Hain gertuko, hain ezezagun

Gizarteak eta hezkuntzak baserri munduaren inguruan «ezjakintasun handia» dutela susmatuta, zortzi argitaletxeren testuliburuak aztertu dituzte EHNEk eta Gipuzkoako Foru Aldundiak, Pedro Berriotxoaren laguntzarekin: susmo zirenak egia direla erakutsi die ikerketak, eta baserriarekin lotutako estereotipoak desegin beharra nabarmendu dute.

Garikoitz Nazabal Zaldibiako nekazaria. IDOIA ZABALETA / FOKU.
Maialen Unanue Irureta.
2018ko maiatzaren 11
00:00
Entzun

«Ez gara ezjakinak: ikasketak dituen jendea dabil baserrian, nahi duelako»



Lorea Muguruza Idiazabal

Pentsatzen genuena berretsi digu», nabarmendu du Lorea Muguruzak (Errenteria, Gipuzkoa, 1983). Lau urte dira nekazari lanetan hasi dela, eta, hasieratik, atentzioa eman ohi zion Muguruzari EHNEren bileretan askotan entzundako esaldi batek: «Gizarteak bizkarra eman digu». Dioenez, sindikatuko kideek «betitik» izan dute sentipen hori. «Horrenbesteko deskonexioa izan dugu, ahaztu egin baitzaigu baserria zer den, zer lan egiten den bertan, nola funtzionatzen dugun, zein den haren funtzioa, eta abar».

Testuliburuak aztertzeak, zoritxarrez, susmatzen zutena berretsi die, eta «benetan dagoena erakusteko beharra» nabarmendu du. «Asko jotzen dute marrazkietara, eta Olentzero pintatzera jotzen dute: ni ez nauzu ikusi buruan zapia jarrita eta amantalarekin, ezta? Errealitatea ez da aitona zaharrez betetako eremu bat. Ez gara basati batzuk, ez gara ezjakinak; ikasketak dituen jendea dabil lanean baserrian, nahi duelako».

Muguruzak askotan bidaltzen ditu fakturak sakelako telefonotik: baserrian bizitzeak ez du beste mundu bateko herritar egiten. «Gaur egungoak gara, eta gaur egungo jendearentzako janaria egiten dugu. Berrikuntzak iristen diren heinean, guk ere eskuratu egiten ditugu: gizarte honen parte gara, eta gure lana errazteko tresnak hartzen ditugu guk ere, ahal dugun heinean, gainerako guztiek bezala». Bestelako aurreiritziak ere badira baserriari lotuta. Komentario bitxiren bat egin zioten baserrira zihoala kontatu zuenean: «Lagun batek esan zidan: 'Urte pila bat biziko zara orain'; eta ni, neure artean: 'Badakigu gauza naturalak jaten ditugula, baina hortik gehiago bizitzera...'».

Baserri munduaren inguruko ezjakintasunak «mailak» ditu, Muguruzak dioenez. Esaterako, nabari du desberdintasuna emakumea delako: «Andre bat etorri zen ardi esne bila, eta, ikusi ninduenean, oihu egin zuen: 'Emakume bat ardiak jezten!'; eta ni, neure artean: 'Bai, eskuak ditut'; beste koska bat gehiago da».

Inori «jipoirik eman nahi izan gabe», Muguruzak dio eskertuko luketela benetako irudietan oinarritzea liburuak, eta haiei zuzenean galdetzea. «Hemen gaude. Galdetzen didan inori ez diot aterik itxiko, ez nik, ez inork». Uste du erakundeek bertako baserritarren aldeko apustua egitea lagungarria litzatekeela estereotipoak hausteko: «Jendeak baserrian lan egitea benetako aukeratzat hartuko luke; gertuago egongo litzateke errealitate honetatik».

 

«Irudi hori ekartzen saiatzen naiz: ez gara besteak baino tontoago»



Panpi Sainte-Marie Landibarre

Bizi guztia darama baserri munduan Panpi Sainte-Mariek (Landibarre, Nafarroa Beherea, 1963). Beti izan du argi baserrian bizi nahi duela, eta, anaia zaharrenak gurasoen baserria hartu zuenean, ondoko baserria erosi zuen, Munhoa, salgai zegoela jakin bezain pronto. «Ume-umetik hau ikusten nuen, eta hau zen nire ametsa: nire ametsetako lekuan bizi naiz», azaldu du.

Sainte-Marieren esanetan, ez da inoiz gutxietsia sentitu, «arrunt baserri mundu batean» bizi delako: «Landibarren bizi gara 300 bat biztanle, eta hamarretarik zortzi baserritarrak gara: Nafarroa Beherean eta Zuberoan, arrunt baserri mundua da osoki oraindik, eta gazte anitzek nahi dute bizi baserrian». Azaldu duenez, aurten zortzi gazte inguruk hartu dute gurasoen segida Landibarren bertan: laborantzari lotutako kultura badutenez, ez dira baztertuak sentitzen, haren hitzetan.

Gutxietsia sentitu ez, baina nabari du badela nahikoa distantzia kostaldean eta barnealdean bizi direnen artean; distantzia ezjakintasun gisa ulertuta. Horregatik, garrantzi handia ematen die bezeroekiko hartu-emanei: «Baionan, adibidez, oso urbanoak dira, Maulen eta Donibane Garazin ez bezala; baina nik hango bezeroekin zuzenki tratua izanez, konfiantzazko tratua da, eta erraten diet nire oilaskoak nola haziak diren, transgenikorik gabe, modu ekologikoan...». Sainte-Marie kontziente da baserri mundua «arrotza» dela haientzat, baina, produktu naturalak bilatzen dituztenez, galderak egiten dizkiote: «Ni saiatzen naiz ekartzen irudi hori, errealitatea dena, baserri mundukoa: ez gara besteak baino tontoago; gu ere irekiak gara».

Duela 50 urte arte, dioenez, lotura handiagoa zen kostaldearen eta landa eremuaren artean, eta kontaktua «galdu» egin dela uste du: «Kasik denek bazuten familian norbait baserritarra, baina hiriak uxatu du laborantza mundua: hirigintzak hil du baserri mundua, lurrak hartuz». Galera horri aurre egiteko ahaleginetan ari dira baserritarrak: «Badugu lan bat egiteko, pedagogikoa: gure bezeroak dira, baina baita herritarrak ere, eta, lotura berriz sortzeko, bada lan bat egiteko: erran nola lan egiten dugun, non bizi garen...».

Sainte-Mariek, esaterako, urtean behin bere bezeroak gonbidatzen ditu baserrira: ateak irekitzeko jardunaldi moduko bat egiten du. «Non eta nola bizi naizen erakusten diet, nola lan egiten dudan, eta batzuk beti etortzen dira: ez dut izan nahi merkantzia saltzaile hutsa; nahi dut harreman bat izan dadin gure artean». Horrez gain, Sainte- Marie ELB sindikatuko arduraduna da, eta Euskal Herriko Laborantza Ganberan ere aritzen da lanean, eta horrek antolatzen du Lurrama azoka: «Ohartzen gara badela muga hori, fisikoa eta mentala: bi mundu horien artean lotura egiteko, ez dezaten errealitatearen kontaktua gal».

 

 

 

«Ez da erraza buelta ematea baserriaz ematen den irudi bukolikoari»



Garikoitz Nazabal Zaldibia

Kontratua ez ziotela berrituko jakiterakoan, fabrikako lana utzi eta baserrian profesionalki aritzea erabaki zuen Garikoitz Nazabalek (Zaldibia, Gipuzkoa, 1984); hamar bat urte dira ordutik. Ezagun baten seme-alaben testuliburuetan ikusitakoak harritu zuen Nazabal: «Bi orri eskaintzen zizkion nekazaritzari eta abeltzaintzari, eta irudiak ziren cowboy bat eta aireplano bat, herbizidak edo jakin ezazu zer botatzen».

Askotan pentsatu izan du jendearen komentarioak entzutean: «Zein gertu eta, aldi berean, zein urrun». Testuliburuetan ez ezik, telebistan baserriaz ematen duten irudia ere ez zaio iruditzen oso lagungarria: «Erromantizismo bukoliko moduko batez lantzen dute gaia maiz, eta ez da erraza horri buelta ematea».

Baserri munduaren inguruko ezjakintasuna agerikoa da, Nazabalen iritziz: «Arinkeriaz jarduten dute gure sektoreaz, bizimoduaz, egunerokoaz... Zenbait galdera egiten dizkigutenean konturatzen gara ez dutela ideiarik ere zertan aritzen garen». Galderak soilik ez, baita komentarioak ere, aurreiritzietan oinarrituak guztiak. «Duela urte batzuk, zenbait hiriburutan taldeak osatu, eta sektoreaz galdetu zieten, eta ikuspegi oso desberdinak zeuzkaten: batzuek uste zuten mandoarekin aritzen garela beti, abarkak kendu ere egin gabe; besteek, aldiz, cowboy gisara irudikatzen gintuzten». Ez bata, ez bestea, haren esanetan.

«Deigarria egiten zait kontraesan handi bat: ikusten badute baserritar bat modernizatuta, gaizki hitz egiten da, adarra joz». Entzun izan ditu «agropijoa» eta antzeko hitzak, belarra segarekin ez baizik traktorearekin ebakitzeagatik. «Gizarte eredu honek baserriarekiko lotura gertukoa du askotan, baina distantzia nabarmena da, kaletartu egin delako». Baserria «hiltzera kondenatu» eta «estigmatizatu» egin dela uste du Nazabalek, eta kalean bizi direnek joera dutela baserrian lan egin eta bizitzeko hautua egin dutenak gutxiesteko.

Nazabalek nabarmendu duenez, Euskal Herrian nekazariek beti izan dute ekoizpena zaintzeko ardura, «zorionez», baita berritzeko nahia ere: «Gure hautua beti izan da kalitatean oinarrituta ekoiztea, bai produktuei, bai animaliei eta bai soroei dagokienez; horrek ez du esan nahi duela ehun urte bezala lan egin behar dugunik: saiatzen gara aurrekoek erakutsitakoari jarraitzen, baina baita gauza berriak probatzen ere».

Pozik dago zenbait saltoki tokiko ekoizleen produktuak saltzen hasi direlako, eskaria egon badagoen seinale. «Askotan erabili dute gure irudia, baina ez gure produktuak: sekulako poza ematen du».

 

 
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.