Saio bat politika banalizatzeko

Espainiako Gorteetarako bozen aurreko telebista eztabaidan, herritarrek txantxak egiteko erabili dituzte politikariak. EHUko ikerlari Julen Orbegozok dio aldatu egin dela audientziaren rola.

Bost hautagaiak zutik eta atril banaren aurrean aritu ziren astelehen gaueko debatean. JUAN CARLOS HIDALGO / EFE.
urtzi urkizu
2019ko azaroaren 6a
00:00
Entzun
Albert Rivera Ciudadanos alderdiko presidentegaia lauza puska bat eskuetan jarri da hizketan. 22:17an, prime time-a hasi denean. Segundo gutxiren buruan, sare sozialetan makina bat txantxa eta meme zabaldu dira Rivera irrigarri utziz. Zenbait hautagai ere lauza puskari buruz ari dira Twitterren. Hurrengo egunean, askoz gehiago hitz egin da lauza puskaz bost hautagaien proposamen politikoei buruz baino. «Debateak telebistaren ikuskizuna eta entretenimendua elikatzeko antolatzen dira, ez eztabaida dialektiko publiko bat egiteko», ohartarazi du Julen Orbegozo EHU irakasle eta ikerlariak —telebistako eztabaidak aztertzen ari da—.

PSOE, PP, Ciudadanos, Unidas Podemos eta Vox alderdien bost hautagaiekin eztabaida antolatu zuen Espainiako telebistaren akademiak herenegun, eta hamabi katek emititu zuten. Orbegozok nabarmendu du Twitterren sekulakoa izan zela oihartzuna: «Nire kalkuluen arabera, 3.000.000 interakzio inguru egon ziren». Trending topic gehienek zerikusia zuten debatearekin. Horien artean, ba al zegoen proposamen politiko-programatikoei buruzko eztabaidarik? Bat bera ere ez. «Hau da, masak politikariak erabiltzen ditu politika banalizatu eta txantxak egiteko». Orbegozoren iritziz, ikusleek halako eztabaidetan ihes egiteko bide bat bilatzen dute: «Banalizaziora jotzen dute, txiste, meme, erridikulizazio eta abarrekin. Hori gaur egun posible da, sare sozialen eraginez».

Ikerlariaren arabera, komunikabideen ekosisteman berrikuntza nabarmen bat egon da, eta horrek mezu politikoaren audientziei eragiten die: «Sare sozialek ahalbidetu dute lehen hartzaile pasibo zena orain hartzaile aktibo izatea. Gaur egun, audientziak rol berri bat hartu du: eduki-sortzailea izan daiteke, eta errelatoaren arloko estrategia politikoetan eragin dezake». EHUn egiten ari diren ikerketen arabera, audientzia digital-sozial horrek gero eta pisu handiagoa dauka. «Gainera, oso ondo egiten du bat telebistarekin». Astelehen gaueko debatea da adibiderik argiena. «Ez da antolatzen, inondik inora, sistema demokratikoaren barnean iritzi trukea izan dadin; aitzik, antolatzen da komunikazio korporazio handiek dirua egin nahi dutelako».

Era berean, politika «pantailakraziaren» menpe dagoela ondorioztatu du Orbegozok. «Gure sistema pantailakratikoa da: pantailei begiratuta egiten dira kanpainak, mezu politikoak eta estrategiak». Bi pantaila daude: telebista eta sakelakoa —sareen bitartez elikatzen dena—.

Espainiako telebista kateek eta egunkariek asteleheneko debatea nork irabazi zuen plazaratu zuten, bakoitzak bere komenentziara. Orbegozoren iritziz, eztabaida hori ez zuten politikariek irabazi, «haien irudia eta sistema politikoaren irudia kaltetu baitzen». Aldiz, beti dago irabazle bat. «Kasu honetan, telebista. Kateek produktu egoki bat topatu dute, ustez kalitatezkoa, zeinak balio dezakeen aste osoko kontakizun bat egiteko eta jendeak, audientzia digitalaren bitartez, programari begira egoteko».

Eztabaida «txikiagoak»

Asteleheneko eztabaidan, hautagai guztiak gizonezkoak izan ziren. «Debateko gauza nabarmenetako bat emakumerik ez egotea izan zen», kritikatu du Orbegozok. «Uste dut aldagai horri oso garrantzi txikia eman zaiola komunikabideetan, eta hausnarketa eragin beharko luke». La Sexta kateak aipatutako debateko bost alderdietako emakumezko ordezkariak bilduko ditu bihar gauean, Debate 7N: la última oportunidad izeneko saioan.

ETBn ere bi eztabaida egingo dituzte: gaur, ETB2n, 22:30ean, Xabier Garcia Ramsdenek aurkeztuta; eta bihar, ETB1en, 22:00etan,Amaia Cayero aurkezle dela. Astelehenekoak baino ikusle datu apalagoak izango dituzte ETBkoek. Baina eztabaida horiek sistema demokratikoarentzat «onuragarriagoak» direla uste du Orbegozok. «Agian, etorkizuneko erronka izan daiteke debate txikiagoak egitea, beste formatu batzuetan».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.