Galizierazko egunkari egitasmoak 3.000 harpidedunen xedea lortu du

Urrian hasiko dira probatan, eta urte aldaketaren bueltan argitaratuko dute lehenbiziko alea

Egunkariaren bultzatzaileak, Galiziako Legebiltzarrean. Costa seigarrena da, ezkerretik. XAN MURAS / SERMOS GALIZA.
Edu Lartzanguren.
2019ko urtarrilaren 24a
00:00
Entzun
«Lortu ditugu abiapuntua izango diren 3.000 harpidetzak, egitasmoari ekiteko kanpoko dependentziarik gabe», esan du Xoan Costa Sermos Galiza astekariko administrazio kontseiluko buruak. Iragarri duenez, urte aldaketaren bueltan papereko egunkaria izango du galizierak. «Orain egunkaria zehaztuko dugu, eta kazetariak kontratatzeko formulak aztertuko ditugu».

Iazko martxoan jarri zuten martxan egitasmoa. Martxorako, 900 akziodun lortuak zituzten, eta harpidedun gisa 3.000 pertsona ziurtatzeko erronka bota zioten Galiziako gizarteari. Printzipioz, uztailaren 31rako epea jarri zioten euren buruei, baina, Costak azaldu duenez, ez da erraza izan, «prentsak Galizian duen egoeragatik». Izan ere, 2010. urtean A Nosa Terra astekaria bertan behera utzi zutenetik, paperezko agerkaririk gabe geratu zen herrialdea, Sermos Galiza bi urte geroago agertu arte. Bi urteko hutsuneak «irakurle galera izugarria» eragin zion galizierari, Costaren arabera.

Izenarekin oztopoak izan dituzte. Egunkariari O Diario Galego jartzea zuten buruan, baina Espainiako Marka eta Patenteen Bulegoak galarazi egin die, komunikazio talde handi batekEl Diario Gallego izena erregistratua duela eta eurena «horren itzulpena» zela argudiatuta. Sermos O Diario Galego (Izan gaitezen Galiziako Egunkaria) eta beste hainbat izen erregistratzeko eskaera egin dute azken hilabeteotan. «Kanpaina ez dugu izenean oinarritu, baizik eta ideian: galizierazko egunkari bat behar dela, eta paperezkoa izan behar duela», esan du Costak.

Abendu-urtarrilerako

Izenak gorabehera, egitasmoaren gainerako ezaugarriei eusten diete: 32 orrialde izango ditu egunkariak, denak koloretan, eta asteartetik larunbatera aterako da plazara. Larunbatetan, beste 32 orriko asteburuko gehigarria izango du barruan, egun astekari gisa argitaratzen duten Sermos Galiza, alegia. Urtean 258 egunean egongo da galizierazko egunkaria, baina Interneteko bertsioa egunero berrituko dute. Lau atal izango ditu egunkariak: Herrialdea, Mundua, Kultura eta Agenda. Izan ere, «zeharkako» egunkaria egin nahi dute, sail zurrunik gabea. Ekologia, feminismoa, askatasun zibilak eta hizkuntza landuko dituzte.

Gaur-gaurkoz, Galizian ez dago, Sermos Galiza astekariaz gain, galizierazko beste kazetarik paperean.

Costak azaldu duenez, 3.000 harpidedunak hasiera baino ez dira. Izan ere, orain arte gizabanakoengana bakarrik jo du taldeak. Orain, elkarte, taberna, denda, liburutegi eta bestelakoetara joko dute. «Badakigu tarte handia dugula oraindik».

Urrian hasiko dira praktikatzen. Zero zenbakiak osatuko dituzte azaroan, inprimatu gabe. Eta lehen zenbakia abenduaren amaieran edo hurrengo urtarrilaren hasieran plazaratzea espero dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.