Albistea entzun

Uhinetan 1982az geroztik

Xiberoko Botzak 40 urte bete ditu. Memoria lan bat egin dute, irratiaren sortzaileen eta irratiaren historian gisa batez ala bestez parte hartu dutenen oroitzapenen kronikak hedatuz.
Giro onean ospatu zuten Xiberoko Botzaren 40. urtemuga, azaroaren 5ean, Muskildin.
Giro onean ospatu zuten Xiberoko Botzaren 40. urtemuga, azaroaren 5ean, Muskildin. XIBEROKO BOTZA Tamaina handiagoan ikusi

Joanes Etxebarria -

2022ko azaroak 19 - Maule Iparraldeko Hitza

Landak, kaseteak, biniloak, diskoak, MP3 formatua...; teknikoki jauzi anitz egin diren bezala, aldaketa anitzen lekuko izan da Xiberoko Botza irratia, estudio barnean eta inguruan. 40 urte bete berri ditu, euskaraz emititzen. Muskildin (Zuberoa) egin zuten ospakizun jaia, azaroaren 5ean, 300 lagunen konpainian.

Lau hamarkada atzera joz, François Mitterrand Frantziako presidente sozialistaren garaipen elektoralari erreferentzia egiten diote sortzaileek, hala nola Jojo Malharinek, haiek bezala irratian egin kronika batean: «1981ean Mitterrand Frantziako presidente izendatu zelarik, aipatu zuen irrati libreak sortzen ahalko zirela. Jadanik baziren zenbaitzuk legez kanpo hedatzen zutenak, baina orduan agertu ziren irratiak nonahi, eta hemen ere, Zuberoan, bagenuen xede bat euskarazko irrati baten egiteko».

Lekuko irrati bat izanik, lekuko testuinguruak badu, beharbada, hastapenetako kontakizunean garrantzia haboro. Xiberoko Botzaren ideia elkarte anitz elkartzen zituen Ühaitza elkartean agertu eta garatu zen, eta, beste anitzen gisa, han zen Malharin ere. «Ühaitza elkarteak zuen xedea eraman. Lantalde bat sortu zen hastapenean, eta, beste anitz bezala, horri lotu nintzen».

Politikoki eta orokorkiago ere, «giroa bero zen Zuberoan», Allande Etxart beste sortzaile baten oroitzapenetan, nahiz ez duen uste «sekula hotz izan» denik ere. Aipatu behar dira, haren ustez, instituzioekin 1978tik aitzina sinatu ziren bi herri kontratuak, eta horiek ekarri «gogoetak, jende biltzeak, ideia nahasketa eta xedeak». Mauleko kabala hiltegia eta Sohütako lizeoa garai horietakoak dira, adibidez. 1982an sortu zen Xiberoko Botza, horien segidan, Irabarneko jauregian, Mauleko Herriko Etxeak prestatu gela hutsean.

Iulen Guiresse irrati kazetariak prestatu kronika historikoetan, pertsonen kontakizunak dira ardatz, kronologia bera baino gehiago. Madouce Araguas Irabarneko laborariak, sortzaileetarik batek, gogoan ditu hastapenetako tentsio politikoak Mauleko herriko etxe sozialistarekin: «Harreman gogorrak ziren abertzale edo euskaltzaleen eta auzapezaren artean». Geroago, Xiberoko Botzaren «orientazio abertzale eta euskaltzalearen» parean, Mendililia irratia sortu zen.

Euskara gehiago baliatzen zen garaia zela iduri zaio Jean-Jacques Etxeberri Llargo beste sortzaile bati, nahiz eta euskara saihetsean uzten zen, aldi berean: «Xiberoko Botza etxe orotan sartzen zen. Halarik ere, ez zen ofizialki behaturik; ahapetik behatzen zen». Aski fite baliatu bazen ere euskara sustatzeko tresna gisa, lehen emankizunetan frantsesa eta portugesa entzuten ziren, euskararekin batean.

Kanpaina herrikoiak

Teknika aldetik, Allande Etxarten lana inportantea izan zen uhinak lau haizeetara hedatzeko. «Frantxoa Hastaran ere han zen, ni bezala elektronika ikasi baitzuen; biak ginen teknikari», erran du Etxartek. «Hastapenean, estudioa muntatu, kableak, tresnak konpondu...». Lehen antena Irabarneko jauregi ondoko baobab zaharraren adar gorenean plantatu, eta geroago Sohütako mendixka batean ezarri zuten. Kazetari aldetik, antena hartu zuten lehenak boluntarioak zirenez, Etxartek aipatu du langile baten beharra fite agertu zela: «Paperak prestatzen genituen, ustez oren bat iraunen zuela, eta, oren erdiz, dena bukatua zen. Ohartu ginen lana zela, eta langile bat behar zela».

1983an hasi zen langile gisa Marcel Bedaxagar, kanpaina herrikoi batek finantzaturik. Mikroan ari zen, eta laguntzaileak teknikari lanetan. «Egunkariak bagenituen, baina ez ziren beti berri freskoak. Beste irratiak behatzen genituen. Oso artisaua zen», dio kronika batean. Gaur egun, etxez etxe sosa biltzeko kanpaina iturri inportantea da, irratiko bost langileen gastuen parte bat pagatu ahal izateko. Talde profesionalarekin, logikoa denez, antenan ari ziren laguntzaileen kopurua ttipituz joan da urtez urte, baina Maite Davantek —1998an hasirik, hamar urtez izan zen irratiko langile— beste laguntzaileen garrantzia aipatu du: «Lagünak elkartean, gazte anitz baziren animazioak antolatzen zituztenak irratirako sosa biltzeko. Pintatzera edo brikolatzera jin behar zelarik, taldeak antolatzen ziren. Bazen dinamika gaitza eta ederra irratiaren inguruan».

Denborarekin Lagünak elkarteak egiten zuen lana eta irratiaren inguruko animazio kulturalak langileen esku gelditu badira ere, beste laguntzaile batzuekin badute hurbiltasuna oraino ere: herrietako berriemaileekin, eta kirol edo kultur elkarte anitzetako berriemaileekin.

Allande Errezarret irratiko administrazio kontseiluko buruak desafio berriak ikusten ditu: «Gure biharko erronka da aldi berean ahozkoan presente izatea zuberotarrez, baina baita izkribuan eta irudian ere».

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

 ©BERRIA

«Besteez barre egiteari utzi behar diogu»

Unai Etxenausia

Konbentzituta dago Montalvo: arte eszenikoak ikuspegi feminista batetik abiatuz landu behar dira. Umorea feminismoarekin uztartzen duen formakuntza bat aurkeztuko du asteburuan, Ozetan.
Bego Viñuela kaligrafoa, <em>kaligrafia</em> hitza lumaz idazten, Bilboko bere estudioan. ©OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
Jokin Etxeberria, <em>Muak</em>-en. ©MUAK

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu euskarazko kazetaritza independente eta kalitatezkoa egiten segitzeko.