Korrikaren 'klika' zuzenean eta elkarrekin

Korrikaren hasiera eta bukaera elkarlanean emango dituzte euskarazko hedabideek. Bat egingo dute denek Garesen eta Gasteizen

Txakur Gorria kolektiboko artistek Mugarrika atala egingo dute Berria TBren Korriklika saioan. BERRIA.
urtzi urkizu
2019ko apirilaren 3a
00:00
Entzun

«Orain, gaur eta hemen dena da posible», esaldia entzun daiteke 21. Korrikaren abestian. Posible da, esate baterako, euskarazko komunikabide guztiek bat egitea Korrikaren hasiera zuzenean elkarlanean emateko: telebistaz, Internet bidez eta irratiz. BERRIAk bat egingo du bihar ETBrekin, Goienarekin, Hamaikarekin, Kanalduderekin eta Xaloarekin, Korrikaren hasiera Garestik (Nafarroa) emateko. 16:10ean hasiko dute emankizuna. Aurkezleak Ilaski Serrano eta Naroa Iturri izango dira. Erreportariak, berriz, hauek: Ion Orzaiz (BERRIA), Amaia Txintxurreta (Goiena), Pantxika Maitia (Kanaldude) eta Julen Iriondo (Infosare). Gonbidatuak, berriz, AEK-ko Asier Amondo eta Mertxe Mugika, Julio Soto Nafarroako Bertsolari Txapelketako txapelduna, Garesko alkate Oihan Mendo eta Kote Camacho zinemagilea izango dira. Hainbat euskaltzale eta lekukoa lehen kilometroan eramango dutenak ere pasatuko dira mikrofono aurretik.

Era berean, Garesen elkarlanean eta batera arituko dira zuzeneko irratsaio berean Euskadi Irratia, Arrosa sareko irratiak, Bizkaia irratia eta Euskal Irratiak. Amaia Artetxek eta Reyes Ilintxetak aurkeztuko dute emankizuna, 16:30etik 17:30era.

Korrikaren amaieran ere elkarlanean arituko dira euskarazko komunikabideak; Gasteizko emankizuna ETB2n ikusi ahalko da, ETB1en izan beharrean —hala izan zen duela bi eta lau urte ere—. Eta irrati saioan gidari lanak Alea FMk eta Euskadi Irratiak egingo dituzte. Aurreko bi Korriketan ere elkarlanean aritu ziren euskarazko komunikabideak.

'Korriklika' saioa BERRIAn
Euskarazko hedabide bakoitzak, bestalde, bere eduki propioak landuko ditu. Berria TBk Korriklika saioa egingo du aurreneko aldiz, Korrikako egunetan —20:00etan jarriko dute webgunean eta sare sozialetan—. Garikoitz Goikoetxea kazetariaren bideo iruzkina izango da abiapuntua; elkarrizketak eta erreportajeak tartekatuko dituzte, eta umorezko atal bat ere izango da ikusgai: Ramoni eta Lohitzune. Beatriz Egizabal eta Intza Alkain aktoreek egingo dute atal hori; batek kirolari prestatuaren rola jokatuko du, eta besteak, Korrikan aurreneko aldiz aterako den adineko emakumearen rola. Txakur Gorria kolektiboko artistek Mugarrika atala egingo dute; aurreko Korriketako gertaera bat hartu eta marrazki batera eramango dute, testu batekin batera. Korriklika saioan, hurrengo eguneko ibilbidea eta ordutegiak errepasatuko dituzte. Halaber, eguneko irudien errepasoa egingo dute bertso batzuk entzuten diren bitartean. Papereko edizioan, egunero bertsolari batek bertsoak jarriko dizkio Korrikari, eta bertsolari horrek saiorako ere kantatuko ditu.

BERRIAren webgunean atal berezitu bat izango du Korrikak. Une oro Korrika nola doan zuzenean ikusteko aukera egongo da —EITB.eus-en bitartez eta harekin elkarlanean—. Halaber, webgune berean infografia interaktibo bat egongo da, ibilbideko herriekin eta ordutegiekin. Argazki eta bideo bildumak, eta paperean argitaratutako artikuluak eta bertsoak ere eskura izango dira.

[youtube]https://youtu.be/AHUgUe2OOuk[/youtube]

Euskarazko telebista kateetan, Korrika egunero ikusteko modua izango da. Hamaikan, 08:00etatik 19:00etara Korrikan aurrez grabatutako kilometro guztiak emitituko dituzte; 19:00etatik 19:30era, Kanaldudek egindako saio berezia emango dute: 19:30etik aurrera, Korrikaren zuzeneko seinalea ikusi ahalko da: 21:00etatik 22:00etara, saio berezia egingo dute Hamaikaren platotik; eta, 22:00etatik aurrera, aurrez grabatutako kilometroak emango dituzte.

Kanaldudek 45 minutuko zuzeneko emankizuna eskainiko du egunero, 19:00etan, Korrika pasatzen den lekutik. Honako herrietan eta hirietan ibiliko dira, ostiraletik aurrera: Lerga (Nafarroa), Uharte (Nafarroa), Angelu (Lapurdi), Lekunberri (Nafarroa), Bastida (Araba), Gorliz (Bizkaia), Bakio (Bizkaia), Donostia eta Durango (Bizkaia).

ETB1ek Badator Korrika saioa egingo du egunero, 21:15etik 21:45era. Ilaski Serrano telebistako set mugikor batean egongo da gauero, une horretan Korrika pasatuko den eta heltzeko puntuan egongo den herrian. Eta Irati Sarasuak Korrikan parte hartzen duten zenbait pertsona elkarrizketatuko ditu. Lasterketaren barneko giroa ere jasoko du Sarasuak, bide batez.Gure kasa saioak bi emankizun berezi egingo ditu Korrikarekin lotuak: aurrenekoa, bihar —Martxelo Otamendi, Xabier Saldias eta Gozategi taldea gonbidatuko dituzte—, eta bigarrena, hilaren 11n, Bilboko ibilbideko pasarteak erakusteko. Telebista emanaldi horiek guztiak EITBren webgunean ere ikusi ahalko dira.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.