Da Vinci jenioa eta pertsona, La1 katean

Espainiako La1 kateak 'Leonardo' telesaila estreinatuko du gaur, 22:10ean. Da Vinciren izaera eta obra izango dira protagonistak

Matilda De Angelis, Aidan Turner eta Freddie Highmore aktoreak. FABIO LOVINO / LEONARDO.
jakes goikoetxea
2021eko ekainaren 3a
00:00
Entzun
Milan, 1506. urtea. Leonardo da Vinci atxilotu egin dute, ustez Caterina da Cremona pozoituta hiltzeagatik. Errugabea dela esan dio Giraldi ofizialari. Da Vincik gogoan ditu Andrea del Verrochio irakaslearen estudioan pasatutako egunak. Han ezagutu zuen Caterina da Cremona.

Hori da Leonardo telesailaren abiapuntua. Leonardo da Vinci(1452-1519) Italiako Errenazimentuko jenio eta pertsonaia poliedrikoa. Margolaria, idazlea, ingeniaria, arkitektoa, eskultorea, zientzialaria, asmatzailea, filosofoa... eta askoz ere gehiago izan zen.

Hari buruzko telesail bat egitera ausartu dira Frank Spotnitz eta Steve Thompson gidoilari eta ekoizleak. Spotznikek The X-Files, Medici eta The man in the high castle telesailetan parte hartu du, besteak beste, gidoilari eta ekoizle gisa. Thompson Vienna blood-eko eta Sherlock-eko gidoilari izan da. Dan Percivalek zuzendu du telesaila.

«Nire ibilbideko erronka liluragarri eta kitzikagarrienetakoa izan da Leonardoren izaeraz jabetzea», Spotzniken iritziz. «Zaila da irudikatzea halako gizon izugarri bat existitu zela». Steve Thompsonek, berriz, haren lanak nabarmendu ditu: «Istorio liluragarri bat dago haren lan bakoitzaren sortze prozesuaren atzean».

Telesailaren sortzaileek uste dute bi «abantaila» izan dituztela: alde batetik, Leonardo da Vincik lilura sortzen du jende askorengan; bestetik, haren bizitzaren pasarte asko oso ezagunak badira ere, hainbat hutsune eta «enigma» daude, eta horrek, fikzioa baliatuz, horiek betetzeko eta konpontzeko aukera eman die.

Arrakasta Italian

Nazioarteko ekoizpena da Leonardo. Europako lau telebista publikok bultzatu dute: Alemaniako ZDFk, Italiako RAIk, Frantziako France Televisionsek eta Espainiako RTVEk. Martxoaren 23an estreinatu zuten RAI Italiako telebista publikoan. Zazpi milioi lagunek ikusi zuten, eta audientziaren %28,2 eskuratu zuen. Gaur gauean estreinatuko du TVE Espainiako telebista publikoak (La1, 22:10).

Berez, hasierako asmoa 2019rako prest izatea zen, 2019ko maiatzean 500 urte bete baitziren Leonardo da Vinci hil zela, eta 2019a, neurri batean, Leonardoren urtea izan baitzen. Azkenean, baina, proiektua atzeratu egin zen, eta ezin izan zuten 2019an estreinatu.

Zortzi ataleko telesaila da. «Jenioaren eta gizonaren» istorioa kontatzen du. Atal bakoitzean, Leonardo da Vinciren lan nagusietako bat azalduko da.

Egileen esanetan, telesailean ikusi ahalko da «Leonardo da Vincik egin zuen sakrifizio pertsonal izugarria, mundua ikusteko dugun modua betirako aldatu zuten maisulanak sortu ahal izateko».

Aidan Turner, Giancarlo Giannini, Matilda De Angelis, Freddie Highmore, James d'Arcy eta Carlos Cuevas dira aktore nagusiak. Aidan Turner irlandarrak (The hobbit eta Poldark) jokatzen du Leonardo da Vinciren rola; Giancarlo Giannini aktore italiar beterano eta ezaguna da, berriz, haren irakaslea, Andrea del Verrocchio; Matilda De Angelis aktore eta kantari italiarrak jokatzen du Caterina da Cremonaren rola; eta Freddie Highmore-k (The good doctor), berriz, Stefano Giraldi poliziarena.

Telesailaren ondoren, dokumental bat eskainiko dute La1 telebista katean bertan: Leonardo, el hombre que salvó la ciencia (Leonardo, zientzia salbatu zuen gizona).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.