Altsasu, begi katalanekin

Ia 650.000 pertsonak ikusi zuten 'Altsasu: ferides obertes' erreportajea Kataluniako TV3n, asteartean. Ikusle katalanak «identifikatu» egin direla esan dute saioaren ekoizleek.

Bi aste baino gehiago pasatu zituzten kazetari katalanek Altsasun, afera «barrutik» ezagutzeko. BAS / TV3.
Edu Lartzanguren.
2019ko urtarrilaren 25a
00:00
Entzun
Altsasuko (Nafarroa) gaiak «ikusmina sortzen du Katalunian, hemen ere proces-aren kontrako epaiketa dugulako otsailean, baina ez nuen espero saioak horrenbeste ikusle izatea». Hala esan du Valti Rodak. Altsasu: ferides obertes (zauri irekiak) erreportajearen ekoizlea da Roda. Bas ekoiztetxeak egin du TV3rentzat, eta ikusle datu ikusgarriak lortu zituen astearte gauean, Kataluniako telebista publikoan. Ikusleen %22,8 pantailari itsatsita eduki zituen saioak: 644.000 inguru. Rodak %18 bakarrik espero zuen.

Albert Segurak eta Anna Sanmartik zuzendu dute erreportajea. Seguraren ideia izan zen, Rodak esan duenez. Lehen ere eginak zizkien elkarrizketak guardia zibil batzuekin taberna batean istilua izateagatik urte luzez kartzelara zigorturiko Altsasuko gazteen gurasoei, eta irratsaio bat egin zuen. TV3n berehala onartu zuten proposamena. «Egitasmo konplexua zen; kontua ez zen Altsasura joan eta elkarrizketa batzuk egitea, baizik eta benetan sartzea han, eta familiarekin eta herriarekin bizitzea». Taldeak 17 egun pasatu zituen herrian. Lorturiko konfiantza eta intimotasun hori ikusi egiten da dokumentalean. «Errealitatera jaistearena abandonatzen ari da kazetaritza. Kamerak ahaztu behar dituzu ordu luzez, eta itxaron, grabatzeko unea berez etorri arte».

Altsasuko gazteen gurasoez gain, herriko elkarteetako kideak elkarrizketatu dituzte, baitaBrian Currin Hegoafrikako, Ipar Irlandako eta Kolonbiako bake prozesuetan bitartekari izandakoa, Jonan Fernandez Eusko Jaurlaritzako Elkarbizitza eta Giza Eskubideen zuzendaria, Paco Etxeberria auzi medikua eta Foro Sozialeko eta Sareko kide Agus Hernan eta Joseba Azkarraga ere, besteak beste.

Identifikazioa

Altsasuko gazteen kontrako akusazioa bultzatu duen Covite ETAko biktimen elkarteko Consuelo Ordoñezen elkarrizketatu dute,baita herrian 1980ko hamarkadan destinaturik izan zen guardia zibil bat ere.

Ez dute lortu, ordea, Guardia Zibilak Altsasun duen kuarteleko gaurko ordezkaririk elkarrizketatzea, ez eta istilu hartan nahasiriko agenterik ere. «Gonbidapenari ezetz esan diote».

Senideek beldur apur batekin hartu zituzten Kataluniako berriemaileak hasieran, hedabide askoren aldetik oso tratu latza jaso duelako herriak. «Baina berehala ikusi zuten gauza irekia eta korala egin nahi genuela, kazetaritza produktu bat».

TV3eko Sense Ficció saioan eman zuten erreportajea, eta azken lau urteotan horretan zabalduriko lanetatik gehien ikusietan bigarrena izan zen. Kataluniako herritarrak identifikatu egin dira gaiarekin, Rodaren arabera. Gazteek espetxean epaitu aurretik pasatu zuten denbora eta preso politiko kataluniarrek igaro dutena lotu dutela gaineratu du. «Espainian kartzela politikaren aplikazio oso gogorra egiten ari ez ote diren galdetu dio jendeak bere buruari, eta Currinek ere komentatu egiten du Europako zigor sistemarik gogorrenetako bat dela». Katalunian harritu egin dira ikusleak, Rodaren arabera, Altsasuko herritarrek euren kabuz nabarmendu dituztenean beraiei gertaturikoaren eta Katalunian jazotzen ari denaren arteko lotura.

Katalunian ez ezik, saioak arrakasta handia izan zuen asteartean Altsasun bertan. Iortia kultur guneko aretoa bete zuten herritarrek, elkarrekin ikusteko TV3n eman ahala. Harrezkero, milaka aldiz ikusi da saioa TV3ko webgunean. Rodak esan duenez, saioa katearen nahierarako zerbitzua «lehertzen» ari da asteartetik.

ETB2n emango dute igandean, 22:00etan, 360° saioan. «Jende askok esaten du: 'Nik Altsasuz dagoeneko dena entzun dut'», adierazi du Rodak. «Baina ikusten dituzunean kartzelaturiko gazteen gurasoak, konturatzen zara hori edonori gerta zekiokeela, eta horrek elkartasun interesgarria sortzen du».

Erreportajearen egileek asko ikasi dute Altsasun eginiko lanarekin, ekoizleak azaldu duenez. «Konturatu gara Katalunian bizitzen ari garen aferaz Euskal Herrian dagoeneko katedra daukazuela. Hori igarri egiten da».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.