Albistea entzun

Twitterretik at bada biderik

Elon Muskek Twitter erosi duenetik, teoria ugari zabaltzen ari dira sare sozial horren bilakaerari buruz. Gorka Julio informatikariak uste du sare sozial federatuen alde egin behar dela.
Elon Musk Twitterren bulegoetan, San Frantziskon (AEB), urriaren 26an.
Elon Musk Twitterren bulegoetan, San Frantziskon (AEB), urriaren 26an. BERRIA Tamaina handiagoan ikusi

Urtzi Urkizu -

2022ko azaroak 10

Azkeneko urteetan, Instagram, Tiktok eta beste sare sozial batzuk askoz gehiago handitu dira Twitter baino. Twitter, ordea, agenda publikoa markatzen duen ekosistema bat da, bere hartan. «Agenda baldintzatzen du», ohartarazi du Gorka Julio informatikari eta kooperatibistak. «Eta Elon Musken buruan dago ea esfortzu txikiarekin nola izan dezakeen eragina». Muskek Twitter erosi berri du, 44.000 milioi euro ordainduta. Sare soziala bere interesen alde jarriko du aurrerantzean.

Luze gabe, aldaketak izango dira Twitterren. Juliok azaldu duenez, Muskek bi abiadurako sare soziala proposatuko du. «Ordaintzen dutenen eta ordaintzen ez dutenen arteko arrakala sortu nahi du. Zerbitzu bereziak eskainiko dizkie ordaintzen dutenei».

Informatikariak aipatu du oraindik inork ez dakiela kontu egiaztatuen sistema nola izango den. «Orain arte, pertsonaia publikoen kontuak egiaztatzeko zen tresna hori. Baina, orain, nabarmentasun publikoa izateaz gain, ordaindu egin beharko da. Horrek eragingo du jende gehiagok izatea egiaztatutako kontua». Baina ez dago argi nola aplikatuko duten kasuan-kasuan: esate baterako, Euskal Herriko txiolarien testuinguruan.

Musk dago fokupean, hark erosi du Twitter. Juliori iruditzen zaio, ordea, «huts larria» dela arreta harengan soilik jartzea. «Garaian garaiko fenomenoa da, eta interes jakinak daude haren atzetik. Eragile asko daude hura sostengatzen eta sustatzen».

Twitterreko erabiltzaileek —Musk iritsi aurretik ere— beste arazo bat ere badute: konpainiarekin harremana izatea oso zaila dela. Badaude kontakturako kanal batzuk, baina kale itsuak dira sarri. «Ez dago argi salaketak nola egin», kritikatu du Juliok. «Halako beste sare zentralizatuetan gauza bera gertatzen da».

Mastodon eta fedibertsoa

Plataforma teknologiko eta sare sozial handien afera ikuspuntu politikotik aztertu behar dela uste du Andoaingo (Gipuzkoa) kooperatibista eta informatikariak. «Kapitalismoaren dinamikek bide ematen diete metatzeei eta zentralizazioei. Gero, batzuek besteak jaten dituzte». Twitter, kasurako. Eta horrek komunikazio esparruari eragiten dio. Hedabideek kanal informatibo gisa hartzen baitituzte Twitter eta enparauak. Enpresa handiak dira, ordea, eta kontzentrazioa esku gutxi batzuetan gelditzen da. Haiek dute kontrola.

Horregatik guztiagatik, Juliok uste du sare sozial dezentralizatu eta federatuak izatea dela bidea. Mastodon.eus sare soziala da aukera bat —Mastodon ugari daude munduan, eta Euskal Herrikoaren erabiltzaileek beste Mastodon batzuen jarioa irakur dezakete—. «Protokolo irekia izatea garrantzitsua da. Kontuak eramangarriak izatea ere bai, toki batetik bestera eramateko». Eta bada beste gai garrantzitsu bat: algoritmo gardena. «Erabiltzaileak erabakitzea edo jakitea nola agertuko zaizkion sare sozialaren berrikuntzak».

Hartaz, euskarazko komunikabideei gomendatu die aintzat hartzeko «trantsizioa» egiteko aukera. «Bi tokietan egoteko aukera egon daiteke, Twitterren eta Mastodonen, eta gero ikusiko dute soilik Mastodonen gelditzen diren ala ez. Baina bietan egotea ez da batere kaltegarria». Aitortu du zaila dela ohiturak egun batetik bestera aldatzea, eta berehalakoan Twitterretik sare federatu deszentralizatuetara joatea.

Edonola ere, baikorra da informatikaria. «Fedibertsoa etengabe handitzen ari da. Aplikazioak ere gero eta gehiago dira». Euskal Herrian, Abaraska taldea sortu da, ekinaldi bateratuak egiteko. Youtuberen alternatiba den atari bat abiarazi dute: Peertube.

Asko balio du irakurri duzun albiste/artikulu honek. Talde baten lanaren emaitza da.

Albiste hau zuri helarazteko eta talde honek bere lana baldintza egokietan egin dezan, BERRIAk ezinbestekoa du zure sostengua.

Zure babes ekonomikoarekin, aldi hau kontatzeko funtzioa betetzen jarraitu nahi dugu: kazetaritza konprometitu, kalitatezko eta independentea egiten.

Albiste gehiago

 ©IDOIA ZABALETA / FOKU

«Patriarkatuaz irri egin behar dugu»

Itsaso Jauregi

Zineman emakumeen irudikapenak izan duen eboluzioa aztertu du Castejonek, eta «arriskutsuak» diren pertsonaiak umorearekin tratatzea gomendatzen du: «Gaiztakeria geure egin behar dugu».
Andoni Aldekoa EITBko zuzendari nagusia, atzo, Donostian, Primeran plataformaren aurkezpenean. ©JAGOBA MANTEROLA / FOKU

Gazteen kontsumo ohitura berriei erantzuteko jaio da Primeran

Urtzi Urkizu

EITBko zuzendari nagusi Andoni Aldekoak esan du euskara estrategiaren erdigunean dagoela

Haurrei zuzendutako <em>Mantangorri</em> gehigarriko edukiak sarean ere topatu ahalko dira hemendik aurrera, <em>Berria.eus/mantangorri</em> webgunean. ©BERRIA

'Mantangorri'-ren webgunea martxan da

Urtzi Urkizu

Paperean argitaratzen diren edukiak eskuragarri egongo dira. Ipuinak bideo formatuan ere bai

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...