Rosabel Argote. CEAR-eko kidea

«Errealitatea sinplifikatzeak xenofobia eragin dezake»

Xenofobiaren aurkako kazetaritzari buruzko hitzaldi bat emango du gaur Argotek, Barakaldoko Clara Campoamor zentroan. Nigeriako errefuxiatu bat izango du lagun.

MITXI.
urtzi urkizu
2019ko urriaren 8a
00:00
Entzun
Kazetaria, gizarte gaietako ikerlaria eta Gasteizko CEAR Iheslariak Laguntzeko Batzordeko arduraduna da Rosabel Argote (Gasteiz, 1968).

Zer gomendio ematen ditu CEAR erakundeak kazetaritza egiteko,xenofobiaren zabalkundearen aurrean?

Iaz CEAR-Euskadin gida bat atera genuen, hemeretzi gomendiorekin. Urteak dira Ez zaitez korapilatzen utzi! leloko kanpaina martxan jarri genuenetik, eta bide beretik doa mezua.

Gomendio horiek giza eskubideekin daude oso lotuak, ezta?

Bai. Informatzeko orduan, kazetariek kontuan izan behar dute materiala oso kontuzkoa dela, eta eskuetatik erortzen bazaigu lehergailu bat izan daitekeela: gizarte arrakala eragin dezakeen lehergailu bat. Informatzeko orduan, giza eskubideak, ohorearen eskubidea, irudiarena eta pertsonen kultur eskubideak hartu behar dira aintzat. Gorrotozko diskurtsoen aurrean, berriz, zero tolerantzia izan behar da. Diskurtso politiko batzuek arrakala eragin dezakete, kanpokoekiko gorrotoa pizten dutelako. Kazetaritzaren alorretik ezin da hori neutralitatez landu. Lan arduratsua dugu kazetariok.

Zenbait politikari erakartze efektuaz hitz egiten hasten direnean, zer egin behar da?

Barakaldoko gaurko solasaldian horretaz arituko gara. Egun, uste dugu ez direla politikari horiek isilarazi behar. Diskurtsoak marra gorriak zeharkatu eta gorrotozkoak bihurtzen direnean, kode zibil bat dago, eta judizializatu daitezke. Etorkinen inguruan trufa egiten dutenak dira arriskutsuenak, eta esaten dutenak bonbak jartzera etorriko direla. Adierazpen askatasunaren alde gaude, eta herritarrek diskurtso horiei erantzun behar diete. Debekua zure aurka bilaka daiteke. Herritarrek hainbat modutan erantzun dezakete: euren botoarekin, alderdi politikoei eta hedabideei gutunak bidaliz eta abar.

Hedabide digital xenofobo batzuk sortu dira azkenaldian. Zein da horien arriskua?

Arriskutsuak dira, min handia eragin dezaketen gezurrak zabaltzen dituztelako. Zer egin behar da horien aurrean? Herritarrek erabaki behar dute hedabide horiek ez kontsumitzea. Norbaiti Whatsappeko mezu bat iristen bazaio esaten duena emakume etorkin batek hilean 2.000 euro jasotzen dituela diru sarrerak bermatzeko errentaren bidez, bi erabaki har ditzake: beste inori ez bidaltzea edo bere kontaktu guztiei bidaltzea. CEAR-en, herritar kritikoak bultzatu nahi ditugu. Herritarrek xenofobiaren zabalkundearen konplize ez izatea erabaki behar dute.

Zer lan egin daiteke erredakzioetan gai horren inguruan?

Ez da erraza, baina kazetari bakoitzak erresistentzia lana egin dezake. Erredakzioetako gaitzetako bat da presaka aritzea; zenbaitetan ez da asmo txarrik egoten, baina, presaka, errealitatea sinplifikatzeak xenofobia eragin dezake. Erredakzioetan kontziente izan behar dute albisteek lantzeko denbora gehiago behar dutela. Askotan, migratzaileen inguruan idazten edo hitz egiten da, baina haiei ez zaie hitza ematen eta ez dira subjektu informatzaile. Gaurko solasaldian, Aquarius itsas ontziak erreskatatu zuen mutil errefuxiatu bat mintzatuko da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.