UDAKO SERIEA. Xarma bideak Euskal Herrian (I). Trebiñura bidea

Marizulopeko leihatilak Askartzara bidean

Marizulopeko leihatilak Askartzara bidean.
Josean Gil-Garcia.
2014ko uztailaren 29a
00:00
Entzun
Euskal Herriko mitologiaren ikurretako bat da Mari entzutetsua, Zaldiaran mendian bizi omen dena. Haren begiradapean, Berroztegietatik zalu abiatuko gara, Askartzako sagarrondoen erreinua bisitatzera.

Gezurra, lapurreta eta, besteak beste, harrokeria gogor zigortzen dituen numen baten bizilekua omen da Zaldiaran mendia. Nonbait, parajeok baimenik gabe igarotzen dituenari hondamendia etorriko zaio arin eta zalu. Behiala, esaterako, Zaldiarango jeinuaren bizitokiaren atarian utzitako urrezko orrazia lapurtzeko adorea izan zuen artzain-neska batek. Hura ausardia hura! Altxorra itzultzeko desioari muzin eginda, artaldea zaintzera fite abiatu zen. Jeinuak, ordea, etsi ez, eta neskari atzetik jarraitu zion, ondasun preziatua itzuli zuen arte.

Nor ote zen numena? Itsaslamina bat, ala gizakiaz gaineko izaki Mari? Batek daki! Kondairak dioenez, Mari jainkosak berak eraiki zuen Zaldiarango mendi tontorrean existituriko gaztelu gotortua, indar eta ahalmen handiko jeinua delako. Jeinuetan jeinuena. Dakigunez, lur azaleko ondareari ez ezik, lur azpiko hartzulo sareari ere forma emateko boterea du Marik. Ogabe mendiko lana, kasurako. Berez, bi haitzulo artifizial dira, eta hareharrian irekitzen dira, bi begiren moldean. Marizulopea izena hartzen dute XVII. mendeko toponimia historikoan jasota dagoenez. Ibilbide honetan bisita egingo diegu, nola ez. Erne ibili, begi biak ikusiko ditugulako San Quilesetik Doroñu mendate historikora bideari jarraituta.

Askartzako sagastia

Edonola ere, Mari jainkosaren eragina ez da sumatzen soil-soilik Zaldiaran mendian. Hegoaldera jauzi eginda, Trebiñuko zerua zeharkatu eta Hayalta parajean atseden hartzea gustukoa omen du. Handik oso urruti ez, Askartzatik hurbil-hurbil, sagardoa ekoizten du Koldo Markinezek. Mari entzutetsua aurrez aurre inoiz izan ote duen egiaztatze aldera, sagardotegira hurbilduko gara ibilbidearen amaieran. Hogei urte luze joan dira markineztarrek lehen muztio gozoa ekoitzi zutenetik, eta, azkenaldion, Julen semea sagardotegiko sukaldaritza lanean emana dela, buru-belarri ekiten dio Markinezek lanari produkzioari errenta handiena ateratzeko xedez. «Sagardotegia abian jarri genuen sagardoaren xarma ahotik ahora eraman nahi genuelako. Trebiñun barrena, hasieran. Orain oso ezagunak gara, eta Euskal Herriko txoko eta bazter guztietatik bisitak hartzen ditugu. Poz-pozik, beraz, harrera ona duelako gure lan umilak».

Markinezek ez du eragozpenik sagarrondoetatik ekoitzitako litroen kopurua aitortzeko. Izan ere, Askartzako sagardogileak jakin badaki Mari jainkosa zeruan barrena doala eta despentsa sorgindua betetzeko irrikan dagoela. «2.500 sagarrondo baino gehiago ditugu mendian, eta aurtengo uzta 9.000 litro ingurukoa izan da», aitor du Markinezek. Kondaira baten arabera, Ikaztegietako (Gipuzkoa) sagardogileak ez zion Mari jainkosari egia aitortu, eta uztaren zati bat galdu zuen betiko. «Ezari emana, ezak eraman», dio atsotitz zaharrak.

Ogabeko haitzuloak

Berroztegietako elizaren aurreko plazatxoan hasiko gara ibilian. Hegoaldera doan kale nagusitik egingo ditugu lehen urratsak. Artetxo eta Iturriaga kaleak bazter eginda, herrigune osoa zeharkatuko dugu bizkarretik. Burutik buru. Azkenik, Santa Eulalia bideari oratuta, jolas eremura helduko gara. Santa Eulalia kalea uzteko unea da orduan, baita ezkerretik jarraitzekoa ere. Minutu bat baino ez dugu egingo basabide horretatik; izan ere, GR 25 zidorrak egingo duen legez, kable elektrikoen azpitik igaro, eta eskuineko bidea hautatuko dugu guk. Bide zabala laster utzita, ezkerretik maldan gora abiarazten den bidexkari jarraituko diogu. Hasieran, erkameztian barrena; eta, gero, ler gorrien artean.

Basabide zabal batekin topo egitean, eskuinetik segitu eta berehala maldan gora abiatuko gara. Xenda batera iritsitakoan, ezkerrera egin, eta, ahalegin txikiaren ondotik, San Quiles tontorra zapalduko dugu. Besteak beste, Gorbeia, Anboto eta Aizkorri handiak harrapatuko ditugu gailurretik, hots, 1753. urtera arte ermita bat ezagutu duen talaia eder horretatik. Erkametzak, elorri zuriak eta ipuruak gogaide, Quemadas izeneko muinora iritsiko gara (Urgatzi eta Errogana diote postontziek). Zaldiaran mendira begira jarraituta, lepo batera jaitsiko gara. Segidan, Isaspurumendi edo Larraitz tontortxoan jarriko gaitu malda pikoak. Ibilbidea samurtzen delarik, Ogabe mendi luzea korritzeko aukera dugu. Bizkarra amaituta, azken lepora iritsi eta Zaldiaranera bidea bertan utziko dugu. Bidebanatze horretan, uso postuak adierazten dituen seinale txiki bat erreferentziatzat hartuko dugu. Plakara heldu aurretik, ezkerrera egin eta maldan behera abiatuko gara. Errepidera irten arte.

Bihurgunean Marizulopeko haitzulo artifizialetara hurbiltzeko parada izango dugu. Horretarako, errepidea mugatzen duen harresi txikia zeharkatu eta basoan gora metro batzuk eginda, eskuinerantz abiatzen den basabidea hartuko dugu. Aspaldiko harrobi batera helduko gara laster. Haitzulo bi begietsiko ditugu horma liso eta zabalaren eskuinaldeko ertzean.

Doroñu, Arrieta eta Askartza

Mari jainkosaren leihatiletara bisita egin ostean, errepidera itzuliko gara berriz. Tentu handiz, Zaldiaran mendateraino jarraituko dugu, asfaltotik. Mendatera iristean, ezkerretik doan Artzaintza naturbideko zutoinei jarraituko diegu. Hala, Doroñu edo Reventon mendatera iritsi arte. Antena txiki bat dago han. Okinara doan bidea bazter utzita, hegoaldera jo eta, maldan behera, Trebiñurako bideari jarraituko diogu. Kable elektrikoen lehen habera iristean, eskuinera egin, eta paseo gozoan Doroñura iritsiko gara. Herria zeharkatu, eta ezkerrera hartuko dugu Sorgin tabernatik metro gutxira. Harritxintxarrezko bideak kable elektrikoraino lagunduko digu. Azpitik igaro ondoren, eskuineko bidetik egingo dugu, mantso-mantso, zereal sailak eta erkamezti xumeak gogaide. Une batez, bideak 90 graduko bira egingo du eskuinera, eta Arrietaraino bideratuko gaitu.

Arrietan ikusiko dugun lehen eraikina San Roke ermita da. Herrian sartu gabe, ezkerrera egin, San Rokeren aurretik igaro eta, ur biltegi txiki baten ondoan, ezkerreko —eta beherago doan— bidea hartuko dugu. Autoentzat debekua adierazten duen seinale bat ikusiko dugu aurrerago, bide sarda batean. Basabide nagusiaren eskuinetik doan belarrezko bideari ekingo diogu han. Hala, bideari begia kendu gabe, goratasuna hartzen hasiko gara. Cabrial mendira iritsiko gara berehala. Garaia mendiko iparraldeko lepoan gaude, hots, Askartzaraino lagunduko digun nekazari bidean. Jaitsiera xumea egingo dugu Askartzaraino.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.