Euskadi Irratiak izen-abizen berekoak elkartuko ditu 'Beste ni'-n

'Faktoria magazina'-ren barnean, nazioarteko errezetak erakutsiko dituzte tarte berri batean

Udan Euskadi Irratian arituko diren esatarietako batzuk, Miramongo egoitzan, Donostian. EITB.
urtzi urkizu
Donostia
2021eko uztailaren 1a
00:00
Entzun
Hamabost urtez klasiko bihurtu da Euskadi Irratiko Bihotzeko fonoteka emankizuna, baina aurten ez dute halakorik egingo, eta saioak atseden hartuko du. Hala ere, askotariko edukiak entzungo dira euskarazko kate publikoaniraila bitartean. Berrikuntzen artean, Arantxa Iturbek eta Nekane Peñagarikanok Beste ni irratsaioa gidatuko dute, uztailaren 19tik abuztuaren 15era bitartean —Frantziako Tourra amaitu, eta Espainiako Vuelta hasi bitartean, alegia—. Arratsaldero, 16:00etatik 17:00etara, izena eta lehen abizen bera duten euskaldunak elkartuko dituzte solasaldi batean. Peñagarikanok iragarri du Oskar Estanga bertsolaria eta Oskar Estanga trikitilaria elkartuko dituztela solasaldi horietako batean, esate baterako. «Batzuetan, izen bereko hiru lagun ere elkartuko ditugu», esan du esatariak.

Goizetan ere izango da berrikuntzarik: Faktoria magazina-ren barnean —udan Gorka Otaegik hartuko du gidaritza—, Sabel travel tartea estreinatuko dute. Atal horretan, munduan barna bidaiatuko dute, sukaldez sukalde, tokian tokiko jakiak eta istorioak ezagutzeko asmoarekin. Astean behin, atzerriko gonbidatu batek bere herrialdeko errezeta prestatuko du sukaldean —entzun ez ezik, ikusi ere ikusi ahal izango da kozinatzen, Instagramen, Youtuben eta Euskadi Irratiaren webgunean—. Faktoria-ko albistegien tartean, bestalde, Iñaki Guridik gidaritza txandakatuko du Oihane Yustosekin eta Eider Bilbaorekin.

Iazko udan bezala, Alaia Martinek Herritmiak irratsaioa gidatuko du, 20:00etan —aste honetan eta hurrengoan emango dituzte hamar atal berriak—. Euskal Herriko herriak eta haien taupadak ezagutzeko emankizuna da Herritmiak. Eta Zubiak saioaren 40 atal berriro emango ditu irratiak, uztailaren 12tik aurrera.

Baipasa saioa, berriz, Blaipasa bilakatuko da udan, eta Unai Giradik aurkeztuko du.

Asteburuetan, Nagore Telleriak eta Unai Urreagak gidatuko dute Amarauna; uda honetan, Osasun etxea-k arreta berezia jarriko du osasun psikologikoan.

Udako ikastaroak

Aurreko urteetan bezala, tarte berezia izango dute udako ikastaroek EITBko irratietan: Euskadi Irratiak kronika labur bat egingo du egunero Faktoria eta Mezularia saioetako albistegietan, eta, astean behin, tarte bat zabalduko dute Faktoriamagazina saioan gai jakinak«patxadaz» aztertzeko. Radio EuskadinEHUren udako ikastaroen laburbilduma emango dute egunero 21:00etan.

Radio Euskadiko goizetan, Entre calles saioak —Mertxe Guillenek gidatuta— Boulevard magazine-ren lekukoa hartuko du. Joseba Martinek eta Makala DJk Terraza del mar saioa egingo dute uztail osoan.

Gaztean, Antton eta Julen Telleriak aurkeztuko dute Dida Fresh goizetako saioa uztailean; abuztuan, berriz, Xabin Fernandezek. EITB Podkast plataformak eskaintza zabala izango du udan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.