Non inbertitu eta non ez jakiteko informazio iturri bikainak ziren ostatuak, eta, bereziki, Brujasko Van der Beurze jaunaren ostatua. Haren abizenetik hartu zuten frantsesek bourse berba, eta, hortik, euskarak burtsa . Beurzeren eraikina oraindik zutik dago Brujasen —irudian—.

1300

Gerraren interesak

Zenbaki sistema indoarabiarra Europan zabaldu izanaren meritua Leonardo Pisano Fibonacci- ri aitortu ohi zaio. Sistema hamartarrarekin, Fibonaccik merkataritza komertziala erraztu zuen, eta, esaterako, interesa kalkulatzea ahalbidetu zuen. Arazo bat zegoen, ordea. Erlijio kristauak lukurreria debekatzen zuen. Hau da, dirua maileguan uztea interes baten truke. Juduek antzeko debekua zuten, baina zirrikitu batekin: baimenduta zuten kristauei maileguak ematea eta kobratzea. Horri esker, finantza zerbitzuetan trebatu ziren judu ugari. Baina bazen interesak ordaintzen hasiko zen produktu bat. Nola ez, gerra bonuak, XIV. eta XV. mendeetan Italia iparraldeko hiri-estatuen arteko gerra garestiak finantzatzeko. Zorrak itota, Florentziak bere hiritarren artean dirua biltzeari ekin zion, prestanze bonuen bidez. Haserrea limurtzeko, interesa ordaintzea erabaki zuen: jarritakoaren %5. Zergatik ez zen lukurreria? Bada, debekua gainditzeko, hiritarrentzat derrigorrezko bihurtu zuten mailegu horiek ematea. Inbertsio behartua zela iritzita, elizak ez zion trabarik jarri. Gerraren intereserako, interesa jasotzea libre.

1427

Lehen errenta zerga, lehen kenkariak

Mugarria 1427an gertatu zen. Florentziako Errepublikak gerra irabazi zion Milangoari, baina sekulako zorra pilatu zuen garaipena eskuratzeko: 4,2 milioi florin inguru. Zuloa estaltzeko, castato zerga asmatu zuten hirian —eta hortik dator katastro berba—. Antzinaroan zeharkako zergak nagusi ziren bezala, zuzeneko zergak lehenetsi zituzten orduan, Errenazimentuaren atarian. Hiru urtean behin, familiaburu bakoitzak bere aberastasun guztiak aitortu behar zituen: jabetzak, diru sarrerak eta zorrak. Castatoaren arabera, beraz, lehen errenta zerga ezarri zen: gehiago zuenak gehiago ordaintzeko. Baina, gaur bezala, zirrikituak zituen zergak, kenkariak. Artelanak ziren kenkarietako bat. Artean inbertitzeak, zerga gutxiago pagatzea ahalbidetzen zuen. Ezin jakin, beraz, medicitarrak, Michelangeloren eta beste artista askoren mezenas nagusiek, artearekiko maitasun hutsez ala zergei izkin egiteko finantzatu zituzten hainbeste artelan.

1657

Aurrezkiak salbu?

Banku baten bezero guztiek euren sosak aldi berean itzultzea eskatzen badute, porrot egingo du». Hamaika aldiz entzundako esaldia, eta, gainera, egia biribila dena. Ez da beti horrela izan. Mailegu emaileak antzinatik egon dira, baina banku modernoen sorrera 1609. urtean kokatu ohi da, Amsterdamsche Wisselbank holandarraren sorrerarekin. Sekulako aurrerapena izan zen, kontuak dibisa estandar batean egiten zituelako. Horri esker, txekeak, transferentziak edo helbideratzeak asmatu zituen. Haatik, kreditu urria eskaintzen zuen, bere diru erreserbekin gordailuen kopuru osoa estaltzen zuelako. Aldaketa gaur egun zuhurtziarekin parekatzen dugun herrialde batean gertatu zen: Suedia. Mende erdi bat geroago sortuta, 1657an, banku erreserba partzialen asmatzailea da Stockholms Banco. Bezero guztiek aldi berean dirua exijitzea nekez gertatuko zela iritzita, soilik gordailuen parte bati eustea erabaki zuten, gainerakoa maileguan utzita. Maileguak emateko lehen billeteak — garaian, kreditu kartak — jaulki zituen, gainera. Zoritxarrez, beldurrak ez dio probabilitateari erreparatzen, eta, Stockholms Bancoko kudeatzaileek uste zutenaren aurka, finantza arazoak sortzen direnean bezeroen masa handi bat bulegoetara diru eske jotzea behin eta berriro errepikatu den eszena izan da 350 urte hauetan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.