'Putas amak': bizitza doinuak

Oihane Aranburuk, Nahikari Beltzak eta Lorea Etxarrik 'Putas amak' bideopodcasta egiten dute Donostiako 2deo laborategian. Orain arteko hiru atalak Youtuben daude ikusgai.

Oihane Aranburu, Nahikari Beltza eta Lorea Etxarri dira Putas amak bideopodcastaren aurkezleak. ANDONI CANELLADA / FOKU.
urtzi urkizu
Donostia
2023ko maiatzaren 23a
00:00
Entzun
Musika talde bat osatzea zen Olaia Etxarri irakaslearen, Nahikari Beltza kazetariaren eta Oihane Aranburu arkitektoaren helburua. Horretarako hasi ziren elkartzen duela urte eta erdi. Zenbait gertaerak stand by-an utzi zuten taldearen sorrera. Baina Beltzak beste biei proposatu zien podcast bat egitea, haien ilusioa eta sormena ez itzaltzeko. «Entseguetan, musika egin beharrean, hitz egiten genuen. Eta esan nien hori podcast bat zela». Ondotik, Tabakalerako 2deo laborategikoekin harremanetan jarri ziren, eta han ari dira grabatzen azkeneko hilabeteetan Putas amak bidepodcasta. Youtuben daude ikusgai lehen hiru atalak —Instagramen eta Tiktoken ere badute kontua—.

Hasierako kantan honela diote: «Bizitza badago erditu eta gero». Hori berretsi du Beltzak: «Eta bizitza nahi dugu erditu eta gero. Ahalegina egingo dugu hala izan dadin». Hirurek aldarrikatu dute ama izateaz gain «askoz gauza gehiago» direla. «Hori esaten dugu kantan, eta horretan saiatzen gara», gaineratu du Aranburuk. Etxarriren arabera, hori galdetzen zaie emakumeei, eta gizonei ez. Izan ere, gizonei ez zaie inoiz kontziliazioaz galdetzen.

Kanta hori da, hain zuzen ere, Putas Amak musika taldearen aurrenekoa. Bidepodcastaren hasieran ageri da, Arrate Rodriguezen animazio batekin batera. «Benetako helburua musika taldea sortzea da», ohartarazi dute.

Bestalde, Putas amak bideopodcasteko atal bakoitzaren atzean «lan dezente» dagoela nabarmendu dute, nahiz eta oso natural ageri diren hiru aurkezleak hizketan. Gidoia lantzeaz gain, Beltzak orduak pasatzen ditu bideopodcasta editatzen. «Zenbaitek esaten didate entzungo dutela podcasta. Baina gurea ikusteko eduki bat da, aizue!».

Podcastaren grabaketan bertan gertatutakoak ere islatu dira tarteka. Aranburuk kontatu duenez, lehen atala grabatzen ari zirela ezusteko handi bat izan zuten: «Gure artean komentatu genuen ondo gelditu zela, baina erditik aurrera ez zen grabatu arazo tekniko batengatik. Berriro ekin genion grabazioari, berandu samar zen, eta Tabakalerako zaintzaile baten ahotsa entzun zen». Noiz arte geldituko ote ziren oihukatu zien zaintzaileak, eta hori jasoa dago podcastean.

Hurrengoa, kaosari buruz

Lehen atalean beren burua aurkeztu zuten Etxarrik, Beltzak eta Aranburuk; atal horrek mila ikustaldi baino gehiago izan ditu. Bigarren atalean, amatasunaz aritu ziren. «Jende pilo bat sentitu da gurekin identifikatuta», azaldu du Etxarrik. «Iruñeko lagun batek ere esan zidan asko gustatu zitzaiola atala, nahiz eta ez den ama». Sara Cozar aktorea elkarrizketatu zuten. Laguna dute Cozar, eta laguntzailea. Maria Edrosok ere lagundu die, diseinuarekin.

Bideopodcastean, amei egiten zaizkien juzgu txarrei eta kritikei aurre egin izan diete. Aranburuk zera ohartarazi du: «Pentsatzen duguna natural esaten dugu, baina ez dugu ezeren eredu izan nahi». Ondo pasatzeko egiten dute saioa, baina «bizitzako gaiei» heltzen diete. Etxarrik, bide beretik, zera dio: «Ez dugu nahi ikusleak gure pare pentsatu behar izatea». Musika talde bat baitira, «funtsean».

Hirugarren atalean musikaz aritu dira. «Gaiak oso natural atera zaizkigu. Nahi dugunari buruz hitz egin dugu bideopodcasteko atal hauetan», dio Etxarrik.

Hilean atal bat egiten dute. Ekainean, kaosari buruz mintzatuko dira. Beltzak iragarri du lehen hiru ataletan ahaztu zaizkien gauzak sartuko dituztela. Etxarrik argi utzi du: «Kaosa oso-oso presente dago gure bizitzetan. Malabarrak egiten bizi gara». Badituzte gerorako beste asmo batzuk ere. Merchandising-a ateratzeko gogoz daude. «Feedback ona jaso dugu, eta ez dugu ezer baztertzen etorkizunari begira».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.