TF1 eta M6 kateek negoziazioak hasi dituzte bat egiteko helburuarekin

Bi telebista pribatuen artean Frantziako publizitate merkatuaren %70 inguru bereganatzen dute

Jacques Essebag Arthur ekoizlea eta Gilles Pelisson TF1eko zuzendari nagusia, 2019an. LUDOVIC MARIN / EFE.
urtzi urkizu
2021eko maiatzaren 19a
00:00
Entzun
Frantziako telebista pribatuaren konpainia handienek bat egingo dute, eta merkatuan kasik monopolio bat sortuko dute. TF1 eta M6 kateek eta Bouygues eta RTL Group taldeek iragarri dute negoziazioei ekin dietela, eta bat egitea datorren urtearen bukaeran amaituko dutela. Kontuan hartu behar da doako telebistako publizitate merkatuaren %70 bereganatzen dutela TF1 eta M6 kateen artean.

Frantzian ikus-entzule datuetan liderra da TF1 katea, aspaldidanik. Lurreko telebista digitalaren zabalkundearekin, konpainiak beste kate batzuk sortu zituen: gaur egun, TF1 jeneralistaz gain, beste lau kate ditu irekian; ordainpeko beste lau gaikako kate, eta edukien bi plataforma Interneten. Konpainiaren negozio bolumena 2.100 milioi eurokoa da.

M6k, berriz, hamahiru telebista kate ditu, hiru irrati eta 30 hedabide digital. Irratien artean, nabarmentzekoa da RTL kateak lidergoa duela irrati pribatuen artean. Bere irratsaio guztiak podcast bidez entzun daitezke, eta Belgikako eta Flandriako eskualde batzuetan ere entzuten da FM bidez. Alemaniako Bertelsmann talde handiak kontrolatzen ditu M6ren akzioen ia erdiak, RTL Groupen bitartez. Edonola ere, Bertelsmannek urte honen hasieran iragarri zuen M6n dituen akzioak saltzeko asmoa zuela.

Sortuko den talde handi berrian, Bouyguesek kontrolatuko ditu akzioen %30, eta akziodun nagusia izango da. Bigarrena izango da RTL Group: akzioen %16 bereganatuko ditu.

Bat egiteko, Frantziako telebistaren kontzentrazio legeei aurre egin beharko diete, eta erakunde arautzaileen baimena beharko dute.

Sortuko litzatekeen irrati-telebista talde berriak 3.400 milioi euroko fakturazioa izango luke. Operazioak urtean 250-300 milioi euroren sinergiak eragingo lituzkeela adierazi dute bi taldeek. Ez dute azaldu, ordea, lantaldeekin zer gertatuko den edo kaleratzerik egongo den.

Iragarri dutenez, litekeena da negoziazioek hemezortzi hilabete irautea. Epe horretan, telebista kate bakoitzak bere markarekin eta nortasun propioarekin jarraituko du. Negoziazioek fruituak emanez gero, Nicolas de Tavernost izendatuko dute bat egitetik sortuko den taldearen zuzendari nagusi. 21 urte daramatza Tavernostek M6 kateko presidente karguan. TF1eko zuzendari nagusi Gilles Pelisson, berriz, Bouygues taldeko zuzendari albokoa bilakatuko da. Bat egingo balute, Frantziako telebista pribatuaren erabateko nagusitasuna izango luke talde berriak.

AEBetako mugimenduak

TF1 eta M6 telebisten iragarpena iritsi baino ordu batzuk lehenago, AEBetako AT & T konpainiak eta Discoveryk herenegun iragarri zuten bat egingo dutela. Ikus-entzunezkoen erraldoi bat sortuko dute, eta streaming plataformen lehian sartuko dira. Baliteke laster bat egite gehiago etortzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.