Nerabeen korapiloak fantasia giroan

Movistar Plusek 'Paraiso' telesaila estreinatuko du ostiralean, hiru atal eskainiz. Gorka Otxoa aktorea da protagonistetako bat

Gorka Otxoak Morte-ren rola jokatzen du telesailean. Arrantzale zakarra eta gogorra da. MOVISTAR+.
jakes goikoetxea
2021eko ekainaren 1a
00:00
Entzun
Mediterraneo itsasoak bustitako herri bat, Levante eskualdean. 1992ko uda. Dantzaleku bat: Paraiso, izena neonezko argi arrosaz idatzia. Nerabeak aurrera eta atzera. Eta desagertze bat: 15 urteko hiru neska —Eva, Malena eta Sandra— arrastorik utzi gabe desagertu dira Paraiso dantzalekura joan eta gero. Nesketako baten anaia eta bere lagunak haien bila hasiko dira. Ikertu eta gero, jakingo dute neskak gizaki itxurako beste mundu bateko izakien esku daudela, hildakoen eta bizidunen munduen artean ibiltzen diren izakien esku.

Horrela laburbildu daiteke Paraiso telesailaren trama. Movistar Plusek ostiralean eskainiko ditu lehen hiru atalak. Gero, atal berri bat ostiralero, telesailaren zazpiak osatu arte. 50 minutu ingurukoa da atal bakoitza.

Fantasiazkoa, zientzia fikziozkoa da Paraiso. Naturaz gaindiko egoerak agertzen dira. Baina laburpena eta laburpenak iradokitzen duena motz geratzen dira telesailaren mamia azaltzeko. Hala uste du Gorka Otxoa aktoreak, protagonistetako batek.

Fantasiazko eta zientzia fikziozko film eta telesail batzuetan fantasiak berak gain hartzen die pertsonaiei, eta itzalean uzten ditu haien sentimenduak eta izaera. Paraiso-n ez, Otxoak nabarmendu duenez: «Istorioaren funtsa nerabeen arteko harremana da, nerabezarotik helduarora egiten duten bidaian dauzkaten gorabeherak, istorioak eta abenturak». Laguntasuna, maitasuna, bakardadea, zalantzak, galerak... Bidaiaren zati bat fantasiazko mundu batean gertatzen da, baina tramaren elementu gehigarri bat dela uste du aktoreak.

«Bidaiatzarra»

Morte-ren rola jokatzen du Otxoak: «Arrantzalea da. Zakarra eta gogorra, batzuetan oldarkorra ere bai. Sentimenduak azaltzeko orduan, itxia. Pertsonaia indartsua. Nire izaeratik oso urrun dagoen pertsonaia, eta, beraz, oso interesgarria». Nesken bila ari diren gazteetako baten, Zeta-ren, aitaordea da Morte. Zeta ikasgelako handiputza da.

Telesaila ikusteko amorratzen dago. Filmaketa «bidaiatzarra» izan da harentzat. Nerabezarora bidaiatu du: Otxoak 13 urte zituen 1992an, telesaileko gaztetxoen adina. «Musika, arropa, gaiak... oso gertukoak eta ezagunak egin zaizkit, eta nire bizitzako garai horretara bidaiatu dut», azaldu du. Jolas makinen aretoak, Chimo Bayoren eta Mecanoren kantak, GACren Motoretta bizikletak, barrakak... garai bateko erreferentzien bilduma da telesaila. «Musika beste pertsonaia bat da».

2020ko urtarrilaren hasieran hasi ziren filmatzen. Lana eten egin behar izan zuten COVID-19 izurritearen eraginez ezarritako alarma egoeragatik. Uztailean heldu zioten berriro filmatzeari.

Fernando Gonzalez Molina nafarra da telesailaren sortzailea eta zuzendaria. Paraiso-ren aurretik hainbat film eta telesail zuzendu ditu: Palmeras en la nieve, Tres metros sobre el cielo, Tengo ganas de ti, El barco, Ofrenda a la tormenta... Ruth Garciak eta David Olivak lagundu diote sortze lanean.

Gonzalez Molinaren arabera, istorio fantastiko bat kontatzeko gogoa zuen, bere nerabezaroko erreferentziak aintzat hartuta: «[Steven] Spielbergen zinema, V telesaila... baina baita Verano azul eta Compañeros ere». Nerabezaroko zailtasunak kontatu nahi izan ditu, «ezberdinak direnenak batez ere».

Aktoreei dagokienez, Otxoaz gain, Macarena Garcia, Iñaki Ardanaz, Pau Gimeno, Cristian Lopez, Leon Martinez, Hector Gozalbo, Maria Romanillos eta Patricia Iserte dira protagonistak.

Movistar Plus eta The Mediapro Studio ekoiztetxeen proiektua da. Bigarren denboraldia izango du.

Gorka Otxoak bukatu berri du beste telesail baten grabazioa, Galizian: Un asunto privado, Amazon Prime-rako. 1940ko hamarkadan girotutako telesaila da: Emakume aberats bat prostituten hiltzaile bat harrapatzen saiatuko da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.