Iñaki Guridik gidatuko du 'Albiste Faktoria' astelehenetik aurrera

Aldaketa gehiago egin dituzte Euskadi Irratian: 'Mezularia'-ren editorea Oihane Perez izango da

Iñaki Guridik Euskadi Irratiko Albiste Faktoria gidatuko du, astelehenetik ostiralera. EITB.
urtzi urkizu
Donostia
2020ko irailaren 5a
00:00
Entzun
Aurreko denboraldiaren bukaeran, Maite Artolak iragarri zuen ez zuela Albiste Faktoria gidatzen jarraituko —zazpi urtez aritu da zeregin horretan—. Artola astelehenean itzuliko da mikro aurrera, baina, denboraldi honetan, Goizak gaur 13:00etako albistegia gidatuko du. Albiste Faktoria-ren gidaria, berriz, Iñaki Guridi kazetaria izango da astelehenetik aurrera. Euskadi Irratiko albistegietako kazetari eta editore lanetan aritu da urte luzez Guridi, eta taldeko ardura postuetan ere bai: EITBren irratietako zuzendariordea izan zen.

Beste aldaketa batzuk ere egin ditu Euskadi Irratiak albistegietan: Mezularia-ko editorea Oihane Perez izango da aurrerantzean. Lurdes Arrizabalagak, berriz, gaueko Egun bete albistegia gidatuko du. Eta asteburuetako albistegien editore nagusia Igotz Alkorta izango da.

Manu Etxezortuk jarraitu egin go du Faktoria Magazina irratsaioaren gidaritzan. Maider Segurolaren eta beste esatari batzuen laguntza izango du. Kolaboratzaileen artean, hauek egongo dira: Josu Goikoetxeak poesia jarriko dio gertatzen denari; umorez jardungo du Fede Badiolak; Julen Bazek berrikuntza eramango du saiora, eta ohiko sukaldaritza dema ez da faltatuko; zenbait gauza debalde direla azalduko dute Aritz Brantonek eta Amaia Urberuagak; ekonomia kontuak plazaratuko dituzte Olaia Martiarenak eta Jon Bernat Zubirik; Oskar Estangak kanta «pertsonalizatuak» kantatuko ditu; eta Iñigo Etxezarretak playlist kutunak eramango ditu.

Baipasa arratsaldeko magazinak jarraitu egingo du, Olaia Urtiagaren eskutik —urtarrilean estreinatu zuten—. Asteburuetan, Amarauna saioan, Nagore Telleria esatari gidariak Gorka Otaegi, Arantxa Arza eta Unai Urreaga izango ditu laguntzaile.

Musika saioak ere ez dira faltako denboraldi honetan: Jon Basagurenek Zidorrean egingo du; Joseina Etxeberriak, Kantu kontari, eta Asier Leozek, Portobello.

'Boulevard'-en, Ander Arzak

Radio Euskadin, Dani Alvarezek Boulevard utziko zuela iragarri zuen aurreko denboraldiaren bukaeran. Ander Arzak kazetariak hartuko du haren tokia goizeko irratsaioan.

Gauetako Ganbara saioa, berriz, berritu egingo dute. Ainara Torrek gidatuko du. Ganbara de cerca ataleko solasaldi sakonaz gain, tertulia tradizionala ere egingo dute, kolaboratzaile talde berriarekin.

Arratsaldetan, Eli Legardak Vivir para ver solasaldi «lasaia» gidatuko du; Kike Martinek eta Felix Linaresek Iflandia kultur saioa aurkeztuko dute; eta, ondotik, Graffiti saioa helduko da.

Asteburuetan, Más que palabras saioa kalera irtengo da maiz, Roberto Mosoren eta Ander Iribarren eskutik. Julian Diaz Alonsok De la piel del diablo atal berria egingo du. Aktualitatea lantzeaz Jose Luis Fonseca arduratuko da. Irratsaio horretan arituko da Goizalde Landabaso ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.