Bikotekide egokiaren bila

Koprodukzioek zer aukera ematen dituzten aztertu dute Conecta Fiction Reboot sareko topaketan. Istorioak eraman ohi du ekoiztetxe bat beste herrialde batean bazkide bat bilatzera.

The Mallorca Files Erresuma Batuko eta Alemaniako profesionalen koprodukzio bat da; Palman grabatzen dute. C. FICTION.
urtzi urkizu
2020ko ekainaren 19a
00:00
Entzun
Ben Donald Cosmopolitan Pictures ekoiztetxeko (Erresuma Batua) ekoizleak Alemaniako ZDF katean eta Herrialde Katalanetako Palma Pictures ekoiztetxean aurkitu zituen aliatuak The Mallorca Files telesaila aurrera eramateko —BBCk estreinatu zuen, eta Lapurdin, Nafarroa Beherean eta Zuberoan ikusi ahal izan da, France2n—; Frantziako Wild Horses ekoiztetxeak Espainiako Plano a Plano topatu du bikotekide egokia Ummo telesaila sortzeko —1960ko Madrilen girotuko dute—; RTVEk Txileko Chilevision katearekin eta Boomerang ekoiztetxearekin (Espainia) ekoitzi du Inés del Alma Mía telesaila. Egunotan Conecta Fiction Reboot topaketan aztertu dituzten koprodukzioetako batzuk dira. «Proiektu batek arrakasta izatea nahi badugu, koprodukzioak egitea baino ez dugu», adierazi du Ben Donaldek, The Mallorca Files telesaileko ekoizle eragileak.

Palman grabatu dute telesail hori. Bigarren denboraldiko grabaketak martxoaren hasieran eten behar izan zituzten, koronabirusaren krisiaren eraginez. Hainbat herrialdetako profesionalek egiten dute lan ekoizpenean, eta Palma Pictures konpainiak funtsezko rola jokatu du—Ola Holmgren Suediako enpresariak sortu zuen, 1993an; lehen urteetan publizitatean aritu zen—. Mike Day Palma Picturesko zuzendari eragileak nabarmendu du The Mallorca Files telesailean lokalizazioek funtsezko rola dutela: «Dena perfektu egotea nahi genuen, eta pertsonaiak limurtu». Donaldek, ildo berean, aipatu du uharteak «denetarik» eskaintzen diela. «Oraindik gauza asko dauzkagu uhartean deskubritzeko». The Mallorca Files telesail poliziakoa da: «Baina, delituen detailetan bainoago, polizia protagonisten harremanean jartzen da fokua». Erresuma Batuko emakumezko polizia batek eta Alemaniako gizonezko polizia batek ikertzen dituzte kasuak, Balear uharteetan. Annika Schmidt ZDFko nazioarteko fikzioen arduradunak nabarmendu du telesailak oso ondo funtzionatu duela konfinamenduko asteetan: «Opor txiki batzuk bezala dira atalak ikus-entzuleentzat».

Bestelako kasua da Ummo telesailarena —ez dute estreinatu oraindik—. Nicolas Deprost Wild Horses-eko ekoizleak Madrilen girotuko zen istorio bat kontatu nahi zuen, eta ezinbestekoa zuen Espainiako ekoizle bat topatzea. Plano a Plano ekoiztetxearekin (Allí abajo) harremanetan jarri, eta elkarrekin idatzi dituzte gidoiak: «Bi taldeek suharki egin dute lan istorioa eraikitzeko», nabarmendu du Deprostek.

Ekoiztetxeen artean ez ezik, Europako zenbait telebistaren artean koprodukzioetarako aliantzak ari dira sortzen; The European Alliancek France Télévisions (Frantzia), RAI (Italia) eta ZDF (Alemania) elkartu ditu, fikziozko telesailak ekoizteko. Nathalie Biancolli Frantziako telebista publikoko nazioarteko fikzioko zuzendariak Conecta Fiction topaketan parte hartu du, eta nabarmendu du «irekitasuna» areagotu nahi dutela. «France2 eta France3 kateetan ikusleak ez dira gazteak; batez beste 60-63 urte ingurukoak dira. Publiko guztiengana iritsi nahiko genuke, adin guztietara». Frantziako, Italiako eta Alemaniako kate publikoen aliantzaren koprodukzioen artean, Mirage thrillerra, Leonardo—Italiako Leonardo da Vinci artistari buruzkoa— eta Around the World in 80 Day —Jules Verneren eleberrian oinarritua— daude.

Koprodukzioetarako beste formula bat telebista kate tradizionalen eta streaming plataforma berrien artekoak dira. «Elkarlan horiek ondo ari dira bidaiatzen», esan du Pilar Blascok, Endemol Shine Iberia taldeko zuzendari eragileak. Sektoreko emakume liderren solasaldi bat egin dute topaketan, eta bertan Vanessa Velazquez Springmediako (Mexiko) ekoizleak gogorarazi du emakumeek sortutako narratibak «berdingabeak» direla.

Alice Delalande Frantziako CNC zentroko animazio eta fikzio arduradunak, era berean, aipatu «palankak» behar direla koprodukzioen sistema bat indartzeko. Oroitarazi du badaudela diru laguntzak koprodukzio frantziar-alemaniar eta frantziar-italiarrak finantzatzeko. «Conecta Fiction bezalako topaketak ere funtsezkoak dira elkar ezagutzeko».

Internet bidezkoa izan da Conecta Fiction Reboot. Irailaren 2an eta 3an, berriz, Iruñeko Baluarte jauregian elkartuko dira, koprodukzioen gaia lantzeko. Han izango dira Euskal Herriko bi sortzaile: Edurne San Jose eta Iker Aizpurua Pitch Clips kategoriako finalisten artean sartu dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.