Afganistanen 287 hedabide itxi ditu talibanen gobernuak iazko udatik

Emakume aurkezleek aurpegia estalita azaldu beharko dute gaurtik Afganistango telebistetan

Zahra Joya Afganistango Ruksahana Media elkarteko zuzendariak bere herrialdea utzi behar izan du. KAI FORSTERLING / EFE.
urtzi urkizu
2022ko maiatzaren 21a
00:00
Entzun
Iaz, nazioarteko tropek Afganistandik ihes egin zuten, Axraf Ghani presidentea ere ihesi joan zen, eta talibanek hartu zuten herrialde horretako gobernua. Giza eskubideen aurkako urraketa ugari gertatu dira orduz geroztik Afganistanen. Tartean, prentsa askatasunak nabarmen egin du okerrerantz: Afganistango Kazetari Libreen elkarteak jakinarazi duenez, iazko abuztutik hona 287 komunikabide itxi dituzte.

Hedabideen itxieraren eraginez, 6.000 kazetari baino gehiago lanik gabe gelditu dira. Ez hori bakarrik: elkartearen arabera, azkeneko hilabeteetan ugariak izan dira kazetarien eta hedabideetako langileen kontrako indarkeriazko erasoak.

Farhad Behruz Afganistango Kazetari Libreen erakundeko zuzendariordeak esan duenez, milaka kazetarik herrialdea utzi behar izan dute. Azkeneko urtebetean, bestalde, 122 kazetariri egin diete eraso indarkeriaz. Behruzek proposatu du batzorde bat sortzea komunikabideen aurkako erasoak ikertzeko. Kazetarien lanaren jazarpena salatu du, bide batez, eta mehatxuak asko ugaritu direla azaldu.

Egoera politikoa ulertzea funtsezkoa da egoera zertan den azaltzeko. Behruzek ohartarazi du boterean talibanak egotea dela arazorik handiena. Horri gehitu behar zaizkio herrialdeko komunikabide askoren arazo ekonomikoak, eta kazetari lana egiteko segurtasunik eza.

Andre kazetarien egoera

Afganistango kazetari gehienen egoerak egin du okerrerantz azkeneko urtean, bereziki emakumeenak. Egunotako berria da: talibanen gobernuak agindu du telebista kateetan emakume aurkezleek aurpegia estalita agertu beharko dutela —soilik begiak izan ahalko dituzte agerian—. Dekretua gaur jarriko da indarrean.

Kazetari emakume asko erbestera joan dira. Ruksahana Media Afganistango kazetari emakumeen erakundeko zuzendaria da Zahra Joya, eta berriki Valentzian izan da (Herrialde Katalanak)—Valentziako kazetarien elkarteak prentsa askatasunaren saria eman dio—. Joyak salatu du emakume kazetariak desagertzen ari direla Afganistango eremu mediatikotik: «Kasu askotan, emakumezkoak izateagatik». Nabarmendu du «bereziki mehatxatuak» daudela andre kazetariak bere herrialdean.

Joyak berak sortu zuen Rukhsana Media elkartea, 2020ko azaroan, Afganistango emakumeen istorioak kontatzeko helburuarekin. Iaz talibanak gobernura iritsi zirenean, elkarte horretako emakumezko kazetari gehienak erbestera joan ziren —«erailak izateko arriskuan zeuden»—, eta gaur egun kazetari lanean ahalegintzen ari dira beste herrialde batzuetan. «Genero ikuspegia» lantzen ari dira beren jardunean. «Afganistanen, oraintxe, informazioa patriarkala eta androzentrikoa da: gizonek erabakitzen dute zer den albiste, eta nola eman behar den informazioa», azaldu du Joyak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.