ETB2k 'Lingo' lehiaketa emango du arratsaldero, maiatzaren 2an hasita

Formatu horrek arrakasta handia izan du nazioartean, eta hamazazpi herrialdetan eman dute

Lingo saioak arrakasta handia du nazioartean, eta ETBk gaztelaniaz emango du. ETB.
urtzi urkizu
Donostia
2022ko apirilaren 23a
00:00
Entzun
Hiru bikote aurrez aurre, joko panelaren atzean ezkutatzen diren hitz misteriotsuak topatu nahian. Hori da Lingo lehiaketaren muina, sinplea bezain kateatzailea. Hiru fasetan, lehiakideek euren trebetasun mentala eta hitzen inguruko jakintza erakutsi behar dute. Bosgarren saiora iristean, bikote batek bildutako zakua eraman ahal izango du etxera. Lingo lehiaketak arrakasta lortu du munduko hainbat herrialdetan, eta ETB2 kateak maiatzaren 2an estreinatuko du gaztelaniazko bertsioa. Astelehenetik ostiralera emango dute, 17:50ean.

Berrikuntza horrek aldaketa bat eragingo du ETB2ko arratsaldeko programazioan: Nos echamos a la calle magazina laburragoa izango da —ordu horretan hasi ohi da—. Programazioan eutsiko dio, edonola ere.

Lingo lehiaketaren aurkezlea Aitor Albizua izango da. Hain zuzen ere, denboraldi honetan ETB2ko Nos echamos a la calle saioa aurkezten aritu da.

ETBk Donostiako estudioetan grabatuko du lehiaketa. Horretan bi ekoiztetxe arituko dira: New Digital Media Euskadi eta Unicorn Content TV.

Formatua IDTVk sortu zuen, eta lizentzia All3Media Internal-ena da. Lapurdin, Nafarroa Beherean eta Zuberoan France2 katean ikusi ahal izan zuten Lingo-ren bertsioa zenbait urtez —Motus izena zuen Frantziako bertsioak, eta Thierry Beccarok aurkezten zuen—. Beste herrialde hauetan ere egokitu dute, besteak beste: Kanadan, Alemanian, Portugalen, Herbehereetan, Erresuma Batuan, Ameriketako Estatu Batuetan. CBS AEBetako telebista kateak iragarri du lehiaketa emango duela laster, RuPaul aurkezlearekin.

ETBk nabarmendu du eduki «linguistikoetan» eta «didaktikoetan» sartzen dela Lingo. Familia osoarentzat da. Teknologia berriek ematen dituzten aukerak baliatuko dituzte, bidenabar, saioko probak erakargarriago egiteko.

ETB2ko lehiaketan parte hartu nahi duten herritarrek bi aukera dituzte: 645-76 73 57 telefono zenbakira deitu edo [email protected] helbidera idaztea.

Hiru erdaraz, bat euskaraz

Euskal Telebistak maiatzetik aurrera, beraz, hiru lehiaketa izango ditu gaztelaniaz: Atrápame si puedes —asteburuetan ere ematen dute—, Esto no es normal eta Lingo.

Gaztelaniaz hiru, eta euskaraz bakarra. ETBk euskaraz duen lehiaketa bakarra Zurekin bat da: astelehenetik ostegunera ematen du ETB1ek, 21:30ean. Ainhoa Etxebarriak aurkezten du programa, eta aurtengoa du lehen denboraldia; lau urtez ez zen euskarazko lehiaketarik izan ETBn.

Zurekin bat-ek martxoaren 16an banatu zuen orain arteko zakurik handiena: 51.198 eurokoa. Sari handiagoak eman zituzten ETB2ko bi lehiaketetan, aste batzuk lehenago: 160.000 eurokoa Atrápame si puedes-en; eta 162.900 eurokoa Esto no es normal-en.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.