UDAKO SERIEA. Errefuxiatuen munduak (IV). Abdullahi Ahmed.

«Somaliarekin amesten dut»

Amaiera zoriontsua duen ihesaldia izan da Abdullahirena, baina eskuratu berri duen Italiako naziotasunak ez dio apaldu borrokatzen jarraitzeko nahia. Somaliako gerran nazioarteak «eskuak odolez zikinduta» dituela dio.

«Somaliarekin amesten dut».
Ane irazabal
Turin
2016ko uztailaren 29a
00:00
Entzun
Abdullahi Ahmed zorteduna da, eta eskerrak eman dizkio bizitzari. Milaka errefuxiatuk gurutzatzen dute Mediterraneoa urtero, baina oso gutxik lortzen dute Italiako herritartasuna. Horregatik, agian, alhandullilah eta grazie errepikatzen ditu behin eta berriz. Uztaileko egun eguzkitsu batean egin du hitzordua BERRIArekin. Ramadanaren amaiera da, eta pozarren dago; izan ere, duela egun gutxi eman diote hainbeste aldiz desiratu duen albistea. Ahmed Italian jaiotako bere adineko beste edozein gazte bezain italiarra da, eskubide eta betebehar berberekin.

Baina orain arteko bidea ez da batere erraza izan gaztearentzat. Somaliatik alde egin, eta Lampedusako lurra ukitu zuen arte, zazpi hilabete pasatu ziren. Italiara iritsi, eta paperak lortu dituen arte, zortzi urte igaro dira.

Ahmedek primeran gogoratzen du gurasoei agur esan zien eguna. 2007ko abendua zen, eta gerrak ez zuen gupidarik. «Unibertsitatean hasi berria nintzen,eta Polizia egunero sartzen zen gazte ekintzaileak atxilotzera. Egun batean, 'kito, aski da' esan nion neure buruari». Zuzenbide ikasketak utzi, motxila prestatu, eta trafikatzaile sare baten esku jarri zuen bere etorkizuna: «Gurasoek ez zuten nire erabakia babestu, asko beldurtu ziren».

Gaztearen familia ez da aberatsa, ezta pobrea ere. Ahmedek eta Safiyak zortzi seme-alaba izan dituzte, eta denek egin dituzte goi mailako ikasketak. Abdullahi semerik zaharrena da, eta 1988an sortu zen, Muqdishon. Aitak administrazio publikoan lan egiten zuen, gerra zibilak Somaliako estatu egitura guztiak suntsitu zituen arte. Ama, berriz, «etxeko burua» da oraindik ere. Ahmedek ez du txikitako oroitzapenik: «Gerra da gogoratzen dudan gauza bakarra. Gure auzoan ez zegoen jolas parkerik. Bizilagunak armatuta ateratzen ziren kalera. Baina gerrara ere ohitu egin ginen, eta, zoramen horren guztiaren erdian, gure haurtzaroa babesten saiatu ziren gurasoak».

Gatazka amaigabea

Ahmedek hiru urte zituen Somaliako gerrak eztanda egin zuenean. 1991n hainbat milizia armatuk Siad Barre presidentea kargutik kendu zuten, eta herrialdea zeharo zatituta geratu zen: Somaliako Alderdi Patriotikoa hegoaldean, Mugimendu Nazionala iparraldean eta Somaliako Kongresu Batua hiriburuan. Somalilandiaren sorrera ere etorri zen ondoren. Geroztik, Afrikako adarreko herrialdeak ez du estatu egitura zentralizaturik izan, eta Amerikako Estatu Batuen eta Nazio Batuen Erakundearen esku hartzeak are gehiago nahastu du egoera. Washingtonek gerra jauntxoak eta klan aberatsak finantzatu ditu talde islamisten aurka borrokatzeko aitzakiaz. «Somalia lurralde aberatsa da. Kontinentekokostalderik handienetan bigarrena du, eta Juba ibaiak eremu handiak emankortu ditu, baina nazioarteko interesek dena lokaztu dute»; hala uste du Ahmedek.

2004tik gobernu eta parlamentu bat osatu dira: lehenik Kenyan eta orain Somaliako mugen barruan. Hainbat alderdi politikok, klanek eta gerra jauntxok osaturiko sistema politikoa da, bake sozialari eusteko eta denen interesak bermatzeko. Bitartean, Auzitegi Islamikoen Mugimendua indartuz joan da, eta Somaliako zatirik handiena kontrolatzen du, Muqdisho hiriburua barne. «Nazioarteak eskuak odolez zikinduak ditu; izan ere, gerra jauntxoak armatu ditu urte luzez. Gerra bati buruz mintzatzen ari garenean, zera hausnartu behar dugu: armak nondik datoz?».

Orain, berriz, egoera baretu egin dela esan dio amak. «Hedabideek diote Muqdisho munduko hiririk arriskutsuena dela, baina ederra ere bada», dio gazteak, «arazoa da gerrak dena suntsitu duela». Azken urteetan, milioi bat somaliar hil dira gatazkaren, goseteen eta gaixotasunen eraginez. «Gutxieneko zerbitzuak falta dira, eta, gerraren ondorioz,dena pribatizatu da. Segurtasunaren gaineko negozioa bultzatu dute fakzioek», erantsi du.

Exodo luzea

UNHCR Iheslarientzako Nazio Batuen Goi Mandatariaren arabera milioi bat somaliarrek beren etxetik alde egin dute. Gehienak inguruko herrialdeetan ezarri dira, gerraren eta lehortearen ondorioz. Somaliaren eta Kenyaren arteko mugan dago Daabad kanpalekua, eta 350.000 errefuxiatutik gora jaso ditu, gehienak somaliarrak; eguneko, batez beste, 50 haur jaiotzen dira han.

Halere, beste askok Europarako bideari ekin diote. Ahmedek argi zeukan ez zuela Etiopiara edo Kenyara joan nahi: «Ondoko herrialdeetako kanpalekuek ez dute kanpadenda bat besterik eskaintzen. Daabaden denbora geratu egin da». Alta, Europan etorkizun bat izatearen truke, ihesaldi arriskutsu bat egin beharra dago. «Egokiena litzateke abioi bat hartzea, baina hori ezinezkoa da, beraz, giza eskubideak zapaltzen dituzten mafien esku geratu nintzen».

2007ko abenduan utzi zuen gurasoen etxea Ahmedek. Muqdishon beste gazte batzuekin bat egin eta kamioi batean sartu zituzten Etiopiako muga gurutzatu arte. Somaliako etsai historikoaren lurrak zeharkatu ondoren, Sudanen sartu ziren eta beste trafikatzaile sare batek jaso zituen. «Han eta orduan hasi zen exodoaren unerik zailena», gogoratu du. Sudanen eta Libiaren arteko desertua idorra bezain gogorra da, eta mafiek ez dute gupidarik. «Autoa apurtzen bazen, inor ez zetorren konpontzera. Gutako bat gaizki sentitzen bazen, desertuaren erdian uzten zuten». Mohamed izeneko iheslari bati horixe gertatu zitzaion: «Korrikaldi batean orkatila bihurritu zuen, eta trafikatzaileek tiro egin zioten».

Halere, gaztearen ustez, elkartasun sare polita sortu zuten ihes egiten ari zirenen artean: «Ez genuen elkar ezagutzen, baina elkarri laguntzen saiatu ginen». Bada, zazpi hilabeteko ibilaldi amaigabearen ondotik, Muammar Gaddafiren Libiara iritsi zen: «Libiako kostak oso kontrolatuta zeuden, baina mafiak Poliziarekin elkarlanean aritzen ziren, gaur egun bezala».

Libian, iheslari somaliarrak beste hainbat herrialdetako errefuxiatuekin batu zituzten, nigeriarrak, eritrearrak eta sudandarrak gehienak. Apartamentu batean itxaron zuten onespena jaso arte. «Itsasoa zeharkatzea bidaiaren zatirik errazena izan zen niretzat. Txarrena eginda zegoen. Zazpi hilabeteko exodoaren ostean, gu geratuko gintuen diktadorerik ez zegoen».

Italiaren harrera

Abdullahi Ahmed 2008ko ekainaren 23an iritsi zen Lanpedusara, arrantzale libiarren egurrezko itsasontzi zahar batean. Beste 40 gazterekin gurutzatu zuen Mediterraneoa eta lehorregia iruditu zitzaion irla: «Italia ez zen nire azken helmuga. Hemen ez nuen asilo politikoa eskatu nahi, baina hatz markak hartu zizkidaten; beraz, ez nuen beste irtenbiderik».

Edonola ere, esker onekoa daItaliarekin. Lampedusara iritsi eta egun betera, Piemonteko Settimo Torinese udalerrira eraman zuten. Han, Gurutze Gorriak ongietorria egin zion: «Ondo hartu ninduten, eta, hiru hilabeteren buruan, bizitoki baimena eman zidaten. Guztira, urte bat behar izan nuen asilo politikoa lortzeko». Abdullahirentzat, oso garrantzitsua izan da Gurutze Gorriak eskaini dion laguntza; izan ere, harrera etxea utzi behar izan zuenean, hantxe bertan geratzeko aukera eman zioten. Gerora, egonkortasun horrek aukera eman dio buruan zituen hiru helburu betetzeko: italiera ikastea, kultura bitartekari bihurtzeko goi mailako zikloa egitea eta, azkenik, lana aurkitzea.

«Askok galdetzen didate: zergatik izan duzu horren zorte ona? Zergatik aurkitu duzu lan bat, Somaliako beste gazte asko klandestinitatean edo etxe okupatuetan bizi diren bitartean? Eta nik ez dakit zer erantzun. Uste dut administrazioak aukera bat eman didala eta nik aukera hori aprobetxatzen jakin dudala».

Orain, zortzi urteren ostean, amets handi bat bete du Abdullahik. Italiako herritartasuna lortu du. Bost urteko bizitoki baimena eta hiru urteko lan kontratua behar dira naziotasun desiratuta lortzeko, eta gazte somaliarrak aise bete ditu irizpide guztiak. «Pasaporte italiarrak ate asko ireki dizkit, baina ez dut ahaztu nondik natorren eta nora itzuli nahi dudan».

Horregatik, agian, gaztearen hurrengo helburua da Italiako asilo eta integrazio politikak zaharberritzea: «Erromako gobernua izugarrizko ahaleginak egiten ari da itsasoan dauden iheslariak salbatzeko, baina ez du lan nahikorik egin asilo eskatzaileak gizarteratzeko eta bizikidetza bultzatzeko», salatu du.

Hori horrela, eskoletan lan egiten du, umeek txikitatik ezagut dezaten errefuxiatuen drama eta jakin ditzaten aniztasunaren balioak. Bere borrokak Europako beste hainbat txokotara ere eraman du: Lampedusatik Idomenira, eta, handik, Serbiaren eta Hungariaren arteko mugara. «Txangoak antolatzen ditugu goi mailako ikasleekin. Garrantzitsua iruditzen zaigu Europako aldi historiko hau aurrez aurre ezagutzea. Ni ere europarra naiz orain, eta hemengo mugetan gertatzen ari dena nire ardura ere bada».

Somalia buruan

Baina hurrengo ametsak amaren izena dauka. «Gurasoei agur esan nienetik Somaliarekin amesten dut ia egunero», nabarmendu du. Horregatik, etxera itzuliko da aurten, Muqdishora. Zortzi urte hauetan asko aldatu dira gauzak ahmedtarrenean. Erdiko arrebek seme-alabak izan dituzte, eta anaia gazteenek atzerrira joateko baimena lortu dute. «Istanbulen daude, medikuntza eta arkitektura ikasten», azaldu du harro.

Gurasoak, ordea, gero eta nagusiago bilakatzen ari dira, eta aitaren eta amaren hutsunea sentitzen du gazteak: «Urteak aurrera doaz, eta haiek ez dute inoiz Somaliatik alde egingo. Gure aitak beti esan izan digu Muqdishon jaio zela eta Muqdishon hilko dela».

Tristuraz mintzatzen ari da, baina, edonola ere, hilabete gutxi barru familia besarkatzeko aukera izango du Abdullahik. Hegazkinez iritsiko da etxera, beti amestu zuen bezala.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.