Barry libre eta Marte librea

Giro onean grabatzen dute astelehenero 'Barre librea', ETB1ek ostegunean ematen duen bakarrizketa saioa. Casting bat egin zuten, eta aurpegi berriei aukera emateko baliatzen ari dira.

Aitziber Garmendia, Barry Manley eta Jon Plazaola, Barre librea saioaren grabaketan; atzean, Jon Olivares. JON URBE / FOKU.
urtzi urkizu
Donostia
2021eko otsailaren 25a
00:00
Entzun
Irlandan jaio, euskaraz ikasi eta ETBn bakarrizketa bat egitea posible da. Galdetu bestela Barry Manleyri. Tarta bat eraman du Miramongo platora (Donostia), bi hitz dituena: «Barry librea». Edari alkoholdunik ez dago, astelehen arratsaldea da, baina umorerako barra librea da Barre librea saioa.

Ohar bat irakurleentzat: lerrootako kronikan spoiler-en bat edo beste egon daiteke. ETB1eko Barre librea saioa gaur gauean ikusteko asmoa duenak jakin dezala, aldez aurretik. Edonola ere, ez dago alderik bakarrizketa bat entzutearen eta testua idatzita irakurtzearen artean. Bakarrizketak bertatik bertara ikustea ere beste gauza bat da.

Argiztapen zaindua du platoak. Badira bost kamera. Jon Plazaola txantxetan ari da Iñaki Imaz errejidorearekin, grabatzen hasi aurretik. Lantaldeko kide bat eskaletaren bila joan da, errealizazio gelara eramateko.

Duela gutxira arte, arte eszenikoetako sektoreko aktoreak gailentzen ziren saioko bakarrizketalari gisa. Baina herritar orori atea zabaldu, hautaproba deialdia egin, eta erantzun «bikaina» jaso dutela aitortu dute Aitziber Garmendiak eta Jon Plazaolak, saioko aurkezleek. «Castingera etorri zirenekin ezusteko ikaragarria hartzen ari gara», esan du Garmendiak. «Konturatu gara sekulako harrobia daukagula. Ez genuen uste hainbesteko zukua aterako genionik; poza ematen du».

Casting horretan parte hartu zutenetako bat Maria Blanco da. «Animatuta» dago, grabaketa hasi aurretik. Dantzari buruz egitekotan den bakarrizketaz hizketan ari da Getari Etxegarai programako gidoilariarekin.

Dantza egin du Jon Olivares aktoreak ere —Patria eta Altsasu telesailetan egindako lanagatik ezagutuko du ikus-entzuleak—,Saloura (Herrialde Katalanak) lagunekin egindako bidaia gogoratu eta hango parrandak bakarrizketara eramatean. Ana Goitia kazetari eta influencer-ak ere iraganera bidaiatu du, duela hogei urte bera eta bere ingurukoak nola janzten ziren aipatuz; Goitia bomber-a jantzita joaten zen Su ta Gar taldearen kontzertuetara. «Jo ta ke, irabazi arte!».

Tarte batean, Imaz errejidoreak —33 urte daramatza Miramonen lanean— plato erdira eraman du Blanco, zehatz-mehatz non kokatu behar duen azaltzera. Manleyren tartarekin eman dituzte buelta batzuk, hara eta hona. Geroxeago, Imaz keinuka aritu zaio Irlandako umoregileari, luzatzen ari delako seme-alaben gorabeherekin.

Saioko lantaldekoek ere egiten dituzte bakarrizketak: Etxegaraik azaldu du gurasoek ez dakitela euskaraz, eta euskaldun zaharren eta euskaldun berrien ingurukoak eman ditu platora. Plazaola urrutirago joan da: Martera. «Gizakia iritsi da. Eta? Meh». Nafarroako Bardeak hor daudela aipatu du, dezente gertuago. Planeta gorrian Barre librea saioa nolakoa izango litzatekeen irudikatu du, makina bat hitz joko erabilita. Agerikoa izan da kamerariren bati kaskarra iruditu zaiola Marte libre-ko hitz jokoren bat. Plazaola eroso dago, eta «galtzontzilloak jantzita». Aitziber Garmendiak zera ohartarazi du, ordea: «Titi zorrorik gabe etorri naiz gaur». Umoretsu aritu da saio osoan, baina serio jarri da bakarrizketaren txanda iritsi zaionean: Euskaldunon Egunkaria-ren itxieraz aritu da. Adierazpen askatasunaz ere bai, eta gogoratu du 20 urte zituela 2003an.

Arraio irratitik Miramonera

Garmendiak berak gogoratu du inoizko elkarrizketarik «eroena» egin ziotela Zarauzko (Gipuzkoa) Arraio irratiko Galde debalde saioan. Elkarrizketatzaileetako bat Julen Portillo zen, Barre librea-ren castingean parte hartu dutenetako beste bat. Kalean ibiltzeko puntukako karneta jartzearen inguruan aritu da, trufaka. Bakarrizketa hasi duenean, aztoratu egin da. «Promterrean gidoia jartzen dizute, eta ez nuen inoiz halakorik erabili. Abiadura handian zihoan, eta gelditzeko eskatu dut». Bigarrenean, fin aritu da. Bukatzean, hala esan du: «Oso esperientzia ona izan da, benetan pozgarria».

Imazen iritziz, «oso zaila» da telebista mundua ezagutu gabe saiora joan eta kameren aurrean jartzea. «Hala ere, harrituta nago castingetik etortzen direnekin. Maila handia dago». Gaineratu du «beharrezkoa» dela umore saio bat egitea, «inguruan hainbeste albiste beltz egonda».

Plazaolak eta Garmendiak nabarmendu dute ikus-entzule gehienak gazteak dituztela. «Esker onez hartzen dugu bakarrizketak eta esketxak sare sozialetan asko zabaltzea». Telebista kontsumoa aldatu egin da: litekeena da lerrootan aipatu diren zenbait bakarrizketak ikusle gehiago izatea Instagramen ETB1en baino.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.