BERRIAk zuzenean emango du sanferminetako txupinazoa bihar

Iruñeko jaiei buruzko webgune berezi bat egongo da. Hamaikak 'Zapi gorria' saioa egingo du

Sanferminzaleek zapi gorriak altxatuko dituzte bihar eguerdian Iruñean. IÑIGO URIZ / FOKU.
urtzi urkizu
2018ko uztailaren 5a
00:00
Entzun
Irratiz, telebistaz eta Internetbidez ikus-entzun ahalko da bihar sanferminetako txupinazoa. BERRIAk bere webgunean emango du txupinazoa, zuzenean, eta 11:00etan hasiko du emankizuna. Berria telebistako irudiekin batera, Euskalerria Irratiaren irratsaio bereziaren audioa entzungo dute kazetako webgunearen bisitariek; Juan Kruz Lakasta eta Reyes Ilintxeta irrati esatariak Miserikordia etxetik ariko dira kontakizuna zuzentzen, eta Pello Argiñarena udaletxe barnean egongo da elkarrizketak egiten. Besteak beste, Pamplonesaren, Duguna udal dantza taldearen, erraldoien konpartsaren, Herri Sanferminetako kideen eta Motxila 21 taldeko kideen hamaiketakoekin egingo dituzte konexioak. Beleixe irratiak bat egingo du saioarekin, 11:00etan, baita Euskal Irratiek ere, 11:50ean hasita.

ETB1 eta La1 kateetan ere 11:00etatik aurrera ikusi ahalko dira txupinazoaren aurreko eta osteko irudiak.

Larunbatetik aurrera, bestalde, sanferminetako askotariko edukiekin informatu eta disfrutatu ahalko da. BERRIAk, esate baterako, webgune berezi bat prestatuko du; bertan irakurri ahalko dira entzierroen kronikak, paperean argitaratzen diren testu guztiak, zutabeak, erreportajeak eta elkarrizketak, eta argazki bildumak ere ikusgai izango dira. Larunbatean, prozesioaren inguruko bideo bat egingo dute, eta igandean, German Rodriguezen omenezko ekitaldiei buruzko beste bideo bat.

BERRIAko kazetariak sare sozialetan ere ariko dira jaien kontakizuna egiten, #sfk18 traola erabiliz.

Euskalerria Irratiak hilaren 7tik 13ra Sanfermintza irratsaioa egingo du Herri Sanferminen jai gunetik, 12:00etatik 14:00etara—Xaloa telebistarekin elkarlanean—. Saioko gidariak Pello Argiñarena, Txari Eleta, Saioa Alkaiza eta Juan Kruz Lakasta izango dira. Elkarrizketatuen artean, berriz, Joseba Asiron Iruñeko alkatea, Maria Solana Nafarroako Gobernuko eleduna eta Ainhoa Aznarez Nafarroako Parlamentuko presidentea. Peñetako ordezkariak, txistularien alardeko musikariak eta zezenketen aurkako taldeetako ordezkariak ere arituko dira saioan.

Hamaika eta EITB

Telebistako emankizunei dagokienez, Hamaikak Zapi gorria saioa egingo du. Bihar izango da lehen emanaldia, eta datorren astean, astelehenetik ostiralera emango dute, 21:00etan. Bi zati izango ditu programak: aurrenekoa Edurne Senosiainek aurkeztuko du, eta bigarrena, Anabel Arraizak. Askotariko ekitaldietan ibiliko da Arraiza. Saio bakoitzean gai bat landuko dute. Bihar, jaien hasiera izango da ardatza.

ETB1en, Sanferminak 2018 saioa aurkeztuko du Ilaski Serranok larunbat, astelehen eta astearte gauean (22:00). Eguneko unerik onenak bilduko dituzte, eta, ondoren, emanaldi berezi bat izango da ikusgai. Lesakako (Nafarroa) sanferminen berri ere emango dute.

Entzierroak TVEk emango ditu goizero, ohiko moduan. Euskadi Irratiak Pamplonesaren dianak zuzenean emango ditu goizean goiz, eta, ondoren, entzierroak, Iñaki Elortzarekin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.