UDAKO SERIEA. Kirol tenpluak (I) Paris-Roubaix

Infernuko gozamena

Aro modernoan sartuta ere, garai bateko txirrindularitzari keinuka jarraitzen du tropelak. Roubaixeko belodromora bidean, 'Iparraldeko infernuan' sentitzen denaren argazkia atera dute Pedro Horrillok, Markel Irizarrek eta Imanol Erbitik.

unai zubeldia
2015eko abuztuaren 4a
00:00
Entzun
Lasterketa amaitu eta txiki-txiki eginda egoten zara normalean, baina dezenteko pena izaten da barruan, urtebete luze falta delako hurrengo Paris-Roubaixerako». Pedro Horrillorena da esana (Ermua, Bizkaia, 1974), «iparraldeko infernuan» bederatzi aldiz «gozatu» duen txirrindulari ohiarena. «Txirrindularitzak asko dauka masokismotik; fisikoki oso lasterketa gogorra da, baina teknika kontua da dena». Lehen urteetan, bizpahiru egun geroago entrenatzera atera eta «jota» egoten zela aitortu du bizkaitarrak. «Bost egun geroago ere dezenteko mina sentitzen nuen txiza egitean». Azken urteetan, berriz, «260 kilometroko lasterketa baten nekearekin, baina hainbestean» egoten zela gaineratu du.

«Ikaragarria da, beldurgarria». Imanol Erbiti (Iruñea, 1983) kostata ari da asmatzen hitzak bata bestearen atzean jartzen. «Telebistan ez da ikusten lasterketak benetan daukan gogortasuna. Beti geratuko zara motz definizioan». 11 aldiz parte hartu du jada nafarrak Paris-Roubaixen. «Profesionaletara iritsi nintzenetik, urtero». Eta «harbide zatietan sartu aurreko tentsioa» gogoratzen du, batez ere, lehen aldiz hara joan zeneko urtetik. «Hori bai, lasterketa hau ez da berezia gauza batengatik bakarrik. Osotasuna da harrigarria. Garai bateko txirrindularitzarekin lotura egiten du, eta jendetza handia pilatzen da errepide bazterretan».

Markel Irizarrek ere (Oñati, Gipuzkoa, 1980) ondo ezagutzen du «bost monumentuetako bat», hamar aldiz parte hartu duelako dagoeneko. Oñatiarrak kutunagoa du Flandriako Tourra. «Baina egia da Paris-Roubaixek daukala sonarik handiena. Txirrindulari gogorra izaten da beti irabazlea, sufritzen dakiena, garai bateko txirrindularitza gogoko duena». Datu argigarri bat eman du Irizarrek: «Profesionaletara denok igarotzen gara mendateak igota, erlojupekoak eginda eta taldekakoren bat lehiatuta. Baina harbide zatietan Paris-Roubaixen ibiltzen dira asko eta asko lehen aldiz. Gauza berria izaten da gehienentzat».

Gauza berria, berezia eta parekaezina Roubaixeko belodromoan sentitzen dena da, ordea, hiru txirrindularien hitzetan. «Garai bateko txirrindularitzaren ikurretako bat da», hasi du azalpena Horrillok. «Tourra bera ere, garai batean, ez zen amaitzen Eliseo zelaietan, belodromoan baizik. Eta klasiko honek eutsi egin dio xarma berezi horri». Xarma... nondik begiratzen den, barreari eutsi ezinik atera duelako Irizarrek belodromoaren argazkia: «Bertan sartu eta ez erortzea, hasieran horixe izaten zen beti nire helburua. Lehen itzulia nahiko goitik egin behar izaten da, eta bustita egonez gero...». Hurrengo urtean begira egoteko momentu polita aipatu du oñatiarrak.

Bizikleta gainean jarrita, Horrillok egin du lasterketaren erradiografia: «110. kilometrora arte gainerakoen berdina da, ez dauka ezer berezirik. Errepide laua, zuzengune askokoa, haizea...». Baina bizkaitarraren hitzetan, hasieratik nabaritzen da gero zer datorren. «25-28 harbide zati daude 110. kilometrotik aurrera, eta etengabeko gerra da horkoa; gerrara doazen soldaduen pare ibiltzen dira txirrindulariak. Badakite denetik gertatuko zaiela, baina aurrera egin beharra dago». Sartu aurreko borroka, harbide zatietako iraupena, eta atera ondorengo azterketa. Hortxe Paris-Roubaixen errealitatea.

Arenberg eta Carrefour

Harbide zatiak aipatuta, «Arenberg eta Carrefour de l'Arbre» zerrendatu ditu ermuarrak berehala. «Beroketa lanaren ondoren, Arenbergen hasten da benetako Paris-Roubaix, eta Carrefour de l'Arbren lehertzen da lasterketa». Horrilloren hitzak entzunda, zail-zaila ere ez da proba irabaztea. «Iraun egin behar da Arenbergera iritsi arte; egoera aztertu, eta apustua egin behar da Arenberg eta Carrefour artean; eta barrua hustu behar da gero».

Hainbeste harbide zati tartean egonda, materiala izugarri zaindu zalea da Irizar. «'Markel, 200 aldiz egin duzu Roubaix. Berriz begiratu nahi dituzu neurriak?', galdetzen didate taldeko mekanikariek, euren onetik aterata. Eta bai, gurpilak, neurriak... dena ondo aztertuta edukitzea gustatzen zait, ez daudelako bi egun berdin». Materialaz gain, esperientziak asko samurtzen du gorputzaren jipoia. «Euskaltelen lehen urtean, abentura izan zen Roubaixekoa. Baina aurten, Fabian gabe ere, 55-60 txirrindulariko lehen taldetxoan nindoan 50 kilometro falta zirela. Lehen pentsaezina zen hori». Alderaketan hasita, aurten Dauphinetik bueltan «askoz neke sentsazio handiagoa» zeukala aitortu du oñatiarrak.

Ikusi, ikusten dira telebistan txirrindulariak harbide zatietan, baina zer sentitzen da barru-barruan? «Orduko 50-60 kilometroko abiaduran sartu, eta, kolpeka, ez dakizu non amaituko duzun, errepideak alde batetik bestera bidaltzen zaituelako etengabe». Parte hartu zuen lehen aldian ulertu zuen Erbitik telebistan ikusitakoak benetakotik gutxi zeukala. «Oso zaila da bizikleta kontrolatzea. Oso arraroa da sentsazioa.» Bizikleta gaineko kontrola erakusten du telebistak. «Baina onenak bakarrik agertzen dira bertan. Edozein harbide zatitan lasterketa bertan amaitzeko arriskua egoten da».

Eurak agertzen dira orain telebistan. «Baina Johan Museeuwekin gogoratzen naiz ni [hiru aldiz irabazi zuen]», aitortu du Erbitik. «Hunkigarria zen hari begira egotea. Gogoan daukat nola helmugaratu zen behin hatzarekin belauna seinalatuz [2000n]. Urte batzuk lehenago erori eta min hartu zuen Carrefour de l'Arbren, eta zoragarria izan zen urte hartako Paris-Roubaix klasikoa».

Aukera daukaten guztiei bertatik bertara bizitzeko gonbita egin die Horrillok. «Txirrindulari profesionalei, zikloturistei, zaleei, kazetariei...». Ahotsean nabari du klasiko handi horrekiko maitasuna. «Egungo txirrindularitzan anakronismo bizi bat delako Paris-Roubaix. Inguratzen duen guztia ulertu behar da lasterketa bera ulertzeko». Infernua eta gozamena elkartzen diren leku berezi hori da Roubaxeiko belodromoa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.