Guardia zibilak kontalari

Amazon Prime Videok 'El desafío: ETA' dokumental saioa estreinatuko du ostiralean. Erakunde armatuaren historia jasotzen du, zortzi orduan. 83 elkarrizketa egin dituzte.

El desafío: ETA dokumental saioaren fotograma bat. Amazon Prime Video plataformak estreinatuko du. AMAZON.
urtzi urkizu
2020ko urriaren 27a
00:00
Entzun
Nahiz eta kredituetan Hugo Stuven zinemagilea azaldu El desafío: ETA dokumental saioaren zuzendari, bi elkarrizketaturen irizpideen arabera dago eraikia kontakizuna: Manuel Sanchez Corbi guardia zibila —ekoizleek nabarmendu dute haren Historia de un desafío: cinco decadas de lucha sin cuartel de la Guardia Civil contra ETA liburua dela erreferentzia gidoietarako— eta Jose Antonio Zarzalejos El Correoko eta ABCko zuzendari ohia eta saioko zuzendari editoriala—uko egin dio BERRIArekin hitz egiteari—. Dokumental saioa ostiralean estreinatuko du Amazon Prime Videok. BERRIAk lehenago ikusteko aukera izan du.

Plataformako arduradunek eta saioaren ekoizleek Cuerdos de Atar ekoiztetxeak egin du proiektua esan dute «egiaren» bilaketan aritu direla. «Egiatiak izaten saiatu gara, eta inork ezingo digu kontrakoa leporatu. Azaltzen den guztia dokumentatua dago», adierazi zuen Donostiako Zinemaldian Oscar Prolek, Amazon Studioseko Espainiako edukien arduradunak. Ekoizleek adierazi dute ETAren historian espezializatutako ikerketarako kazetari talde bat aritu dela lanean.

Amazonen saioan badira, hala ere, egiazkoak ez diren zenbait datu: Barbara Duhrkopek, Enrique Casas PSOEko politikariaren alargunak aipatzen du ETAk hil zuela haren senarra. Komando Autonomo Antikapitalistek hartu zuten haien gain hilketa—saioan ez da aipatzen handik egun gutxitara, Pasaiako badiako segadan (Gipuzkoa), Espainiako Poliziak komandoetako lau kide tiroz hil zituela—.

Ez da elkarrizketatu baten akatsa beste hau: saioan aipatzen dute Lizarra-Garaziko akordioa sinatu eta egun gutxira ETAk su-eten bat iragarri zuela. 1999. urtea dela jartzen dute hizki larritan, eta 1998ko irailean izan zen.

Irakurketa hutsala litzateke, ordea, zenbait akats edo hanka sartze jakinetan geratzea; izan ere, ikuspuntu baten nagusitasunak definitzen du kontakizuna: demokratak eta biolentoak. Guardia Zibilaren garapena eta haren lana ETAko buruzagien eta komandoen aurka.

Saioak modu kronologikoan egiten du kontakizuna: atal bakoitzaren bukaeran ageri da ETAk zenbat pertsona hil dituen urte tarte jakin batean. Lerroburuetako hitzak, halaber, ez daude kasualitatez aukeratuta: Iluntasuna eta isiltasuna; ETAren goraldia; Sua eta beruna; Negoziaziorako bidean; Erabateko gerra; Amaieraren hasiera; Xake ETAri; eta Soilik mina geratzen da.

Biktimen lekukotzak

Atentatuetan hil zirenen senitarteko ugari ageri dira lekukotza ematen. ETAk adin txikiko bost neska hil zituen Zaragozan (Espainia), eta bost haur Vicen (Katalunia), 1987an eta 1991n, hurrenez hurren. Haur horien senitartekoen lekukotzak ageri dira; baita Hipercorreko atentatuaren biktimenak ere —ETAk 21 herritar hil zituen Bartzelonako merkataritza gune batean, 1987an— .

Lehen atalaren bukaeran, halaber, Mikel Paredesek kontatzen du nola fusilatu zuten Juan Paredes Txiki anaia, Angel Otaegirekin batera, 1975ean. Elixabete Garmendia kazetaria Yoyes-i buruz hizketan ere agertzen da.

Beste kazetari batek, Gorka Landaburuk, etxean jaso zuen lehergailuaren kontakizuna egiten du. Dena den, saioan presentzia handiena duten kazetariak Zarzalejos bera, haren arreba Charo Zarzalejos eta Iñaki Gabilondodira. Egin-en itxieraz mintzo dira Teresa Toda zuzendariorde ohia, Jose Luis Elkoro administrazioko kontseiluko presidente ohia eta Baltasar Garzon epailea. Ez da aipatzen Euskaldunon Egunkaria-ren itxiera eta auzia.

Elkarrizketatutako politikarien artean, Carlos Garaikoetxea eta Jose Antonio Ardanza Eusko Jaurlaritzako lehendakari ohiak eta Espainiako Gobernuko aurreko lau presidenteak daude. GALi buruz ari direnean, Felipe Gonzalezen arabera, «jokabide irregularrak» egon ziren, baina «inoiz ez zen estatu terrorismorik egon». Angel Alkalde HBko diputatu ohiak, berriz, uste du inork ezin duela zalantzan jarri PSOEren buruzagiak zeudela atzean, eta Ipar Euskal Herrian «jazarpen handia» egon zela, «baita ETArekin loturarik ez zutenen aurka ere». Oso tarte txikia du torturaren gaiak: ez dago lekukotzarik.

Pablo Martin Alonso guardia zibilak —asko agertzen da seriean aipatzen du Josu Urrutikoetxearen atxiloketa «ETAren aktibitateen aurkako itxiera ona» dela —iazko maiatzean, Alpeetan—. Saioan ez dute jaso, ordea, Urrutikoetxea baldintzapean libre dagoela uztailetik.

Epilogoa: Soilik mina geratzen da. «Gorroto begiradak desagertu egin dira», dio Gorka Landaburuk. Marta Buesak, Fernando Buesaren alabak, hala dio: «Biktimok memoriaren ekarpena egin dezakegu, baina historia ezin dugu guk egin».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.