Erredakzio moreak xede

Erredakzioak «despatrialkalizatu» egin behar direla esan dute hainbat kazetarik, Kazetaritza Feministari Buruzko I. Kongresuan. Ohartarazi dute erredakzioak emakumez husten ari direla.

Zenbait kazetari feministak beren eguneroko gorabeherak azaldu zituzten, herenegun. MARISOL RAMIREZ / FOKU.
Zihara Jainaga Larrinaga.
Bilbo
2019ko urriaren 11
00:00
Entzun
Lehen erredakzioko feminista zoroa izan nintzen, eta, duela gutxi, albistegietan ordezkatu egin naute, deserosoa izateagatik». Hala aitortu zuen Montserrat Boix TVEko kazetariak asteazkenean, Bilbon, beste kazetari feminista batzuekin egindako mahai inguruan. Kazetaritza Feministari Buruzko I. Kongresua egin dute asteon Bizkaiko hiriburuan, Pikaramagazine aldizkariak antolatuta. Genero ikuspegia duen kazetaritza egitearen garrantzia izan dute hizpide bi egunez. Horrez gain, landu dute nola barneratu begirada feminista, albiste, ikuspuntu eta errutinetan. Boixekin batera, Radio Euskadiko Goizalde Landabaso, Argia-ko Onintza Irureta, BERRIAko Maite Asensio Lozano eta La Marea-ko Patricia Simon kazetariek parte hartu zuten mahai inguruetako batean.

Boixek aitortu zuen bakarrik sentitzen dela Espainiako telebista eta irrati publikoan berdintasuna lortzeko bidean. TVEren berdintasunerako behatokiak urtebete baino gehiago darama geldi. «Zenbait kontu zalantzan jartzea oraindik ere gaizki ikusia dago, baina argi dugu ez dagoela kazetaritza onik, feminista ez bada». Erredakzioan aktibista izateko beharra nabarmendu zuen Boixek. «Argazkietatik ekintzetara» pasatzeko beharra. Simonek gaineratu zuen gaur egun errazagoa dela kazetaritzatik bizitzea kazetaritza ona egitearen inguruan eztabaidatzea baino. Eta azken horretatik bizitzea baino.

«Iristen da momentu bat non gauza deserosoak planteatu beharra dagoen aurrera egiteko, eta hori ez da oso erraza», aitortu zuen BERRIAko Asensio Lozanok. Beharrezko iruditzen zaio erredakzioetan feminista asko egotea eta giro bat sortzea. «Ni ez naiz BERRIAn dagoen feminista bakarra, eta hori garrantzitsua da». BERRIAn feministek pisua izatea lortu dutela adierazi zuen, «edukiei dagozkien gauza batzuk ez zalantzan jartzeko». Hain zuzen ere, BERRIAren Estilo Liburua erreferente da deontologia atalean: bertan landu zituzten lehen aldiz sexismoari loturiko jarraibideak, hizkera ez-sexistari buruzkoak. Eta, gaur egun, hiztegi feminista garatu dute hainbat feministari esker. «Ez da kasualitatea».

Asensio Lozanok herri ekimeneko hedabide izatearekin lotzen du BERRIAn feministak egotea. «Herri ekimeneko hedabideek herri mugimenduekin lotura dute, eta horietan errazagoa da feministak aurkitzea, babestuago eta erosoagoa egoten direlako gaiak lantzeko».

Herri ekimeneko hedabidea da Argia ere. Iruretaren esanetan, bertan arduren banaketa lotuta doa kazetaritza feminista «errazago edo zailago» egitearekin. Ez dute zuzendaririk, eta kazetari bakoitzak bere autonomia du. «Horrela, langilerik ahulenak indartu egiten dira». Aitzitik, nabarmendu zuen hierarkiak hausteak bidea erraztu eta erosoago egin diela emakumeei proposamenak egiteko orduan. «Horrek gehiago zabaldu digu kazetaritza feminista egiteko bidea. Praktikan nabaritu egin dugu».

Bozgorailu moreen beharra

Bestalde, Landabasok, kazetari feministak baino gehiago, irratietako emakume hizlariak izan zituen mintzagai. «Irratiko programetan emakume ahotsa falta da, eta ez da bilatzen ez direlako». Emakumeek, oro har, kazetarien deiari erantzuteko arazo bat dutela adierazi zuen Landabasok. Aitzitik, kritikatu zuen arazoa dela, batik bat, tertulien egiturak gizonezkoentzako sortuak direla. «Emakumeari arrotza, bortitza eta erasokorra egiten zaio horrelako tertulietan parte hartzea». Horregatik, emakumeek hitz egiteko toki bat izateko eta kazetaritza egiteko beste modu bat asmatu beharra nabarmendu zuen.

Oro har, hizlariak bat etorri ziren kazetaritza feministan beste aurrerapauso bat emateko garaia dela esatean. «Erredakzioak despatrialkalizatu behar dira, baina funtzionamendu tradizionala duten erredakzioak ez daude prest halako aldaketa baterako», gaineratu zuen Asensiok. Fakultateak emakumez beteta dauden arren erredakzioak emakumez husten ari direla ohartarazi zuen. «Begirada feministaz gain, ilusioa ere falta zaigu; hausnarketa sakon bat behar dugu, eta gaitasuna badugu horretarako»,aipatu zuen Landabasok.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.