Oihan Larrañaga. Hamaikako aurkezlea

«Testuingurua ematen saiatuko gara gauero»

'Gakoak' saioa estreinatu du bart Hamaika telebistak. Aktualitatearen analisirako tarte bat zabalduko dute gauero astelehenetik ostegunera, eta Larrañaga izango da aurkezlea.

urtzi urkizu
Donostia
2019ko irailaren 3a
00:00
Entzun
Urola Kostako Hitza-n eta Info7 irratian aritu zen Hamaikara iritsi aurretik Oihan Larrañaga (Zarautz, Gipuzkoa, 1988).

Goiz hasi duzue denboraldia Hamaikan. Indartsu?

Bai, irailarekin batera hasi gara, baina horrek aukera emango digu bizkor martxa hartzen. Errodajea eta indarra beharko ditugu, beste batzuk udazkenean hasten direnerako.

Gaien analisian sakontzen saiatuko zarete Gakoak saio berrian. Nola egingo duzue hori?

Albisteak kontatzera mugatu beharrean, testuingurua ematen saiatuko gara gauero. Badakigu zein diren gure indarguneak eta zein gure mugak. Zerbait gertatzen denean, milaka telebistak guk baino bizkorrago emango dute albistea. Ez du zentzurik horiek imitatzen saiatzeak. Baina saia gaitezke testuingurua ematen, analisiak egiten: kontatu baino gehiago, azaldu egingo dugu.

Analista asko azalduko dira saioan?

Egunotan ari gara analistak lotzen. Pixkanaka agertuko dira.

Irudi aldetik nola hornituko duzue programa?

Gurean Gaur albistegia 18:30ean, 19:30ean eta 20:30ean emango dugu, bi minutuko bideo albisteekin. Horietako batzuk erabiliko ditugu Gakoak saioan, baina ez dira horiek bakarrik izango. Hainbat formatutan emango ditugu albisteak.

Albistegia eguneratu ahalko duzue arratsaldean zehar?

Bai, hain zuzen ere, horixe egingo dugu. Aldiro egiteak aukera hori emango digu, albiste kateek egiten dutenaren moduan.

Ipar Euskal Herriko gaur-gaurko gaiei begiratzeko aukera ere izango al duzue?

Bai, horretan saiatuko gara. Bestetik, Araban ere ez daukagu egoitzarik, baina bertako aktualitatea landuko dugu. Hilaren 16an Nafarroa Gaur hasiko da, eta elkar elikatzeko aukera izango dugu.

Nolako oreka izango duzue hirietako egoitzen artean?

Ez daukagu kazetari kopuru bera Bilbon, Donostian edo Iruñean, baina saiatuko gara orokortasun bat lortzen Euskal Herri mailan.

21:30ean ez da beste eskaintzarik analisi politikorako. Ikusle asko erakarri al dezakezue?

Euskaraz ez da tankerakorik egongo ordu horretan, baina ez dago ikusle euskaldun elebakarrik. Beste hizkuntza batzuetan, sarean, analisi politikorako nahi adina eduki aurki ditzake ikusleak. Baina gure gaiak euskaraz lantzen dituen saioa Gakoak izango da.

Info7n aritutakoa zara. Naiz irratiaren sorrera lagungarria izango da Hamaikarentzat?

Maila nazionaleko euskarazko hedabide berri bat sortzea lagungarria da; elkarlanerako ate berriak ekarriko ditu, eta saiatuko gara elkarlan horrek fruituak eman ditzan. Maiatzeko bozetan saio bateratua egin genuen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.