UDAKO SERIEA. Muturreko kirolak (I). Xavier de Le Rue

Elur-jausiekin jolasean

maddi ane txoperena iribarren
Baiona
2014ko uztailaren 16a
00:00
Entzun
Erortzeari baino, geldi egoteari dio beldur handiagoa. Bera da munduko onena snow 'freeride'-an, eta bideo zein argazkitan biltzen ditu jaitsitako aldapak, Timeline Missions proiektuan. Mendia du pasio, eta arriskua bizibide.

Freeride, azken finean hori da: erabili gabeko aldapak bilatzea, naturaren erdian, eta ahalik eta modu ederrenean jaisten saiatzea».Doinu lasaian azaldu du Xavier de Le Ruek (Baiona, 1979) bere ogibide eta «droga» den kirola. Hain justu, hori da egiten duena: helikoptero batek mendi garai baten tontorrean uzten du, eta snowboardaren gainean jaisten ditu aldapa malkartsuak, inongo pistarik ez dagoen lekuetan. Ez dira edozeinek errateko moduko hitzak, ordea. De Le Rue da munduko txapelduna snow freeride-an, baina, onena izanagatik, hark ere onartu du: «Beti daukat beldurra». Kontziente da kirolak dakarkion arriskuaz, haatik, aurrera jarraitzen du, eta ahanzturan ez erortzeko moduko irudiak eskainiz, gainera. Izan ere, munduan zehar bidaiatu, eta bideoak egiten ditu bere taldearekin: «Asko ezagutu gabeko lekuetara joan, irudiak hartu, eta filmak sortzen ditugu».

«Eskian ibiltzen nintzen, baina nazkatuta nengoen eskiaren eskema klasikoarekin: oso mugatua da», adierazi du De Le Ruek. 12 urte bertzerik ez zuen snowboardean ibiltzea nahiago zuela erabaki zuenean, eta, oraindik, horretan dihardu. Ezin erran, alta, orduz geroztik beti gauza bera egiten duenik. Izan ere, De Le Ruek aldaketa behar-beharrezkoa du bizitzeko: «Beti nahi izan dut aldatu, garatu, gauza bera ez egiten jarraitu... horregatik daukat halako aniztasuna palmaresean». Eta aniztasuna bakarrik ez; sari multzo ederra ere ukan baitauka. 19 urte zituela irabazi zuen lehenengo saria: eslalom erraldoian zilarrezko domina, 1998an. «Eskola ona izan zen; horri esker ikasi nuen ohola ongi kontrolatzen», aitortu du. Horregatik, bertzeak baino azkarrago doa orain, haren ustez, zinez teknika ona daukalako. Eta teknikak eman du bere fruitua. Izan ere, hamaika sari lortuak ditu: azkenekoak Freeride World Tourrean, lehendabiziko postuan.

Bide berrien zirrara

Ez da erraz konformatzekoa De Le Rue: errutinak aspertu egiten du, eta txapelketek ere bai, antza. Bizileku zehatzik ere ez dauka; Baionan sortu zen, baina gaur egun alde batetik bestera dabil: uda Capbretonen pasatu ohi du (Landak, Frantzia), eta negua, berriz, Verbierren, Suitzan. Aitortu du tarteka itzultzen dela Baionara, familia han baitauka, baina ez da inon gelditzen luzarako. Bestalde, txapelketen alorrean ere aldaketa nahi du: haren arabera, «lehiaketetan sariak irabazten dira, bai, baina zaila da beti gauza bera egiteko motibatzea». Hori dela eta, azken urte hauetan bereziki bidaiak eta filmak egiteari eskaintzen dio denbora. «Filmak egiteak norbere alorrean harago joatea ahalbidetzen du, gauza pila bat ikastea». Hain zuzen, ikasteko eta hobetuz joateko gogoz bizi da De Le Rue: «Aldiro teknika berriak, leku berriak, ikuspuntu berriak bilatzeak: horrek egiten du interesgarri nire lana. Horregatik nago oraindik hemen, gauza berriak sortzen».

Timeline Missions proiektua du berrikuntzarako helduleku, Guido Perrini bideogilea eta Tero Repo argazkilaria bidelagun dituela. Elkarrekin, mendi elurtuetako ibilerak izoztu, eta sortu egiten dute. «Eski eta snowboard bideo klasikoekiko ezberdinak dira geureak», azaldu du De Le Ruek. Izan ere, proiektua bera helburu horrexekin sortu zuen hirukoteak. «Gure istorioa kontatu nahi genuen, ez soilik irudiak hartu». Haren ustez, talde sendoa daukate, eta film «zinez deigarriak» egiten dituzte. «Ezohiko bidaiak egiten ditugu; sekulako espedizioak». Eta ez dituzte horretarako helmugarik hurbilenak aukeratzen. Joan den urtean Antartikan izan ziren, eta aurten, berriz, Artikoan.

Lekuez gain, filmatzeko eta editatzeko metodo berriak ere xerkatzen dituzte Timeline Missions proiektuko kideek. Azkenekoak Hexoplus du izena, eta, ideia garatu ahal izateko, finantzaketa kolektibo bidezko diru bilketa bat jarri dute martxan Kick Starter plataforman. Hexoplus hegan egiten duen kamera bat da, drone bat, hain zuzen. De Le Ruek zehaztu duenez, «sakelako telefono batekin programatu egiten dugu zein distantzia eta angelutara jarri nahi dugun, eta kamerak jarraitu egiten gaitu». Dagoeneko milioi bat dolar baino gehiago bildu dituzte: «Mundu osoko drone proiekturik handiena da».

Neurtezina kalkulatzen

Timelinemissions.com webgunean ikus daitezkeen bideo eta argazkiak zirraragarriak dira. Beldurra ere ematen dute, protagonistaren larruan jarriz gero. «Batzuek ez dute ulertzen zergatik egiten dudan; zaila egiten zait azaltzea», aitortu du De Le Ruek. «Bereziki filmak ikusten dituztenean, film harrigarriak baitira». Arriskutsuegia dela eta uzteko ere erran izan diote senide eta lagunek.

Baina De Le Rueri zaila egiten zaio bizitza snow taularik gabe irudikatzea. Mendi eta itsasoetatik urrun, zer erranik ez. «Niretzat, mendia oso garrantzitsua da. Bertan hazi naiz; behar dudan zerbait da», erran du. Ingurune boteretsua da harentzat, eta «guztiz menpekoa» dela ere baieztatu du: «Zoriontsu izateko modu bakarra hau da niretzat. Naturan bizirik sentitzen naiz, egiteko mila gauza dudala iruditzen zaidalako, mila abentura».

Badaki, hala ere, leku arriskutsuan dabilela: «Mendia ingurune zaila da». Bereziki elur-jausiek ematen diote ikara: «Duen arriskua neurtzeko zailena hori da. Erortzeko arriskua ere beti dago presente, baina elur-jausiena ezberdina da: edozein unetan harrapa zaitzake. Kudeatzeko oso zaila den arrisku bat da».

Esperientzia txarrik ere izan du inoiz. Hain zuzen, elur-jausi batek azpian harrapatu zuen behin, mendian behera zihoala. De Le Ruerentzat oso une zaila izan zen, eta uste du miraria izan zela hartatik bizirik atera izana. Haatik, horrek ez zion jarraitzeko gogorik kendu. Alderantziz, haren iritziz, «segitzea oso ideia ona izan zen, hartzen dudan arriskuaz kontziente izateko balio izan didalako, neure burua zalantzan jartzeko». Gaur egun, segurtasun neurriei garrantzi handiagoa ematen diela erantsi du.

Azken finean, nola kalkulatu arriskua, hori da gakoa. De Le Rueren arabera, «pixkanaka erabakiak hartu behar dira, metodo bat garatu, eta, bereziki, esperientzia eta pasioa izan». Onartu du arriskuarekin jolastu izan dela, eta gehiegi ez jokatzen ikasi du azkenerako. Baina beldurrakontrolatzea ez da lan erraza: «Batzuetan beldur gehiegi izaten da; beste batzuetan, berriz, gutxiegi». Hala ere, hein batean, lor daiteke beldurra ahanzten. «Hain nago kontzentratua, ezen egiten dudanean soilik pentsatzen baitut», azaldu du De Le Ruek. Izu handiena aurretik pasatu ohi duela uste du, «justu neure burua maldan behera bota aitzineko momentuan». Haren ustez, distantzia hartzea garrantzitsua da, baina zaila da erabat objektiboa izatea: «Leku batzuk benetan harrigarriak dira». Ororen buru, muturreko egoerek aterabide bakarra dute, haren iritziz: «Norbere burua ongi ezagutu behar da».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.