BIDAIA ETA MENDI KRONIKEN LEHIAKETA (II)

Tajikistan: zerura joan eta infernua topatu

Tajikistan: zerura joan eta infernua topatu.
2014ko abenduaren 27a
00:00
Entzun
Erdialdeko Asiako herririk pobreena da Tajikistan, baina naturan aberatsenetarikoa. Lurraldearen erdia 3.000 metrotik gora dago. Mendiaz gozatzeko aukera ezin hobea ematen du, beraz. Baina inguruan dagoen gerra egoerak bidaia zailtzen du.

Duxanben nago, jeep baten sabaiaren gainean, bizikletak bidaia neketsu eta luze baterako prestatzen. Inguruan, gizon ugari bildu dira niri begira, jakin-minez. Ez, Tajikistanen ez da ohikoa emakume bat horrelakoak egiten ikustea, eta horrexegatik igo naiz ni gora. Txapazko talaia honetatik, gizonezko mundu horri bideratutako berdintasun adierazpenaren mezulari bihurtu naiz.

Atzo goizaldean heldu ginen aireportura. Bidaia beti luzeegia izaten da, eta nekea eta logurametatu egiten dira. Begiak marruskatu egiten ditut, letargia horretatik atera nahian. Argi fluoreszentepean, polizien txapel gris platodunen itzalak nekez uzten du aurpegietako keinu serioa ikusten; baina keinua serioa da, polizien keinuak serioak izaten baitira gehienetan.

Esnatu ahala larritzen hasten naiz. Heldu ote dira bizikletak? Edo, behin baino gehiagotan suertatu zaien bezala, tarteko aireportu bateko maletak garraiatzeko zintan jirabiraka harrapatuta egongo dira?

Uztaila da, eta ilaran turista ugari dago, nahiz eta inguruko jende arruntaren artean urriak izan Tajikistan mapan kokatzen dakitenak. Nik neuk existitzen zenik ere ez nekien orain dela gutxira arte. Erdialdeko Asiako herririk pobreena izatearen ohore zalantzagarria badu ere, naturan aberatsenetarikoa da. Tajikistanen erdia 3.000 metrotik gora dago. Hori dela eta, elurretako lehoinabarrak hango mendirik garaienak aukeratu zituen bizileku. Hark bezala, guk ere lurralde menditsuak ditugu gogoko, eta Pamirreko mendilerroa ezagutzeko asmoarekin etorri gara hona. Hori izan da, behintzat, gure hasierako asmoa. Izan ere, gero planak aldatu behar izan ditugu, gerrak planak aldatzen behartzen baikaitu beti.

«Pertsonok hitz eginez konpontzen ditugu arazoak» ikasleei behin eta berriro errepikatu arren, ez dut erabat sinesten. Esan eta berehala, munduko gatazka armatu guztiak etortzen zaizkit burura, eta osatzen duten zerrenda hain da luzea, ezen berehalasentitzen dut iruzurra egiten dietela, eta «edo hala izan beharko luke, behintzat», hausnartzen dut. Baina ikasleak txikiak dira oraindik, eta, hain ozen eta serio esanik, sinetsi egiten didate, artean gerra zer den ere ez baitakite.

Aireportuan gaude. Gure harridurarako, bisako ilara arin mugitzen da, eta, momentu batez, pentsatu dut alferrik ekarri ditugula Internetetik ateratako inprimakiak beterik, argazki eta guzti. Gure txanda heltzean jabetu gara, ordea, bisarik gabeko bakarrenetakoak garela, eta bulego batera bidali gaituzte. «Eskerrak inprimakiak beteta ekarri ditugula argazki eta guzti», pentsatu dut nire barnerako. Pozik atera gara bulegotik, ez baitigute ezer kobratu; eta, hara non, Bilboko bikote batekin egin dugu topo. Mundua horrelakoa da; gutxien espero duzunean, bilbotar batekin egiten duzu topo. Bizikletaz bidaiatzen ari dira haiek ere; bizikleta erasgarri batean gizona. Hizketan ari garela, bulegoko gizona hurbildu zaigu, irribarretsu, bisarako diru eske: 58 euro.

Duxanbe atzean utzi dugu, eta Kalaikhunera abiatu gara jeepean. Aurretik hamar orduko eta 400 kilometroko bidaia. Jeeparen prezioa adosteko negoziazioa gogorra izan da, baina azkenean ados jarri gara. Hotelekoak emandako prezioaren herena merkatu dugu, eta kontent geratu gara. Negoziazioa bidaiaren esperientziaren zati bat da, zalantza barik.

Errepideak, hiriburu ingurukoak izan ezik, eskasak dira, estuak, sigi-sagan mendian barrena, eta asfaltorik gabekoak. Hori dela eta, herritarrek jeepetan bidaiatzen dute. Ez dira jeep berriak, ordea. Oso ohikoa da Europan urte batzuk egitea beharrean bigarren eskuko Toyota eskuratzeko adina diru izan arte. Gero, herrira bueltatu, eta taxilari lanetan dihardute.

Txoferraren ondoan 60ko gizon bat doa, atzean gu biok, eta atzerago oraindik, maletategiari lapurtutako hirugarren lerro estuan, bi mutil gazte. Ekipajeak kanpoan bidaiatzen du, gainaldean, plastiko batez estalita.

Ramadan garaia da; beraz, musulmanek ezin dute ez jan ez edan eguzki argia dagoen bitartean. Bidaia honetan ikasi dugu Ramadana astebete atzeratzen dela urtero; hortaz, zorionez, ez da beti ospatzen udako egunik luzeenetan eta berotsuenetan. Lotsaren sentimendua gutaz jabetu da, eta jan eta edan ezkutuka egiten dugu.

Bide erdia eginda, tupustean asfaltoa amaitu egin da. Termometroak 35 gradu markatzen ditu. Hala ere, gidariak ez du haize egokitua jarri; ordea, leihatilak zabaldu ditu. Beroarekin batera, errepideko hauts itogarria sartzen da. Bat-batean eztanda bat entzun dugu, eta jeepa gelditu egin da. Atzeko gurpilaren leherketaren hotsa izan da. Ez dago harridurarik, ez haserrerik, ez madarikaziorik ere. Herrialde pobreetan ordezko gurpilak ez dira inoiz berriak izaten, eta derrigor eztanda batean amaitzen da haien jarduna. Dolurik gabe. Nekeak ahituta, eztanda egin behar dute. Jarritako bigarren gurpila ere eztanda egiteko jaioa da, eta jada alanbre fin batzuk begiztatzen dira, kautxutik ihesean ari balira bezala.

Hamahiru ordu pasatu dira eguzkia azkenengoz argiztatu zenetik, eta kideen ezinegona nabaria da. Azken izpiak itzaltzen ari direla, iturri baten ondoan gelditu dira egarria asetzeko. Hau bizimodua! Ezin ulertu alferrikako baraualdi hau, argiarekin amaitzen dena. Ezin ulertu XXI. mendean erlijioaren botere amaigabea, baina aitortu behar dut jende honen fede hauskaitza nolabait miretsi egiten dudala.

Handik gutxira gidariak gurpil zulatu bati erreparatzen dio. Baliteke Alaren mendekua izatea, guztiz gautu ez duelako ura edan dutenean. Jeepean beste gurpil batentzako tokirik ez dagoela pentsatzen ari naizela, batere larritu gabe, gidariak bizikletako puzgailu bat atera, eta errobera puzteari ekin dio. Harrigarria! Segidan, erreleboetako lasterketari hasiera eman diogu, eta arnasestuka ikusi dugu nola pixkanaka-pixkanaka pneumatikoak biribiltasuna berreskuratzen duen. Zuloa handiegia izango ez den esperantza hutsalarekin, lasterka abiatu gara.

Hamar ordu pasatu dira jada Duxanbetik atera garenetik, eta hamar izan dira ordaindu beharreko poliziak ere. Itogin bat balira bezala, txapel gris platodun erraldoipean ezkutatuta, poliziek gelditu gaituzte. Jakitun dira dokumentazioarekin batera txanpon erraz batzuk eskuratuko dituztela. Eta geldialdi bakoitzean, gurpilak eztanda egin zuenean ez bezala, txoferraren madarikazioak aditzen ditugu.

Jeepeko gizon nagusiak etxera gonbidatu gaitu. Kezkatuta dirudi. Ezin jakin, ordea, zerk kezkatzen duen. Gasolindegian gelditu garenean, militar batzuekin hitz egin du. Geroztik, kezkati azaldu da. Antza, zerbait gertatzen ari da Khoroghen, Afganistango mugan. Mafiekin zerikusia duela besterik ez dakigu. Bertatik igarotzen da gure balizko bidaia, mapan marraztu duguna.

Musulmanak ez izan arren, alfonbra handi baten gainean Ramadaneko afaria dugu zain. Gizona serio eta artegatuta dago, eta Khorogherantz ez abiatzeko eskatu digu. Gu ere urduritzen hasi gara; argi dugu gerra ez dela turistentzako kontua.

Goizean, telebista piztuta dago. Nahiz eta ez ulertu, begira aritu gara pistaren bat emango digun esperantzarekin. Esatari bako berrietan gatazka armatuaren arrastorik ez.

Txokolate koloreko urak

Panj ibaiak Tajikistan eta Afganistan arteko muga marrazten du. Haren ur handiak txokolate esnedunaren kolorekoak dira. Harri solteko bide gozakaitza dugu aurrean, eta mendi garaiak alboetan. Zuhaitz aztarnarik ez. Dena kareharria da inguruan, eta han-hemenka bulldozer setati zahar eta herdoildua, bidea magalek jaurtitako harrietatik libratzeko zain. Bizikleta saltoka doa, nora ezean.

Eta hain da handia isiltasuna, hain garaiak mendiak eta sakona ibaia, ezen gure txikitasunak beldurtu egiten gaitu. Zortzi-hamar kamioiko ilara batek hautsak harrotu eta isiltasuna apurtzen duenean gustura hartu dugu. Geroago jakingo dugu soldaduak zihoazela bertan.

Zerua erabat beltz dagoen arren, tarteka eguzkiari leku egiten dio, argi irreala sortuz. Errepide bakartiaren erdian geldirik gaude, ibaitik bestaldera dagoen bidezidor estu eta maldatsu batetik doazen afganiarrei so. Astoz doaz. Tarteka motozikleta nekatu baten orroa aditzen da. Biziki erakartzen naute afganiarrek mendian marrazten dituzten ezinezko bideek. Nekez egiten dute. Bikote suitzar bat hurbildu zaigu bizikletaz, aurpegi kezkatuarekin. Herrixketatik pasatzean gelditu gaituzte, keinuka tiroketak antzeztuz. Kikek oparitutako hiztegi irudiduna atera dut, baina ez da gerra irudirik azaltzen.

Gorno Badagstango lurralde autonomikoan sartzeko, baimen berezia atera behar izan dugu Duxanben. Poliziaren kontroleko informazioa nahasia da. Erabakia hartzeko zain gaudela, kamioi batetik soldaduak jaisten hasi dira. Haien aurpegietan neke amaigabea sumatzen da, eta, gerrarako kamuflaje uniformeetan, han-hemenka odol sikuaren orbanak antzematen dira. Urrun gaude, pentsatu dut, gerrak gertatzen diren herri urrun horietako batean. Soldadu bat gerrako istorioak hasi da kontatzen, telefonoan berak hildako taliban baten gorpuaren argazkia erakusten duen bitartean. Buruzagi talibanak hiltzeagatik amerikarrek dirutza ordaintzen dutela dio.

Kalaikhunerako buelta

Mapan marraztutako balizko bidaiari agur esatea erabaki dugu. Kalaikhunera bueltan goazela, enbaxadetako jeepekin egin dugu topo. Khoroghen gerrak harrapatutako turisten bila doaz. Hogeita hamarren bat dira. Izututa, ikaratuta, beldurtuta daude zeharo. Hoteletan errefuxiatuta omen daude atera ezinik, ohe azpian ezkutaturik, kalean tiroketak entzuten dituztelarik. Tregoa labur bat sinatu ei dute, eta ebakuaziorako baliatu behar dute.

Eskolara bueltatzen naizenean, umeei «pertsonok hitz eginez konpontzen ditugu arazoak», esango diet berriro ere. Eta, hain ozen eta serio esanik, berriro ere sinetsi egingo didate, gerra zer den ere ez baitakite oraindik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.