Zazpigarren arteaz, euskaraz

'Zinea.eus' atariak erreferentzialtasuna lortu du ikus-entzunezkoen industriako profesionalen artean. Zinemari buruz aritzen den hedabide bat izaki, «jende berriari» ateak ireki nahi dizkio.

Ines Arrue eta Maialen Goñi, Zinea hedabide digitaleko kazetariak. ANDER MAKAZAGA.
urtzi urkizu
Donostia
2021eko otsailaren 26a
00:00
Entzun

Hutsune bat betetzeko asmoz sortu zuten duela zortzi urte Zinea.eus atari digitala: zinemari buruz euskara hutsean hitz egiteko. «Euskal zinemaz gain, euskaldunoi interesatzen zaigun zinema guztiaz ere euskaraz egitea zen kontua», azaldu du Maialen Goñik, Zinea-ko koordinatzaileak. «Proiektuak hasieran gorakada handia izan zuen, behar bati erantzuna eman zitzaiolako». Azkeneko urteetan hazi eta hazi aritu da, «maila apalagoan», eta Goñik zera nabarmendu du: «Orain lortu dugu erreferentzialtasuna, eta guregana jotzen dute sektoreko alderdi desberdinetako profesionalek zein zinemazaleek. Oso pozik gaude».

 

Ines Arrue Zinea-ko erredaktoreak bi garai desberdinetan ezagutu du proiektua. «Hasieran, hutsune bati erantzun zitzaion, baina ez genekien nondik hasi, ez nondik jo». Bigarren aldian Zinea-n lanean hasi denean, hedabide bat topatu du. «Hedabide bat bere ildoarekin, eta asko aldatu da lan egiteko modua. Orain dauzkagun jarraitzaile asko industria honetako jendea da».

Modu desberdinetan, Zinea aukera ematen ari zaio jende askori: zinema kritikak idazteko, blogetan idazteko, beren proiektuen berri emateko... Urtero antolatzen dute zinema kritikarien lehiaketa: irabazleak urtebeteko konpromisoa hartzen du astero film baten kritika idazteko. «Oso arrakastatsua gertatzen ari da, bai parte hartzeari dagokionez bai gero kritikari horiek egin duten ibilbideari lotuta», esan du Goñik. Horren erakusgarri, zenbait kritikarik kolaborazioak egin dituzte BERRIAn eta beste hedabide batzuetan. «Aukera berriak ematen ari gara, gehienak gazteak dira, eta gogo handiarekin hartzen dute kritikari lana».

Pandemiaren eragina

Sortzaile berriei ere aukera berezi bat eman die azkeneko urtean Zinea-k film laburren lehen gidoi lehiaketarekin. «Oso erantzun ona jaso genuen», aipatu du Arruek. 33 sortzailek 37 gidoi bidali zituzten. Irabazlea Naia Arantzamendiren Sutan izan zen. Ekoizpen fasean da film laburra, eta Maluta Filmsek ekoitziko du.

Blogarien tarteari, bestalde, aurten «buelta bat» emango diotela iragarri dute hedabide digitalaren arduradunek. Arruek hala esan du: «Izen berriak ekarri nahi ditugu; ezezaguna den jendeari ateak zabalduko dizkiogu. Badago, gainera, horretarako publikoa».

Ezinbestean, koronabirusaren pandemiak eta konfinamenduak eragina izan zuten iaz Zinea-ren egunerokoan. Ez zegoen film estreinaldirik, ez proiekziorik, eta jaialdiak atzeratzen ari ziren. «Eduki ludikoagoak sortzeari ekin genion. Lehiaketa bat egin genuen, konfinamenduan ikusteko filmik onena zein zen hautatzeko. Bozketetan jende askok parte hartu zuen», gogoratu du Arruek. Azkeneko hilabeteetan ari dira estreinaldien berri ematen, Hego Euskal Herriko aretoetakoak, eta ez dira asko. Halakorik ez da Lapurdin, Nafarroa Beherean eta Zuberoan, zinema gelak itxita baitaude aspaldian.

Horrenbestez, streaming plataformetako estreinaldiei ere tarte bat eskaintzen diete astero, zinemako estreinaldiekin batera. Goñik ohartarazi du: «Pantaila handiko zinemari ematen diogu lehentasuna. Plataformako filmen artean, jaialdietan ibilbide bat egiten duten lanak nabarmentzen ditugu batik bat».

Euskarazko telesailen jarraipena ere egiten ari da Zinea. «Izan ere, euskal industriari begira egiten dugu lan, eta telesailetan euskal sektoreko profesionalak daude», azaldu du Goñik. Moriarti ekoizpen etxeko zinemagileek —80 egunean, Loreak, Handia—, adibidez, iragarri dute bi telesailen proiektuetan ari direla lanean.

Maramara taldearena da Zinea. Eta beste proiektu paralelo bat du: Ganbara.eus. Euskarazko zinemagintzaren argazki historikoa egin du gordailu horrek —gidoiak ere jasoak dituzte—. «Helburua da euskarazko zinemaren datu baserik ahalik eta osatuena izatea», aipatu du Goñik. Urteko euskal ekoizpen guztien datuak jasotzen dituzte bertan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.