BIDAIA ETA MENDI KRONIKEN LEHIAKETA

Tubkal eta Mgoun, Atlasko arroka gorria

Aingeru Epaltzak irabazi zuen 2015eko BERRIAren Bidaia eta Mendi Kroniken Lehiaketa: 'Bi belarrien mendia, altuera altuerago denean' lanarekin. Mendiak eta Herriak-en eskutik, Atlas mendikatean izateko aukera eduki zuen iazko udan. Hauxe da bidaia haren kronika.

Tubkal eta Mgoun, Atlasko arroka gorria.
2017ko urtarrilaren 13a
00:00
Entzun
Adiskidetasun gurutzatuek ehundutako laukoteak onartu nau bere artean: Ainhoa tolosarra, Maialen arrasatearra, Amets bilbotarra eta Mikel donostiarra. Ni baino 15 urte gazteagoa da haien arteko zaharrena. Ongi zainduko dute taldeko aittuna. Bidaide joan eta lagun itzuliko gara bi aste geroago.

Lahcen Bouredda izanen da guztien artzain, haurtzain, baita ertzain ere, zenbaitetan. Felipek haren eskutan jarri gaitu, Maroko osoan hoberik ez dagoelakoan. Bere magalean hartu gaitu Marrakexeko aireportuan, eta etorri bezain onik utziko gaitu, 14 egunen buruan, toki berean. Gure behar eta premiattikienak ere asetzeko prest ikusiko dugu, eta edozein ezustetan erabakiak di-da hartzen. Zazpi hizkuntzatan moldatzen da. Ezagutzen ditu mendebaldarrak. Ezagutzen euskaldunak eta Euskal Herria. Gu bezalako ehunka gidatu ditu Atlasen barna. Harro dago berbere, marokoar eta musulman izateaz. Jendetasunez eta errespetuz mintzo zaigu, eta eskertzen du hala berean erantzuten zaionean.

Xabierraldia

Marrakextik bi ordu eta erdira dago Imlil, Marokoko mendi altuenetarako abiaburua. Abuztu hasiera da; bor-bor ageri dira karrika nagusiko saltokiak eta gida-agentziak. Horiei segundo bat ere eskaini gabe abiatu gara, bizkarrean motxila arin baten karga daramagula. Gure pusken larriena mando gainean doa, janariarekin eta hurrengo bi egunetan beharko ditugunekin batera. Zamarien arduradun, bi mandazain, Mohamed eta Mohamed. Ali, berriz, sukaldaritzat aurkeztu digute, baina gizon-orkestraren titulua behar luke, edozertarako balio baitu. Lahcenen seme Ibrahim, 21 urteko mutil txantxazalea, da gure gida.

Herri berberearen bihotzean gaude, baina gure belarri arrotzak ez dira gauza haien amazigera eta arabiera bereizteko. Hizkuntza bizi-bizirik dago, nolanahi ere. Gurekin doazenek ez dute bertzerik ahoan, ez bertakoekin ez beren artean.

Ibar zola joria laborantzez, palmondoz, fruta-arbolez eta bertzelako zuhaitzez estalia dago. Erreka harrotik urrundu ahalean, mehetuz doa oparotasuna. Goitixeago, belar-mutur eta zuhaixka zirtzil batzuek baizik ez diote itzala ematen harriari. Atlasko arroka gorri eta arrosarekin berdintzen dira mendi-hegietan barreiaturiko herrixkak.

Bideak Xabierraldi bat ematen du. Ehunka jende dabil, joanean edo itzulian. Batzuk beren kasa; bertze batzuk, gure gisa, bi eta lau hankadunen konpainia noblean. Kanpotarrak, franko. Marokoarrak edo bertze herri musulmanetakoak ere bai. Zer pentsatua ematen dute burua hijabarekin tapatzen duten emakume mendizaleek.

Bide bazterrak, berriz, merkatu bat dirudi. Laranja zukua eta ur freskoa, kamisetak eta zapiak, tea eta jatekoak… Guretako lanean ari direnek saltzaileak agurtzen dituzte eta haiekin hitz batzuk trukatzen. Bide beretik bizi dira denak.

1.500 metroko desnibela gainditu dugu lau ordutik goitiko ibilaldian. 3.200 metrotan dago Neltzner aterpea. Gure estandar europarrek garbitasun handiagoa eskertuko lukete, baina ez gara Atlasera etorri estandar europarren bila. Galdakoztar tropa batekin partekatu dugu gela. Mendebaldarrak elkarrekin paratzen dituzte, emakume eta gizon. Ez dugu galdegin hemengoekin nola egiten duten.

Biharamunean, goizaldeko bostak aldera utzi dugu aterpea. Gure kopetakoek Aliren bizkarra argitzen dute. Sukaldari eskarmentudunagoa jarri zaigu buru. Gaurko malda zorrotzek ez dute deus ikustekorik bezperako aldapa apalekin, baina iluntasunak samurragoa egiten du igoaldia. Ibrahimen txisteek akuilaturik, ohartu gabe ari gara aitzinatzen. Eguzkiak 3.700 metrotan harrapatu gaitu, pendoitz zabal baten erdian. Elur izpirik inon gelditzen ez bada ere, aise da imajinatzea bazter honek neguan hartuko duen itxura. Ifniko orratza (4.100 m) zanpatu dugu lehenik. Handik labur da Tubkaleko kaskora (4.167 m). Zorabiatzeko moduko ikuspegia dugu: haizeak eta izotzak zizelatutako gailurrez inguraturik gaude, amets litekeen zeru urdinenaren azpian. Inor ez dago gu baino altuago Ipar Afrika osoan. Horren harrotasuna apaldu digu ahuntz talde baten ustekabeko agerpenak.

Hiru orduko jaitsiera dugu, hartxingadi piko-pikoetan beheiti, bezperako bideraino. Aspaldi erantzi ditugu aterpetik ateratzean soinean generamatzanak; beso-motzetan eta galtza laburretan goaz etorritako bidetik. Bero zakarrak oinak hanpatu dizkit. Ergela ni, ez dut botetako lokarririk laxatu. Imlil-a itzuli orduko, ibilaldiaren hamargarren orenean, belztuak ditut zangoetako azkazalak.

Bakarraldia

Lahcenen jabegoetan egin dugu lo. Lepiney aterpea toki ona da nekea berdintzeko eta helmuga berriak amesteko. Handitu da taldea: Quebec-eko bi alaba, Maud eta Sophie, bide-lagun izanen ditugu hurrengo egunetan. Alik gurekin segituko du, baina gidaritzan Lahcenek ordezkatuko du Ibrahim.Trukean, haren anaia Ismael ttikia etorriko da gurekin. Familia-buruak erabaki du baduela adina laguntzeko eta gaztelania ikasten hasteko. Bere 10 urtetan, badaki serio lan egiten mandoen gainean nahiz pusken garraioan. Bera ere mendi-gida izanen da noizbait.

Egun osoa egin dugu bidaian. Ighil Mgoun mendi-lerroko atea da Agouti. Atlasko alde honen itxura Tubkal ingurua baino berdeagoa da. Orobat, jendetzarik ez dabil hemen, ez bidean, ez bide ertzean. 1.780 metrotik abiatuta, 3.300 metroko mendi-leporaino igo gara. Handik, jaitsiera bihurrian korapilatu gara Tarkeddit-eko ordokiraino. Mongoliako Altai mendian gaudela sinets liteke. Familia nomaden denda biribilak zelaian barreiatuak daude, beren zamari eta artaldeekin. Gauak izartegi garbi-garbiaren ikuskizuna oparitu digu, 3Drik hoberenak ere ezin berdindua.

Ilunpean egin ditugu berriz biharamuneko lehen urratsak. Hasierako xendra eztia malkartzen doa ezari-ezarian. Altu gaude beroa sumatzen hasi behar genukeenerako. Mgoun Mendebaleko punta (3.978 m) eskuinetara utzita jo dugu bizkar nagusia. Hortik aitzina, gailurreriak norabidetzen du ibiltaria. Ighir-n-Taughourt (4.008 m) zanpatu dugu lehenik, ikusmirak zirraraturik. Ordu erdi geroago argazkiak ateratzen ari gara Oumsoud (4068 m) mendilerroko tontorrean. Jaitsiera hartxintxarretan barna lerratuz egin dugu, eskiak amets. Ibar idor estuak Oulimlit erreka bazterrera garamatza, 1.200 metro beheratago. Mandoak eta mandazainak hor dira, gurea baino bide samurragoetan barna ailegatuak. Sukalde eta jantokitako balio digun haima handia muntatua eta teontzia bor-bor daude. Alik afaltzeko prestatu dizkigun entsaladak eta tajinak ez dute Subijanaren minik.

Eurialdia

Larriena egina dugu. Hurrengo bi egunetan, errekarekin batera goaz beheiti. Ugaldea hazi bezala, berdetuz eta oihanduz doaz ur ertzak. Herrixkak ere berragertu dira, malkorretatik zintzilik iduri. Haurrak bidera ateratzen zaizkigu, zapo-frantsesez eskean: «bombon!», «stylo!». Ez dute argazkirik maite; haien aitek eta amek ere ez. Noizbehinka,topo egiten dugu gure gisako abenturazale ustezkoekin, nomadekin, mando, asto eta are zaldi gaineko bidaiariekin. «Shalam alaikum» agurtzen du bizienak; «alaikum shalam» erantzun motelenak. Bide bazterrean, lanean ari dira laborariak, ur bila doaz emakumeak edo lixiban dihardute erreka ertzean, batzuetan irriño eta bertzeetan ihes gure begi lotsagabeei. Atlasen uste ez duzun tokian ere agertzen da jendea. Kontuan hartzeko gauza, gorputza husteko edo eguneko izerdia garbitzeko tenorean.

Tarzout-a ailegatu gara, oued uherra gidari. Hastekotan dago gure bidaiaren azken aurreko ekitaldia: hiru eguneko zeharkaldia Mgoungo arroilen erraietan. Ez gara harritu bezperako arratsaldeko euriarekin. Atlas ustez idorrean, hala egin digu egun gehienetan. Sarri gara, mando eta guzti, zintzur hertsi eta ikusgarrien barrenean. Erreka da gure autobia, urak belaunak estaltzen dizkigula. Noizbait, gu baino lehenago ateratako taldea ikusi dugu itzultzen. Haien gidak kontua argitu dio gureari. Azken egunetako zaparraden ondorioz, uraren maila goititu eta ezin pasatzeko maneran dago hurrengo mehargunea. Gure begiak ezker eta eskuin doaz: zintzurreko paretak ehun metro luze dira, alderik apalenean.

Lahcenen eta mandazainen arteko solasaldi biziaren ondotik gibelka hasi gara. Ordubete gabe, zabalgune batean gaude; haren gainean, arrokari itsatsitako herria, goroldioa harriari nola. Arroiletik ateratzeko, mandoak uhaletatik tiraka herrestatu behar dira malda latzean. Hara non euria inoiz baino goiztiarrago eta usuago agertu den gaur. Malkarrez malkar, lepoz lepo, 3.000 metroak jo ditugu berriz, zipa-zipaturik. Jaitsiera hain da pikoa, mandoek ordubete baino gehiagoko itzulingurua egin behar baitute gurekin berriz ere elkartu arte. Bazter hauetako iturri bakarraren ondoan paratu dugu kanpamendua.

Zintzur hertsiak eta ibar zabalak tartekatu zaizkigu hurrengo egunetan, Arrosen Haraneraino. Maiatzean, loreen urrina hainbat kilometrotan zabaltzen omen da, sudurrarendako besta. Abuztuan gaude; pikondoek eta almendrondoek egiten dute arrosen ordea. Ubide baten ondoan, trukea egin dugu emazteki lotsati batzuekin: haiek guri pikuak, guk haiei txokolatezko barratxoak. Issoumar dugu ibilaldiaren bukaera. Mandoei eta mandazainei adio erran baino lehenago itzuli barregarria egin dugu herrian barna, zamarien gainean.

Harealdia

Bidaiari azkena emateko hegoaldera goaz, Merzouga helmuga. Bazterrak zelaitzen eta inguruak landarez soiltzen dakuskigu mikrobusetik. Tenperaturaren gorakadaz ohartu gara bide erdian bazkaltzera gelditzean. Arratsaldean, euliak ere kiskaltzen ari dira gure puskak lodge batean utzi ditugularik. Lahcenek lagundu gaitu turbanteekin.Lawrence Arabiakoa gu baino hobeki moldatzen zen gameluekin, baina ederra da dunetan barneratzea basamortuko ilunabarrean.

Bi orduko kabalkadaren ondoan, haima handi batean ari gara afaltzen. Ez gaude bakarrik. Italiar tropa galanta dugu inguruan. Okerreko argibidea eman die norbaitek: Saharan gabe, Ibizan daudela uste dute, nonbait. Guri ere ziria sakatu digute: gezur zikina da basamortuan gauaz hotz egiten duelakoa. Giro arnastezinak kanporatu gaitu kanpadendetako tapiz lodietatik. Iluntasunaz ezaxola, ondoko duna handira jo dugu. Oinustu egin gara harea finean erosoago igo ahal izateko. Turbante luzeak ditugu etzatoki; motxilak buruko. Volare jotzen hasi da, dunaren zolan, gaua alaitu behar zigun orkestra berberea.

Zerua lainoturik dago, gaurkoa ez da Saharako gau izartsu famatu horietarik. Minik ez, guk. Gure azken gaua da, zibilizaziora itzuli aitzin. Berehala entzun dira lehen zurrungak. Zangoetan, kilika ari zaigu basamortuko harea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.