UDAKO SERIEA. Kantuan diren lekuak (II)

Paradisuko igaroaldia

Badaude hitz egiten duten lekuak, eta badaude ibil daitezkeen hitzak, eta, oraindik ere, gurutza ditzake Xabier Lizardiren testuak, Tolosan trena hartzen duenak, adibidez. Zarautzen, mapan koka dezake idazlearen amets linguistikoa.

Gaur egun ere, Xabier Lizardi poetak 1929an ezagutu zuen ibilbide bera egiten du Tolosatik Donostiara doan trenak. Hor sortu zuen bere poema ezagunenetariko bat. Atzean Uzturre mendia ageri da. ANDONI CANELLADA / ARGAZKI PRESS.
Inigo Astiz
Tolosa-Zarautz
2014ko abuztuaren 27a
00:00
Entzun
Ongi ikustera heltzerako galdu egin zuen paradisua Xabier Lizardik (1896-1933). Orduko 80 kilometroko abiaduran-edo, Tolosatik Donostiarako bidean, treneko leihotik igarri zuen parnasoa; eskura kasik, baina baita eskuraezin ere. Argi deskribatzen du sentipen malenkoniatsu hori Bultzi-Leiotik poeman: «Oi, lur, oi, lur! Oi, ene lur nerea!... / Oi, goiz eme,/ parre gozoz ernea!... / Arto musker, / mendi, baserri zârrak; / ale gorriz / abailduta sagarrak: / oro laño / mê batek estalia, / urrezko oro / eguzkiak yantzia...». Leihotik ikusten duen hori da Lizardiren ustez iraun behar lukeena, baina hain zuzen ere, leihotik ikusten duen hori da desagertuko dena. Paisaia baliatu zuen idazleak bere pentsamendu, sentipen eta beldurrak adierazteko, eta, testua idatzi eta 85 urtera, oraindik ere bizi igar daiteke 36ko gerraren aurreko idazle nagusietariko bat izandakoaren mina. Konpartitu dezake bagoia Lizardirekin irakurleak, badaudelako hitz egiten duten lekuak eta ibil daitezkeen hitzak.

Euskaraz edertasuna posible zela frogatzea. Horixe Lizardiren lorpena, Koldo Izagirre idazlearen hitzetan. XX. mendeko poesia kaierak bilduman autoreari eskainitako hitzaurrean azaldutakoaren arabera, ordea, ez zuen samurra izan egitekoa. «Lizardiren poesia gizamaila kultu baten kontsumorako artea zen. Bere garaiko klase landua, zoritxarrez, erdalduna zen gehienbat, eta euskaldungoa berriz ez zen aski eskolatua euskaraz edertasuna posible zela frogatzen zion artistaren lana dastatzeko, urte asko eta historia luze bat pasa behar izan dute poesia minoritario hura herri oso baten erreferentzia izateko». Primo de Riveraren diktaduraren bueltan, gudu zelai bihurtu zen baita edertasuna ere. Testu errazak idatzi behar zirela batzuek; testu landuak ere beharrezko zirela besteek. Eta hor Lizardiren lorpena, Izagirreren hitzetan. «Ingurune hiperpolitizatu batean beti jokatu zuelako poesiaren autonomia begiratzearren».

85 urteren aldea dago Lizardiren poematik orain bozgorailuek ematen duten abisura: «Adi, mesedez, debekatuta dago trenbidea zeharkatzea; horretarako dauden pasabideak erabili». Ongi bidaiatu du testuak, halere. Leihoaren bestaldean dira, oraindik ere, poetak deskribatutako arto muskerrak, mendiak, baserri zaharrak, nekazariak, soroak... Lizardirena da, oraindik, Tolosako trenak zeharkatzen duen lurra. Igartzen da haren paradisua leihoaz bestaldera. Hor dirau belarraren freskotasunak, sagarrondoen gerizpeak, haize ufada xuabeen laztanak. Baina, egun, fabrika izenekin nahasten dira mendi izenak. Trenbide ertzean, industrialdeak, grafitiak, autobideak, hainbat solairuko eraikinak... Halere, Lizardi zeharkatzen du trenak oraindik.

Abiadura elektrikoa

«Nora zoaz?». Perot enpresako gerente lanetan aritzen zen poeta, eta horregatik izan zuen bidaiatzeko aukera. Zarautzen jaio, Tolosan bizi, baina noizbehinka joaten zen Madrilera, eta joaten zen Parisera, eta Bartzelonara, eta Donostiara... Ezin zehatz esan, horregatik, zein den 1929ko poeman idazleak deskribatzen duen tren bidaia, baina erantzuna eskatzen du, ordea, 2014ko txartel saltzaileak, eta hautatu egin behar, beraz. Tolosa-Madril, 45 euro, zazpi orduko bidaia. Tolosa-Bartzelona, 38 euro, lau orduko bidaia. Tolosa-Donostia, 3,60 euro, 24 minutuko bidaia. Bidaia guztiak Lizardik egindakoak baino azkarrago, baina guztiak Lizardik gurutzatutako lur beretan. Azkenean, erantzuna jaso, eta irribarre saltzaileak. «Oso ongi. 3,60 euro, mesedez». Baina ez da zuhurreria; badu bere poesia hautuak. «Bêko bear goriak / narama... Agur / soro, sagar, mendiak!...». Trenbidea maldan behera irudikatzen du poetak testuaren azken lerroetan, eta beherantz egiten du trenbideak ere Goierritik Gipuzkoako hiribururako tartean. Hori da, behintzat, Lourdes Otaegi literatura irakasle eta Lizardiren laneko adituaren hipotesia. Lizardiren bidaia da bidaia hori. Hau.

Buelta poemara: «Zure bazter, / gurazko aberria, / doa zoro/ (ta bertan ni) bultzia... / Oi, ene lur, / baninduzu zerea, / zu landu, ta / zure sariz asea!...». Leihotik bizi pasatzen irudikatzen ditu mendiak poetak. Zoro. Eta data ez da kasualitatea. 1929an idatzi zuen Lizardik Bultzi-leiotik poema, eta historikoa ere bada idazlearen harridura horregatik. Izan ere, urte hartan elektrifikatu zuten Norteko ferrokarrila. Orduan utzi zuten lurrunezko makina bazterrean, eta orduan hasi zen tren elektrikoa martxan. Aurrekoak baino biziago, zoroago. Eta, horregatik, idazlearen sorpresa. Horregatik ageri zaizkio ezezagun, ordura arte ezagun zituenak. Eta gaur arte. 1929ko ibilbide bera baitu egun ere trenbideak.

Arima ageri duen paisaia

«Ni naiz paisaia». Azorin poeta espainiar ezagunaren esaldi ezagun hori darabil Luis Mari Mujika idazleak Lizardiren paisaiaren trataera laburbiltzeko. Kanpo eta barru, barru eta kanpo, desagertu egiten da ia muga poetaren testuetan. Eta uztarketa hori aipatzen du Mujikak 1996an kaleratutako idazlearen paisaien inguruko ikerketan. «Gure olerkariaren paisaia ez da zerbait fisikoren ezagugarri, arimaren azalbide baino». Ikusten duen horretan erakusten du ikusi ezin dena poetak: «Lizardik ere interiorizatu egiten du paisaia; heriotzaren presentzia, Jainko-gosea, aldiaren iragantasuna, adibidez, etengabea da bere paisaiaren zertzeladatan». Azorinen hitzak hartuz, beraz: Lizardi da paisaia hau.

Poesiak gizartea alda dezakeela sinisten zuen Lizardik; sinbolo oihan bat da haren poesia. Politikoa ere bada-eta haren literatura. Garaiarekin bat. Bidegileak bildumarako Jon Kortazar literatura adituak idazleari eskainitako zenbakian deskribatzen du giro hura. «Diktadurapean debekatu egin zuten euskal abertzaletasunaren zabalkundea. Horregatik kultura bihurtu zen politika egiteko bide». Euskaltzaleak erakundeko kide lehenik, EAJren Gipuzko Buru Batzarreko idazkari nagusi ondoren, nabarmena da abertzaletasunak Lizardirengan duen eragina. Poema nazionala sortzeko asmoz zebiltzan garaiko euskal idazleak; asmo hori igartzen da Zarauzkoaren testuetan ere. Nolabait, aberria ere goratzen du Lizardik, mendiak goratzen dituenean. Pizkunde garaia da.

«Gaizki irakurritako Lizardi baten kanonizazioa» aipatzen du Anjel Lertxundik, halere, Lizardi eta erotismoa libururako idatzitako hitzaurrean. «Poetaren giza neurriko oro erre eta gero, haren hausterreen gainean jaso da aldare lizardiarra: aberria, euskara, Jainkoa, Berpizkundea... (...) Giza mailako Lizardi poeta bazterturik, sinbolo mailako Lizardi bat sakralizatu genuen». Baina giza Lizardi hori igar daiteke poemen atzean. Esperientzia du oinarri bere poesiak. Ikusitakoa bilakatzen du ikur.

«Pagadizabal gestioa SE VENDE 943835153». Zarauzko Egaña-Enea etxean dago kartela. Lizardiren aitonak eraikiarazi zuen etxean. Hori da Asaba zârren baratza poeman deskribatzen den lekua. Hala zehazten du Bidegileak bilduman poetari eskainitako aleak. Begi bistan den etxe hau da poemako etxe hura. Salgai, orain, arbasoen etxea. «Asaba zârren baratza, untzadun ormek esia, / eguzkiak lên maitea... / Otzaldi zoro baten itzuli, / yoka nagokik atea. / Yoka nagokik atea, / ate gorri zurezkoa, / euri zârrek usteldua; / marraskilloek bide biurri dirdaitsuez apaindua». Antzinatik datorren ildo baten jarraipena deskribatzen du poetak testuan. Iraupena, eta baita desagerpenaren arriskua ere. Egaña-Eneaz ari da, baina ari da euskarari buruz ere. Eta kokatu, horma horien artean kokatzen du dilema. Zarautzen, Nafarroa kaleko 7.eneko etxe horretan. Etxe honetan.

Oroipen txoriak

Hiriaren iraganaz mintzo da etxea: hiru eta lau solairuko eraikin artean geratzen den etxe itxurako bakarra da. Turistak ekarri eta turistak eramaten dituen errepidea aurrean, Torre Luzeako parkearen lasaitasuna atzealdean. Lizardiren eskultura bat eta Basarriren beste bat bertan, eta iturri bati darion uraren bakea. Hortik ikusten da etxeko lorategia. Arbaso zaharren baratzea, alegia. Dorre Luzea sail osoa hartzen zuen garai batean Lizardik ezagututako lorategiak, eta hori da poeman deskribatzen dena, baina 36ko gerraren ostean miseria baten truke saldu behar izan zituzten lurrok, eta etxeko lorategia da egun Egaña-Eneari lotuta dagoen bakarra. Zuhaitz batzuk bertan, loreak, eguzkitako bat, eta etxera sartu ahal izateko atea parez pare zabalik. Inor ez, begi bistan, ordea. Poetak ezagututako etxe bera, poetak ezagutu gabeko garai batean. Joandakoaz mintzo da Lizardi ere: «Sar eta... zuaitz yantziak. / Urrats bat egin, ta... adar uts. / Oroipen-txoriez zeuden / beterik: ni ikus ta, bat-batean, /egoei eragin ziten / (...) Urte yoanen zitala! / Zuek zarpildu-itzalia / lênera nork lekardake?/ Zabal-naroa nuen baratza, / gaur ain estu, gaur ain gabe!».

Etxe konkretutik, etxe zabalagora doa poeta. «Benetako gertakari eta sentimenduen inguruan eraiki zuen bere olerkigintza [Lizardik], hots, bere begientzat eta bere bihotzarentzat egia ezaguna zena hartu zuen olerki oinarritzat, abiapuntutzat, egi konkretu eta txiki horien bidez egia nagusi eta ezezagunera hurbiltzeko helburuz». Hala deskribatzen du Lourdes Otaegi ikerlariak Asaba zârren baratza-n gertatzen dena. Amona da poemako protagonista. Lorategi erdian, burua erdi-galduta ageri den amona, zehazki. «Baratz erdian dut arki/ amona: alderoka dator, / begi galduak noranai... / Eriotzak dakar besalagun, / bere buruz ezpaita gai».

Lizardiren kezka kultural nagusiaren sinbolo da etxe hori. Euskara ikusten du etxe hori ikusten duenak. Otaegik bere doktore tesian dioenez, gurasoekin eta ingurukoekin erdal giroan hazitako Lizardirentzat, hizkuntzarekiko lokarria irudikatzen du amona horrek. Eta erreala da anekdota. «Amona, zahartzaroan, inor ezagutzen ez zuela egon zen, zahartzaroko eromenak jota, eta olerkaria gizon eginik ezagutu ez bazuen ere, haren semea bai eta hari euskaraz aritu omen zitzaion amona, Lizardi bera zelakoan». Eta sorpresa hori da Lizardiren poemaren funtsa. «Ta, ara, bidean, baldarño, / muttiko bat guregana: / ark birbilloba, nik seme. / Ikus amonak, bertan gelditu, / ta aren eztizko irribarre! / Laztan du, pozak zoratzen: / 'I aut, orain akust ongi!' / (diotsa) 'I aut, bai, Olako!...' / Ta... nere izenez igurtzi zuen / burutik oñetaraño. / Lêna zegoen orañaz / ele gozoka. Bitzuok / mintzo beraz ziarduten. / Ene asaben lokarri zârra, / Yaunari zor, etzan eten!».

Horixe Lizardiren baratzea. Hauxe. Harriek beste mantentzen dute olerkariaren hitzek zutik gaur egun ere. «Baratz zârraren antzalda!, / egi, mami, biur adi: / lênaren muñak aldatu beza / baratz zârra baratz berri!». Horixe poetaren ametsaren latitude zehatza. Eden puska bat salgai.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.