'Hiru Erregeen Mahaia' 3.000. aldiz igoko dute datorren larunbatean

Euskadi Irratiko kirol saioa Zarauzko malekoian egingo dute etzi, 15:00etatik 20:00etara

Hiru Erregeen Mahaia kirol irratsaioko lantaldea, Zarautzen, emankizun berezi batean. EITB.
urtzi urkizu
2022ko ekainaren 9a
00:00
Entzun
Euskadi Irratian hemeretzi urte daramatzate Euskal Herriko tontor garaiena igotzen asteburu arratsaldeetan: Hiru Erregeen Mahaira, alegia. Kirol irratsaio hori hemeretzigarren denboraldian da, eta larunbatean 3.000. atalera iritsiko da. Zenbaki borobila izaki, zuzeneko emankizun berezia egingo dute Zarauzko malekoian (Gipuzkoa), kostaldeko herrian triatloia egingo dutela baliatuz.

Jon Altunak gidatuko du saioa, 15:00etatik 20:00etara. Gertu izango ditu Haritz Gallastegi, Andoni Urbistondo, Asier Bilbao, Manu Maritxalar eta Naiara Olaizola. Triatloiaren berri emango dute, bestetik, Jon Aranburuk eta Aitor Alberdik.

Askotariko ekitaldiak prestatu dituzte, gainera: lehenbizi, emakumezkoen harri-jasotzaile lehiaketa egingo dute. Esku pilota eta tenisa nahastuta, kirol emanaldi berezi bat egingo dute. Txetxu Urbieta Euskadi Irratiko Kirol buruak argitu du partaideek pilotan jokatuko dutela, «tenis partida batean bezala, baina sarerik gabe». Julian Iparragirre arituko da epaile. «Eta Iparragirre bera omenduko dugu».

Zesta puntak eta erremonteak ere tartea izango dute larunbateko emankizun berezian. Halaber, hainbat kirolari elkarrizketatuko dituzte malekoian egongo den setean: Jagoba Arrasate Osasunako entrenatzailea, Jon Salsamendi Orioko arraun taldearen entrenatzailea, Ainhoa Murua igerilari eta triatleta eta Eneko Llanos triatleta, besteak beste.

Txetxu Urbietak azkenaldian ahotseko arazoak ditu, eta ezin da antenan aritu. Baina urte luzez aurkeztu du Hiru Erregeen Mahaia, eta erronka profesional gisa «sekulakoa» izan dela nabarmendu du. «Kepa Iribar eta biok proiektuarekin hasi ginenean, ez genekien zenbat iraungo zuen. Denborak honaino ekarri gaitu, poliki-poliki». Egonkortu egin da kirol saioa. «Marka ezaguna da, bere nortasuna du», azaldu du Euskadi Irratiko kiroletako arduradunak. «Saioak hor jarraitzen du, eta ematen du entzuleen gustukoa dela».

Urbietaren arabera, saio batek bi gauza egin behar ditu: informatu, eta, aldi berean, entretenitu. «Batez ere hainbat ordu irauten duen saio batean». Iruditzen zaio, gainera, «dakitenengandik ikasi» egin behar dutela. «Eta ondo pasatu». Lau orduz jarraian aritzea ez baita kontu makala. «Jendea informazio hutsarekin aspertu egiten da».

Urte horietan guztietan «oso-oso gustura» sentitu dela adierazi du Urbietak. «Hiru Erregeen Mahaia-k denetarik egiteko aukera eman digu. Asko aberastu nauen saio bat da. Ea laster ahotsaren arazoa konpontzen dugun».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.