Dimisioak RTVEn, Tindufera bidaia bati «betoa» jarri diotelakoan

RTVEk esan du ez dagoela betorik. CCOOk salatu du presio politikoen menpe dagoela RTVE

Tinduf inguruetan (Aljeria) errefuxiatuta bizi diren sahararrak. JUANTXU RODRIGUEZ.
urtzi urkizu
2021eko urriaren 12a
00:00
Entzun
Juan Tato, Guillaume Bontoux eta Sylvia Fernandez de Bobadilla Radio Nacionaleko eta TVEko nazioarteko sailetako arduradunek dimisioa eman dute, protesta gisa, talde publikoko zuzendaritzak kazetari batzuei debekatu egin dielako Tindufera joatea Mendebaldeko Sahararen egoeraren berri ematera. RTVEk ukatu egin du «betorik» egon denik, eta aipatu du lanean ari dela bere profesionalak RTVEren bitarteko propioekin tokira joateko. RTVEk dio «iturri interesatuek» ordaindutako bidaiak onartzea Informazio Estatuaren aurka doala. Fronte Polisarioak argitu du, ordea, ez duela hedabide bakar baten bidaiarik ordaindu, eta egin duen bakarra «alde logistikoa» antolatzea izan dela. Europako hainbat komunikabidetako kazetariak Tindufera joango dira egunotan, Mendebaldeko Sahararen eta Marokoren arteko gatazkaren berri ematera.

RTVE Libre plataformak —taldeko zenbait langile biltzen ditu— zuzendaritzaren aitzakiak gaitzetsi ditu, eta salatu du RTVEk Tindufera joatea galarazi nahi duela, Fronte Polisarioko buruzagi Brahim Galik hitz «deserosoak» egin ditzakeelako Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidentearentzat.

Ildo beretik jo du CCOO sindikatuak, eta zera adierazi du: «Jose Manuel Perez Tornero presidenteak eta RTVEko albistegietako zuzendaritzak erakutsi dute presio politikoak onartzeko prest daudela, eta horiek kazetaritza askatasunez lantzeko eskubidearen gainetik jarri dira». Sindikatuaren arabera, Marokoko Gobernuak lehen mailako informazio gertaera bat «zentsuratu» nahi du, eta, helburu horretan, RTVEko zuzendaritzaren laguntza jaso du.

RTVEko albistegietako kontseiluek, bestetik, babesa eman diete kargua utzi duten kazetariei. «Dimisioa eman dutenen lana eta koherentzia aitortu nahi dugu». Gogorarazi dute Tindufera bidean direla BBC, Associated Press, El País eta La Vanguardia egunkariak eta Europako beste zenbait telebista publiko. «Zoritxarrez, gehiegitan gertatzen da taldeko oinarrizko kazetariek erakusten dutela etxearen duintasuna eta zuzentasuna. Zuzendaritzako arduradunei eskatzen diegu sakon hausnartzeko gertatutakoaz, baita dimisioek duten esanahiaz ere». Halaber, kontseiluek exijitu diete albistegietako zuzendariari eta korporazioko presidenteari azaltzeko zein diren «betoaren benetako arrazoiak». Kontseiluek nabarmendu dute Tindufekoa bezalako erabakiek eragina dutela taldeko kazetarien sinesgarritasunean eta irudian.

Mugarik Gabeko Kazetariek iritzia eman dute aferaz, eta salatu dute «esku sartze politikoa praktika txarra dela». Erantzukizunak eskatu dituzte egindako «akatsengatik». Marokok Saharako kazetariei ezartzen dien «errepresioa»salatzeaz gain, gogorarazi dute jardun horrek «garro luzeak» dituela Espainian.

RTVEko administrazio kontseiluko kide Jose Manuel Martinek eta Roberto Lakidainek presako bilera eskatu dute presidentearekin, aferaz aritzeko.
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.