Telebista kontsumoak gorantz egin du nabarmen azkeneko egunetan

Igandean, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, herritarrek 318 minutuz ikusi zuten telebista

Bi herritar, meza entzuten. Igandean, ETB1eko mezak %15,4ko ikusle kuota izan zuen. CHEMA MOYA / EFE.
urtzi urkizu
Donostia
2020ko martxoaren 18a
00:00
Entzun
Azkeneko egunak ezohikoak izan dira informazio kontsumoari dagokionez. Herritarrek adi jarraitu dituzte koronabirusaren eraginez hartu dituzten neurriak. Eta horrek egunkarietako webguneen bisitari kopuruak eta albistegietako ikusle datuak handitu ditu. BERRIAren kasuan, esate baterako, joan den ostegunean, Euskal Herri osoko ikastetxeak itxiko zituztela jakin zen egunean, 35.439 bisitari izan zituen webguneak. Albiste hori eman zenean, 13.000 bisitari baino gehiago izan ziren ordu bakar batean. Joan den aste osoan, halaber, egunero 25.000 herritarrek baino gehiagok erabaki zuten BERRIAren webgunea bisitatzea.

Telebista kontsumoak nabarmen egin zuen gorantz asteburuan. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, joan den asteko asteazkenean herritar bakoitzak 199 minutu pasatu zituen telebistaren aurrean; larunbatean, 294 minutuz aritu zen; eta, igandean, 318 minutuz aurreko igandean baino ordubete eta hemezortzi minutu gehiago.

ETBri dagokionez, joan den aste osoan, astelehenetik igandera, ETB2k %11,4ko batez besteko ikusle kuota bereganatu zuen;ETB1ek, berriz, %1,3koa —otsaileko batez besteko kuota %1,7koa izan zen—.

ETB2ko albistegiek eta En Jake saioak sekulako datuak izan dituzte azken astean: igande eguerdiko Teleberri-k %29,4ko ikusle kuota izan zuen —2009. urtetik gehien ikusi den Teleberri izan da—. 434.000 lagunek ikusi zuten uneren batean. Azkeneko egunetan Teleberri-k %26ko batez besteko kuota izan du. ETB1ek, berriz, koronabirusaren inguruko saio bat emango du gaur, 22:30ean Klaudio Landak gidatuta.

Operadoreen eskaintzak

Koronabirusak eragindako egoera dela eta, telekomunikazio eta ordainpeko plataforma ugari eskaintza bereziak egiten ari dira egunotan. Euskaltelek, adibidez, ordainpekoak diren zenbait kanal doan eskainiko dizkie bezero guztiei: haurrentzat direnak—Panda, Disney Junio eta Disney XD— eta zinemako kate berezi batzuk ere bai —Sundance TV, Xtrm, Somos eta Dark—.

Movistarrek, berriz, herritar guztiei eman die aukera Movistar+Lite plataformako edukiak doan ikusteko, apirilaren 30a arte. Bertan erregistratuz gero, #0, #Vamos, Movistar Series, Movistar Seriesmanía, FOX, TNT, Comedy Central, AMC, Disney Jr, Disney XD, Disney Channel, Nick Jr, Nickelodeon, Cartoon Network, Panda eta Baby TV kanalak ikus daitezke doan. Baita Movistar+en bestelako eduki ugari ere.

Filmin ordainpeko plataformak euskarazko kanal bat du, 40 film baino gehiagorekin. Egunotan, halaber, Canal Cuarentena sortu du, berrogeialdian ikusteko filmak proposatuz. Plataformak iragarri du datozen egunetan euskarazko film gehiago sartuko dituela katalogoan: Muga deitzen da pausoa, Urte berri on, amona!, Lurralde hotzak, Zauriak eta Hiru uhinak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.