Plataformetan dauden euskarazko edukien katalogo bat sortu dute

'Zernonikusi.eus' jarri dute martxan, euskarazko edukiei «ikusgaitasuna» emateko asmoz

Euskarazko audioarekin ikus daitezkeen edukiak zein diren kontsulta daiteke Zernonikusi.eus atarian. BERRIA.
urtzi urkizu
2022ko uztailaren 22a
00:00
Entzun
Interneteko ordainpeko eta doako plataformetan ez dira asko euskaraz ikus daitezkeen edukiak, eta dauden gutxi horiek non ikus daitezkeen jakitea ez da beti erraza. Euskaraz ikus daitezkeen filmak eta telesailak kontsultatu ahal izateko, euskaltzale talde batek Zer Non Ikusi egitasmoa jarri du martxan. Zernonikusi.eus webgunea abiarazi dute asteon, eta bertan katalogatu dituzte doako zein ordainpeko plataformetan dauden euskarazko edukiak, baita zinema aretoetako azken euskarazko lanak ere.

Mikel Eizagirre egitasmoko sustatzaileak iragarri du webgunearen helburua euskaraz ikus daitezkeen ikus-entzunezkoei «ikusgaitasuna» ematea dela. Neska-mutikoen ohituretan eta gurasoek izan ohi dituzten kezketan jarri du arreta, bide batez: «Euskal Herriko haur eta gazteek euskararen gero eta ezagutza handiagoa dute, baina erabilera ez da proportzio berean handitu. Horretarako, pantailetan euskarazko edukiak kontsumitzea ezinbestekoa da». Horiek horrela, gurasoei tresna bat eman nahi diete webguneko katalogoarekin. «Gaztelania, frantsesa eta beste erdaren aurrean, euskarazko ikus-entzunezkoen eskaintza oso urria da, eta gurasoek ez dakite non bilatu behar duten edo zer eduki dagoen euskaraz». Webgunearen bidez, bi galdera nagusiri erantzuna eman nahi diete: zer eta non. «Horrekin, lana errazagoa izango dute hemendik aurrera».

Azkeneko asteetan, zenbait streaming plataforma euskarara bikoiztutako lanak sareratzen hasi dira. «Zenbat eta eduki gehiago euskaraz izan, orduan eta katalogo zabalagoa izango dugu, eta, horretarako, bikoizketa bultzatzea ezinbestekoa da. Euskarazko edukiak plataformetan gehitzen doazen heinean, katalogoak pisua har dezake», gaineratu du Eizagirrek.

Gaur-gaurkoz, egitasmoaren sustatzaileek 107 film katalogatu dituzte: 53 EITBn, 40 Filminen, zazpi Youtuben, bost Rakuten TVn, bost Netflixen, eta bi Amazon Prime Videon. Euskarazko audioa dutenak dira horiek —jatorriz euskarazkoak direnak zein bikoiztutakoak—. «Aurrerago, euskarazko azpitituluak dituztenak gehituko ditugu», azaldu du Eizagirrek. «Azpidatzitakoen kontua desberdina da, horiek kontsumitzen dituztenen profila desberdina delako».

Webgunearen erabiltzaileek akatsen bat aurkituz gero edo proposamenak egin nahi izanez gero, [email protected] helbidera idatz dezakete.

Orozen bideoak, bilduta

Duela aste batzuk, bestalde, Eneko Oroz eduki sortzaileak Zer ikusi euskaraz egitasmoa jarri zuen martxan. Tiktoken, Instagramen eta Youtuben bideo laburrak egiten ditu, azaltzeko zein eduki ikus daitezkeen euskaraz streaming plataformetan —bikoiztutakoak zein azpidatzitakoak—. Pantailakeuskaraz.eus barnean, atal propio batean bildu dituzte Orozen bideo guztiak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.