Neurri handiko fikzio batean

HBO katea 'Patria' telesaila ari da grabatzen Gipuzkoan. Donostiako Parte Zaharrean, lantaldea turisten artean murgildu da. Aktoreek esan dute «oso gustura» ari direla lanean.
Fikziozko manifestazio bat grabatu zuten atzo Donostiako Parte Zaharrean.
Fikziozko manifestazio bat grabatu zuten atzo Donostiako Parte Zaharrean. JUAN CARLOS RUIZ / FOKU

Urtzi Urkizu -

2019ko apirilak 24
Donostiako Parte Zaharreko kafetegi batean daude Elena Irureta (liburuan Bittori) eta Ane Gabarain (Miren). Patria telesaileko bi rol protagonistak jokatzen dituzte, eta goiz osoa han egin dute. Tartean, figurante lanak betetzen dituzten hainbat lagun kafetegira sartu eta atera ari dira; 1980ko hamarkadako janzkerak dituzte guztiek. Manifestazio baten grabaketan ere parte hartu dute bi aktoreek. «Gora ETA militarra!» oihuak entzun dira. Tokiko herritarren eta turisten arreta bereganatu dute grabaketek. Izan ere, Parte Zaharra HBOren plato bilakatu da hainbat orduz; Elgoibarren eta Soraluzen (Gipuzkoa) ere ari dira grabaketak egiten. Bi herri horietan laguntza handia jaso dutela nabarmendu du Aitor Gabilondo gidoilari eta ekoizleak.

Telesailean, familia bereko pertsonaiak jokatzen dituzte Eneko Sagardoik (Gorka), Loreto Mauleonek (Arantxa), Jon Olivaresek (Joxe Mari) eta Mikel Laskurainek (Joxian). «Grabaketak oso ondo doaz, erraz antzean», esan dute laurek, aldi berean. Laskurainen iritziz, «denbora gehiago dago ETBko telesail batekin alderatuta». Baliabide gehiago daudela nabarmendu du. «Baina, gainontzekoan, antzera: aurrera atera behar ditugu gure pertsonaiak». Sagardoik, ildo berean, esan du aktoreen jolasa betikoa dela: «Baina nabari da lantaldea handiagoa dela, eta teknikoki baliabide gehiago daudela».

Kanpoko eszenak ari dira grabatzen asteotan Euskal Herrian; barnekoak Madrilen grabatuko dituzte, uda partean. Telesaila datorren urtean estreinatuko dute. Europa osoan eta Amerika osoan ikusiko da, baina Mauleonek argi du ez dutela hori buruan: «Nahikoa dugu egin behar dugun lan guztiarekin. Hemengo telesail batean ariko bagina bezala gabiltza, horretan buru-belarri». Olivaresi lagunek asko aipatzen diote telesailak ekar diezaiokeenaz. «Baina auskalo zer etorriko den gero; horri garrantzia kendu diogu».

Fernando Aranburuk euskal gatazkaren inguruko ikuspegi propioa eman zuen liburuan. Kritikak askotarikoak izan dira, eta Laskurainek aitortu du zalantzak izan zituela lana onartu ala ez. «Baina ingurukoek animatu egin ninduten. Eta baiezkoa eman nuenetik, jo eta ke aurrera. Emazteak esan zidan ez dudala lagunik galduko; ezagunen bat, agian, baina lagunik ez». Olivaresek gaineratu du euskal aktore bakoitzak «bere alea» jartzen duela: «Aukera dugu gure puntua emateko, pertsonaiei bizitza emateko gure sentsibilitatetik». Aktoreek gidoietan ez dute eskua sartzeko aukerarik. Hala ere, Sagardoik aipatu du Felix Biskarret (zuzendaria) eta Gabilondo prest daudela entzuteko: «Oso kritikoak dira biak, baina egia da liburu jakin batetik datorren testua dela telesailekoa».

Fikzioa gaztelaniaz da. Hitz solte batzuk baino ez dira entzungo euskaraz. Sagardoik aitortu du ilusioa egingo ziola telesaila euskaraz egin izan balitz. «Baina jakin behar dugu ikusten non gauden: hau HBOren mundu mailako ekoizpen bat da, eta Espainiako HBOren aurrenekoa da. Guk dagoenari sinesgarritasuna eman behar diogu, eta kito».

Lau aktoreek aitortu dute haien ofizioan langabezi tasa handia dagoela, zaila dela lan horretaz bizitzea. «Baina ez dugu horregatik lan hau onartu», dio Laskurainek. Sagardoik gaineratu du proiektu guztiekin izaten dituztela zalantzak. «Beharrezkoa da euskal gatazkaren inguruko fikzioan aniztasuna egotea, kamera hainbat tokitan jartzea. Hau nire bosgarren fikzioa da ETA tartean dagoena. Patria beste bat da».

«Ikusmina piztuko du»

Istorioaren beste familian, Jose Ramon Soroizek aitarena egiten du (Txato). Eta haren seme-alaben rolak Iñigo Aranbarrik (Xabier) eta Susana Abaituak (Nerea) jokatzen dituzte. Aranbarriren ustez, Patria promozioan bereiziko da Euskal Herrian ikusten diren beste telesail batzuetatik. «Dezenteko oihartzuna izango du. Ikusmin handia piztuko du HBO delako». Abaitua kate horren telesailen «zale amorratua» da. «Aitortzen dut ilusioa egiten didala HBOrentzat lan egiteak».



Aranbarri jakitun da zeresan handia eman duen liburu baten egokitzapena dela telesaila. «Baina aktoreok saiatu behar dugu istorioa ahalik eta sinesgarrien egiten. Pertsonaiak humanizatu behar ditugu. Telesail bat ikusten duzunean, ederrena pertsonaiekin enpatizatzea da».

Abaituak eta Aranbarrik nabarmendu dute gidoiak «oso ondo idatziak» daudela. «Aktore bakoitzak bere pertsonaia ezagutzen du, eta zuzendariari proposamenak egin diezazkioke. Baina osagai politikorik ez duten beste edozein fikziotan bezala».

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna