Ertzak LGTBI pertsonaietan

LGTBI kolektiboko pertsonaien inguruan mintzatu dira Crossover jaialdian. Solaskideek nabarmendu dute garrantzitsua dela fikzioan erreferenteak egotea, «itsusiak direnak ere bai».

Ylenia Benito, Imanol Salaberria, Aitziber Garmendia eta Lucia Baskaran, atzo, Donostian. JON URBE / FOKU.
urtzi urkizu
Donostia
2021eko apirilaren 23a
00:00
Entzun
Fikzioak boterea du beste errealitate batzuk imajinatzeko, eta telesailek gaitasuna izan behar dute beste mundu batzuk irudikatzeko»: hala esan zuen atzo Lucia Baskaran idazleak, Crossover telesailen kulturaren inguruko jaialdian. LGTBI kolektiboko pertsonaien inguruko solasaldia izan zuten Baskaranek berak, Aitziber Garmendia aktore eta gidoilariak eta Imanol Salaberria sortzaile eta errealizadoreak, Donostian. Moderatzaile lanak Ylenia Benito kazetariak bete zituen.

Salaberriaren arabera, pertsonaia «marjinalak» izan ohi dira LGTBI kolektibokoak. Gogoan du gurasoek ez ziotela ia telebistarik ikusten uzten haurra eta nerabea zenean. «Ezkutuan», Queer as folk ikusten zuen gau partean. «Oso sexualizatua zen telesaila. Homosexualak gaiztoak ziren, eta beldurra eragiten zidan».

Garmendiak amonari kontatu zionean neska laguna zuela, zera aipatu zion: «Goenkale-n zeuden bi emakumezko pertsonaia bezala zela esan nion, eta dena errazagoa izan zen». ETB1eko Go!azen telesailean ere azken denboraldian bi nesken arteko maitasun harreman bat egon da. Garmendiari garrantzitsua iruditzen zaio hori: «Ondo dago, gizarte osasuntsu bat izan nahi badugu».

Solaskide guztiek eta Benito moderatzaileak bat egin dute esatean erreferenteak beharrezkoak direla. Baskaranek uste du LGTBI kolektiboko pertsonaiak lantzeko orduan asko nabaritzen dela zuzendaria gizonezkoa ala emakumezkoa den: «Feel Good telesailean, bi emakume lesbianen arteko istorioa kontatzen da, baina ez da hori bakarrik. Asko gustatu zitzaidan; asko nabaritzen zen zuzendariaren begirada».

Salaberriaren arabera, telesailetan aukera dago pertsonaiak gehiago lantzeko zineman baino. Garmendiak uste du inspirazio iturri izan daitezkeela telesailak. Baskaranek bezala, zuzendariaren begiradari ere garrantzia eman dio Barre librea umore saioko aurkezleak: «Gizonezkoek zuzentzen dituzten telesail eta filmetan edertasunari ematen diote garrantzia, eta, gehienetan, gaztetasunari lotuta. Marka horrek eragin handia du. Halaber, begirada zabaldu beharko litzateke, zeren pertsonaia homosexualak beti dira oso lirainak». Horregatik, Garmendia saiatzen da gidoietan pertsonaia itsusiak egiten. «Ikus-entzuleek ohitu behar dute itsusiak ikusten. Borroka pertsonala dut bestelako emakumezko pertsonaiak ikus daitezen, eta ez daitezen izan inoren musak». Baskaranek, ildo beretik, hau gaineratu du: «Faltan botatzen dut jende heldua, eta gorputz itsusiak ere bai. Adin bateko emakumeek ordezkatuta egon behar dute».

Salaberriak, gainera, telesailen hartzaileen inguruko hausnarketa egin du, LGTBI publikoa eta heterosexuala bereiziz: «Hiesaren gaia asko ageri da homosexualei zuzendutako fikzioetan. Baina telesail batzuk egin behar dira publiko heterosexualak ikus ditzan». Hau gaineratu du Baskaranek: «Pertsonaia gayak zoriontsu ere ikusi behar dira. Gustatuko litzaiguke LGTBI pertsonaiak ikustea bizitza arrunta egiten».

Salaberriak eredu «arriskutsu» batzuk errepikatzen direla ikusi du bost telesailetan, gutxienez: «Kezkatuta nago nola irudikatzen diren pertsonaia gay gazteak. Jazarle bat eta biktima bat daude, eta, azkenean, bien artean harreman homosexual bat izaten dute».

Pertsonaia bisexual gutxi ikusten dira, baina Garmendiak adibide bat eman du: «The Queen's Gambit telesailekoa ondo ikusi nuen. Arreta ez zegoen pertsonaia bisexuala zen horretan jarria, eta gustatu zitzaidan». Baskaranek, berriz, The Bisexual telesaila aipatu du, Desiree Akhavanek sortutakoa.

Solaskideek nabarmendu dute zenbait telesailetan LGTBI kolektiboko pertsonaiak oso estereotipatuta daudela: Salaberriak Glee telesaileko pertsonaia gaya aipatu du, adibidez. Modern family telesailean ere topikoak ditu pertsonaia homosexualak, Garmendiaren ustez: «Eta aitortzen dut topiko askorekin barre egiten dudala». Salaberriak aitortu du: «Topikoak ondo daude, iraingarriak ez badira».

Hiru solaskideek hamar urte barru aldaketa bat egotea espero dute. Baskaranek honela dio: «Telesail bat izan daiteke entretenigarria, eta ona eta hezigarria aldi berean». Hobetzeko asko dagoela iruditzen zaie hiruei. Baina Salaberriak, edonola ere, honela adierazi du: «Hasi naiz ikusten ikusi nahi nituen pertsonaiak».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.