Digitalizazioa, aukera gisa

EITBk hainbat aplikazio eta gailu digital sortu ditu Elhuyarrekin eta Vicomtechekin batera. Asier Larrinaga Euskara zerbitzu buruak eman ditu horien inguruko xehetasunak, Donostian.

Asier Larrinaga, atzo, Tabakaleran emandako hitzaldian. JON URBE / FOKU.
ainara arratibel gascon
2019ko irailaren 19a
00:00
Entzun
Digitalizazioak bide eta estrategia berrietan sakontzera eraman ditu hedabideak. Euskal Telebistaren kasuan, euskarazko edukiak izan ditu lanketa horren oinarrian, besteak beste. «Digitalizazioak ahalbidetu digu gure edukiak edozein momentuan eta edozein lekutan eskuragarri izatea», azaldu du Asier Larrinagak, EITBko Euskara zerbitzu buruak. «Horrekin batera, ahalegindu gara audientzia multzo berriak erakartzen».

Horri lotuta sortu dituzten tresna eta aplikazioen berri eman zuen atzo Larrinagak, 2deok Donostiako Tabakalaren antolatutako jardunaldietan: Hizkuntza aniztasunaren erronkak ikus-entzunezkoen digitalizazio garaian. Harekin batera jardunaldietan izan ziren Katixa Agirre idazle eta Ikus-entzunezko Komunikazioan doktorea, Gitte Laurell Yle Areenako suedierazko atalaren burua eta Ceitlin Smith, Eskoziako BBC Albako aurkezlea.

Hiru multzo nagusitan banatu zituen erakar ditzaketen ikus-entzuleak: euskaldun pasiboak edo belarriprest-ak; hedabide tradizionaletara iristeko zailtasunak dituztenak (gorrak, itsuak...) eta euskara erabil dezaketen herritarrak.

Hori lortze aldera, eta edukien digitalizazioa kontuan hartuta, bi bazkide nagusi topatu zituzten: Elhuyar eta Vicomtech. «Horiekin lan ildo batzuk ezarri genituen itzulpen automatikoaren, ahotsaren ezagutzaren, ahotsaren sintesiaren eta hizkuntzaren prozesamenduaren esparruetan tresna batzuk sortze aldera».

Nahieran plataforman, esaterako, arazo bat zuten: bilaketa motorrak ez zuen euskara ezagutzen. Beraz, hitzez hitzeko bilaketak egiteko baino ez zen gai. «Elhuyarren laguntzaz, ordea, arazo hori konpondu dugu, eta gure bilaketa motorrak euskara ezagutzen du jada». Horri esker, gazta hitza idatziz gero, hitz hori modu arruntean edo deklinatua duten izenburuak agertu dira. «Baina ez hori bakarrik. Sortu dugun gailuak hitzaren itzulpena egiten du: beraz gazteleraz hitza idatziz gero, euskarazko edukiak ere azalduko zaizkigu bilaketan. Horri esker, bilaketa gazteleraz egiten duen erabiltzaileari euskarazko edukiak ere agertuko zaizkio, eta horietara gerturatuko da».

Ezintasunen bat tarteko hedabideetara iristeko zailtasunak dituztenei begira, Elhuyarrekin batera ere, testu irakurle bat sortu dute. Hala, webgunean dituzten albisteetan sartuz gero, Orria entzun izeneko aukera jarri dute. Bertan klik eginez gero, testu irakurle horren bidez erabiltzaileak bertan dagoen testua entzungo du. «Lehen ere bagenuen bat, baina gaztelania zuen oinarri. Oraingoak, berriz, euskara, eta nahiko efektu naturala du».

Itzultzaile automatiko bat ere martxan dute. Batua du izena, eta Vicomtechekin elkarlanean garatu zuten. Euskaratik gaztelaniara eta gaztelaniatik euskara funtzionatzen du. «Albiste testuekin entrenatutako itzultzailea da, eta horiekin moldatzen da ondoen. Baina bestela ere gai da itzulpen nahiko txukunak egiteko».

Beste aplikazioetako bat Idazle da. «Azpitituluak automatikoki egiten ditu, eta honek ere euskaratik-gaztelaniara eta gaztelaniatik-euskarara funtzionatzen du».

Gabeziak eta trabak

Baina onartu zuen gailu horrekoraindik ere «gabezia batzuk» dituela. «Adibidez, bi ahots sartzen direnean edo hizlariek euskalkiak erabiltzen badituzte, zoratu egiten da, eta ondoren editatze fase luze bat egin behar da». Larrinagak nabarmendu zuen «entrenamenduak eta erabilerak» ekarri duela hobekuntza hori. «Hala, irailean estreinatu ditugun saio guztietan hori erabiltzen ari gara: adibidez, Ahotsak programan. Izan ere, ekoiztetxeen eskura ere jarri dugu gailua».

Larrinagak nabarmenduzuen, dena den, tekniken —jatorrizko bertsioa, azpitituluak eta bikoizketa—konbinazioaren alde egin dutela hainbat kasutan. «Doku reality-ak itzultzeari ez genion zentzua ikusten. Indarra, sinesgarritasuna eta freskotasuna galtzen zutela iruditzen zitzaigun». Supernanny jarri zuen adibide. «Off ahotsa bikoiztu egin genuen, baina protagonisten pasarteak azpititulatu. Makina batek, ordea, ezin du hori egin edo erabaki».

Beste muga bat ere aipatu zuen: azpidazteko gailuak pertsonaiak hitz egin ahala azpidazten duela. «Ondorioz, arazo txiki bat gerta daiteke: hiztuna oso bizkorra baldin bada, ez du irakurtzeko astia ematen».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.