Inoizko bost telesail onenak

Historiako bost telesail onenak aukeratu dituzte Euskadi Irratiko 'Baipasa' irratsaioan. Crossover jaialdiaren barne egin dute saioaren 'Zer ikusi' atala, Donostiako Koldo Mitxelenan.

Olaia Urtiaga, Ibai Zabala, Eider Saez eta Gaizka Izagirre, atzo, Donostian. MAIALEN ANDRES / FOKU.
urtzi urkizu
Donostia
2023ko martxoaren 30a
00:00
Entzun
Jokoa argia eta zehatza zen: Euskadi Irratiko Baipasa magazineko Zer ikusi tarteko solaskideek eta Olaia Urtiaga programako aurkezleak historiako bost telesail «ezinbestekoak» adostu behar zituzten. Honakoa izan zen emaitza: Breaking Bad, The Simpsons, Six Feet Under, Lost eta Sex and the City. Crossover jaialdiaren barne egin zuten atzo arratsaldean tarte hori, Donostiako Koldo Mitxelena kulturunean. Ibai Zabala, Eider Saez eta Gaizka Izagirre dira tartearen solaskideak. Baina Urtiagak ere defendatu zituen bere kutunak.

Bakoitzak bere bosteko zerrenda eraman zuen saiora. Saezek Breaking Bad, Suits, La casa de papel, Castle eta Pretty Little Liars eraman zituen; Izagirrek DVD formatuan aurkeztu zituen bereak: Lost —«telesailak kontsumitzeko modua aldatu zuen, eta Interneten kontsumitu zen lehena izan zen»—, Better Call Saul, The Leftovers, Six Feet Under eta The Office; Zabalak The Simpons, Game of Thrones, Avatar: The Last Airbender, Martin —euskarazko bakarra proposamen guztien artean— eta Love, Death & Robots; eta Urtiagak Breaking Bad, Six Feet Under, Sex and the City, Friends — «nahiz gaizki zahartu den»— eta Mad Men.

Negoziaziotan aritu ziren gero, eta ez zen dena samurra izan. Belaunaldi desberdinetakoak dira: adin bertsukoak Urtiaga eta Izagirre, eta dezente gazteagoak Zabala eta Saez. Bakoitzak bere «marra gorriak» zituen, eta bakoitzak bazekien bere kutunetako batzuek zail izango zutela azken zerrendan sartzea.

Zabalak Martin telesailaren hautagaitza defendatu zuen, eta bi arrazoi zeudela nabarmendu: Jose Ramon Soroiz eta Aitziber Garmendia aktoreak. Hala ere, bost telesailak aukeratzeko orduan, beste hiru lagunek ez zioten aukerarik eman. Animaziozko hiru telesail proposatu zituen Zabalak, eta adostasun handiena lortu The Simpsons-ek lortu zuen. Zabalaren arabera, animazioaren «aitzindaria» da saio hori, eta haren balioen artean dago ikus-entzuleak pop kulturaz asko ikasten duela atalak ikusten.

Breaking Bad eta Better Call Saul unibertsoan, bietako bat sartu behar zela argi zuten. Izagirre konformatu zen Breaking Bad sartzearekin, nahiz eta haren iritziz Better Call Saul-ek baduen emakumezko pertsonaia indartsu bat, Breaking Bad-ek ez duena, «eta puntu erdi bat gehiagoko kalitatea» duen. Saezek esan zuen aurten ikusi dituela telesail horren sei denboraldiak, eta «oso erraz» ikusi dituela. Urtiagarentzat, berriz, Bryan Cranston aktoreak jokatzen duen pertsonaia protagonistak ez du parekorik.

Saezek eta Zabalak ez dute ikusia Six Feet Under. 2001ekoa da telesail hori, eta Urtiagak aitortu zuen gazte gehienek ez zutela ikusia izango. «Baina telesaila ondo zahartu da».

Izagirrek ez zuen nahi Sex and the City zerrendan sartzea, baina Lost sartzen baldin bazen, prest zegoen amore emateko. Eta azkenean, bai, Urtiagak lortu zuen Sex and the City zerrendan egotea. Haren iritziz, emakumeentzat «inflexio puntu bat» sortu zuen telesail bat da hori. «Eta gizonezkoek ere ikusi beharko lukete».

Publikoan zeudenetako batzuek Twin Peaks aipatu zuten, baina hori ez zen irratiko solaskideen proposamenen artean egon. Ezta The Wire edo Los Soprano telesail historikoak ere.

Datorren asteko atsedenaren ondoren, bi aste barru itzuliko da Zer ikusi solasaldia Euskadi Irratira.

Eguneko bigarren solasaldian, benetako krimenak fikzioan erretratatzen direnen antzekoak ote diren aztertu zuten Ibon Martin idazleak eta Jon Udakiola Ertzaintzaren Gipuzkoako Ikerketa Kriminaleko Zerbitzuko buruak. Iluntzean, Selftape telesaila aurkeztu zuten Barbara Farre zuzendariak eta Joana eta Mireia Vilapuig gidoilari eta aktoreek. Apirilaren 4an estreinatuko du Filminek.

Crossover aurrera doa

Larunbatera arte, askotariko ekitaldiak izango dira Crossover jaialdian. Gaur, 17:30ean, Lide Hernando musikaria egongo da Ikusle gonbidatua tartean; 18:30ean, Autodefensa telesailaz mintzatuko dira 2deon Berta Prieto eta Jaume Ripoll —gonbidapena behar da—; ordu berean, Koldo Mitxelenan, sexu eszenak nola grabatzen diren kontatuko dute Miriam Giovanellik, Maria de Natik eta Teresa Fernandez Valdesek; eta 20:00etan, Bosé telesailaren (Sky Showtime) hirugarren atala proiektatuko dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.